euskaraespañol

Kalearen papera nazismoan

UPV/EHUko doktore Jesus Casquetek Hitlerren gorakadarako funtsezko ordena indar izandako Eraso Tropen papera aztertu du

  • Albisteak

Lehenengo argitaratze data: 2017/06/09

Irudia

Zer izan ziren Sturmabteilung (SA) edo Eraso Tropa nazitarrak? Noiz sortu ziren SAk? Zer nolako papera izan zuten Hitlerren gorakadan boterera iristeraino? Honelako galderak egin ditu UPV/EHUko irakasle Jesus Casquetek Alemaniako historiografian sakonean ikertua izan ez den mugimendu bat ikertzerakoan. "Los nazis a pie de calle. Una historia de las SA en la República de Weimar" (Madril, Alianza Editorial. 2017) delako lanak mugimendu nazitarraren ‘gudari politikoen' inguruko alderdi ezezagunak bildu ditu.

"Eraso Tropek kaleko borrokaren protagonistak izan ziren Alemanian eta funtsezkoak izan ziren nazien botererainoko gorakadan", adierazi du Pentsamenduaren Historiaren eta Gizarte eta Politika Mugimenduen irakasleak. Honek, artxibategiak, nazien jatorrizko dokumentuak eta garaiko argitalpenak arakatu ditu bere ikerketa aurrera eramateko. "Gizalegearen kontrako talde ekintza honek menderatu beharreko etsaitzat hartu zuen bestea eta, indarkeriaren bitartez, Alemaniako lehen esperientzia demokratikoa hankaz gora utzi zuen", argitu du egileak.

Ordena zerbitzu nazitarraren sorrera, eraso aretoak, Eraso Tropetako kideak babesten zituen aseguru sistema eta ikurren jaiotza (Georg Hirschmann bezala, mugimenduak Munichen izan nuen lehen martiria, eta bakarra) dira Jesus Casquetek ikertu dituen alderdietako zenbait (ezezagunak, batzuk). Hau da, hasiera batean alderdi nazitarraren "Gimnasia eta Kirol Atala" izan zen mugimendu honen lurraren arraseko praktika azaltzen du liburuak; baina, halaber, hiztegia, esaldiak eta egitura errepikatzeraino iritsiko den hitzaldi eta narratiba politikoak -sei urteko aldearekin Hitlerrek (Munich, 1921) eta Goebbelsek (Berlin, 1927) egin zituzten kontaera epikoen kasua bezala, esaterako- egin zuen gezurraren erabilera sistematikoa aztertzen du ere.

Sturmabteilung edo Eraso Tropak Munichen sortu ziren 1920. urtean eta funtsezko papera izan zuten Weimarreko Errepublikaren (1919-1933) desagerpenean. Hitlerren gudari politikoen xede nagusia zen "sozialdemokratak eta komunistak kalean menderatzea, jatorri juduko alemaniarrak beldurtzeari utzi gabe", adierazi du Casquetek. Ikerketa Hitler kantziler izendatzen duten unean bukatzen da, 1933ko urtarrilaren 30ean alegia, SAk beren jatorrizko izateko arrazoia galdu baitzuten hortik aurrera eta beren presentzia bigarren maila batera pasa baitzen.

Testuingurua

Gerra zibileko klima latentea -desmobilizatutako gerrari asko Lehen Mundu Gerra eta gero eta 1929ko krisia, biztanleriaren % 35a eta gazteen % 60a langabezian utzi zuenak- alderdi politikoei loturiko indar paramilitarren garapena sustatu zuen haztegia izan zen. Beren alderdiko ekitaldiak babestea eta propaganda hedatzea zen indar horien zeregina. "SA Hitlerren Langile Alderdi Nazionalsozialistari loturiko taldea izan zen eta pausu bat aurrerago joan zen, etsaien ekitaldi publikoak izorratzen aritu baitzen ere. Argi eta garbi adierazten ez bazuten ere, delitua zelako, gatazka bilatzen zuten aberriaren salbatzaile gisa agertzeko biztanleriaren aurrean", Casqueteren arabera.

Hitlerrek eta bere jarraitzaileek "sakrifizioaren espiritua, nahiaren garaipena eta emozioen erabilera" sustatu zuten, "gudari politikoek" beren bizitza arriskuan jar zezaten aberriaren birsortzearen alde. Baina Eraso Tropek, gainera, "aseguratutako indarkeria" aplikatzen zuten, Jesus Casquetek dioen bezalaxe; hau da, ia ikertu gabe dagoen aseguru sistema bat zuten. "Kide bat baja hartzera behartuta bazegoen kalean sorturiko edo pairaturiko gatazka batean parte hartzeagatik, etsaien ekitaldi politikoren bat izorratzeagatik lesioren bat jasaten bazuten -gaineratu du UPV/EHUko irakasleak-, aseguru baten estaldura zuten. Honela, ez zegoen inolako oztoporik indarkeria jazoeretan parte hartzeko".

Ikerketak bultzatuta, Jesus Casquetek Luisenstadtera egin du bidaia, Berlinen, "Eraso Tropen hilerri nagusia" hartu zuen tokira. Bertan, mugimenduko 22 kide hobiratuta izan ziren guztira eta elizkizunen arduraduna Johannes Wenzel parroko protestantea izan zen, Goebbelsekin harreman estua izan zuena eta erabat ezezaguna zena, orain arte, Alemaniako ikertzaileentzat. Wenzelek osagai erlijiosoz eta politikoz beteriko hileta liturgia sofistikatu bat sortzen lagundu zuen.

Ikerketa, halaber, nazionalsozialismoaren historian gehien ikertua izan den alderdi batean gelditu da ere: antisemitismoan. SA tropekin lotzerakoan, Raul Hilberg historialariaren hausnarketak bere egiten ditu Jesus Casquetek: "Kristau misiolariek ondokoa esan zuten, egiazki: ez duzue gure artean judutar gisa bizitzeko eskubiderik. Horien osteko aginte laikoek ondokoa aldarrikatu zuten: ez duzue gure artean bizitzeko eskubiderik. Eta naziek, azkenik, ondokoa agindu zuten: ez duzue bizitzeko eskubiderik". Jesus Casqueteren hitzetan, "judutarrekiko gorrotoa denbora asko zeraman Alemaniako sektore kontserbadore eta abertzaletan errotua, XIX. mendetik, baina naziek sentimendu hori bere egin, bideratu eta beren kezka guztien erdian kokatu zuten".

Jesus Casquete. UPV/EHUko doktore eta Pentsamenduaren Historiaren eta Gizarte eta Politika Mugimenduen irakasle Euskal Herriko Unibertsitatean, Antisemitismoari buruzko Berlingo Ikerketa Zentroko kide da ere. Graduondoko ikasketak New Yorkeko New School for Social Research eskolan egin eta gero, ikertzaile eta irakasle gonbidatua izan da Wissenschaftszentrum Berlin für Sozialforschung zentroan eta Berlingo Humboldt eta Municheko Ludwig-Maximilian unibertsitatetan. Alexander von Humboldt Fundazioaren bekaduna da ere. Bere ikerketa-ildoek ondoko arloak jorratzen dituzte: soziologia, historia, politika zientzia eta antropologia.