euskaraespañol

«Aukeratu benetan gogoko duzuen hori»

Rubén García medikua eta Ainhoa Quinto epailea, 2010eko selektibitatearen notarik onenak

  • Elkarrizketa

Lehenengo argitaratze data: 2017/06/09

Irudia

2010ean, selektibitateari ‘unibertsitatera sartzeko proba' deitzen zitzaion. Besteak beste, Rubén García Castrok eta Ainhoa Quinto Ollokiegik egin zuten proba hura: urte hartako bi notarik onenak izan ziren, eta orduan garbi zeukaten zer egin nahi zuten. Gaur, zazpi urte geroago, Rubén Dermatologiako espezialitatea ari da prestatzen Salamancan; Ainhoa, berriz Espainiako epailerik gazteena da, eta Bartzelonan ari da trebakuntza bukatzen. Biek ala biek gomendatzen diete etorkizuneko unibertsitarioei eurek erabakitzea zein ikasketa egingo dituzten. "Egin ezazue benetan gogoko duzuen hori", dio Rubének. Ainhoaren esanetan, bestalde, "gazteak dira eta huts egin dezakete".

Nola igaro zenuten Selektibitatea, eta zer-nolako oroitzapenak dakarzkizue?
Rubén García:
Selektibitatea helburu bat zen nolabait, eta, horregatik, urduri egon nintzen, ziurtasunik gabe, larrituta… Eta pentsatzen dut gogoz ere egongo nintzela, baina ez nuen horrela ikusten orduan. Gogoan dut Gaztelania eta Literaturako azterketa bizkor-bizkor bukatu behar izan nuela eta Matematikakoa bereziki txukun egin nuela. Eta gogoan dut uda hura benetan zoriontsua izan zela; izan ere, horrenbeste urtean gogor saiatu ondoren, nire ahalegina saritua izan zen.
Ainhoa Quinto: Egia esan, kirioak dantzan nituen: ikasi, ikasi eta ikasi, ez nuen besterik egiten Orain pentsatzen jarrita, nik uste ez neukala zertan kezkatu: denok ondo prestatuta geunden azterketari aurre egiteko. Gogoan dut oso-oso aztoratuta nenbilela eta egun osoa aldarte txarrean ematen nuela. Behin, gainera, zakarki hitz egin nion irakasle bati, eta zera esan zidan: "Ainhoa, utz iezaiozu behingoz ikasteari, erotu egingo zara eta".

Zer pentsatu zenuen deialdi hartako nota onenetako bat atera zenuela jakin zenuenean?
RG:
"Ezin dut sinetsi". Horixe pentsatu nuen iratzarri nindutenean, logelan sakelakoa eskuan nuela, aho zabalik eta zer esan ez nekiela.
AQ: Asko poztu nintzen; sinesgaitza iruditu zitzaidan. Pentsatu nuen sari ederra lortu nuela urte haietan guztietan egin nuen ahaleginaren truke.

Rubén, Selektibitatearen eta Batxilergoaren artean 9,852ko batez besteko nota lortuta, Medikuntza ikastea erabaki zenuen. Zergatik?
Betidanik izan nituen gogoko Osasun Zientziak, eta ez zen erabaki zaila izan, ez bainuen zalantza handirik eduki. Mediku izan nahi nuen, eta nota ona atera nuen: Medikuntza, beraz! Besterik gabe. Bigarren aukera ugari nituen zerrendan, baina denak ere oso urrun zeuden nire lehen aukeratik.

«Norberak egiten duen horretan zoriontsu izatea da garrantzitsuena»

Ainhoa, zuk, berriz, 13,8ko nota atera zenuen 14tik. Edozein karrera ikasi ahal zenuen, eta Zuzenbidea aukeratu zenuen. Zergatik?
Hain justu ere, edozein karrera ikas nezakeelako erabaki nuen Zuzenbidea ikastea: betidanik egin nahi izan nuen. Irakasle eta ikaskide asko niri asmoa kentzen saiatu ziren, uste baitzuten nire notekin beste zerbait egin nezakeela, baina nik garbi neukan: Zuzenbidea ikasi nahi nuen, eta epaile izan.

Eta zer gomendatuko zeniekete aurten euren etorkizun profesionalari buruz erabakiko dutenei?
RG:
Izan leial zeuen interesei, edozein direla ere. Egin ezazue benetan gogoko duzuen hori, eta ez lan etorkizun arrakastatsua eta bizitza diruduna bermatuko dizuen hori. Norberak egiten duen horretan zoriontsu izatea da garrantzitsuena; bestela, bidea oso neketsua izan daiteke. Har ezazue erabaki bat, izan zaitezte irmo eta kontsekuente erabaki horrekin, bila ezazue babesa hurbilen dituzuen pertsonengan, eta borroka zaitezte hurrengo urteak ahalik eta gehiena ustiatzeko. Hemendik urte gutxira ez zaizue damutuko, seguru nago.
AQ: Ikas dezatela nahi duten hori, eta ez besteek esaten dieten hori. Dena dela, oraindik zer ikasi ez badakite ere, gazteak dira eta huts egin dezakete, eta beste zerbait aukeratu. Ez dugu beldurrik izan behar karrera batean trebeak ez garela onartzeko.

Rubén, nola joan zitzaizkizun ikasketak eta BAME (Barneko Mediku Egoiliar) proba?
Karreran, urte oso onak eta ez hain onak izan ditut; denek bezala, pentsatzen dut. Baina, saiatuz gero, dena lortzen da, eta ikasketak batez besteko bikain notarekin bukatu nituen. Horrela, BAME azterketaren mundu ‘zoragarrian' barneratu nintzen; horren ur sakonetan murgiltzen zarenean, itotzen ari zaren irudipena izaten duzu batzuetan. Lan oso gogorra eginez (BAME egiten duten beste guztiek bezala) eta zorte pixka batekin, 350. postua lortu ahal izan nuen azterketa egin genuen 12.000 hautagai ingururen artetik. Beraz, oraintxe bertan ezin zoriontsuago nago: gustukoen dudan espezialitatea egiten ari naiz, Dermatologia, hiri bizi-bizi eta eder batean, Salamancan.

Eta zu, Ainhoa, zer moduz ikasketetan?
Oso ondo joan zitzaizkidan; zortea izan nuen, bide zuzena aukeratu nuela konturatu nintzelako. Gogor ikasten nuen, eta nota onak ateratzen jarraitu nuen.

«Gure lanari eta ahaleginari eman behar zaio garrantzia»

Orain, bi urtez oposizioak prestatzen aritu ostean, Espainiako epailerik gazteena zara, eta Bartzelonako Epaile Eskolan zaude. Zer moduz?
Nire ametsa bete dut, eta oso pozik nago horregatik. Egia esan, bide oso nekeza izan da, eta oraindik ere kosta egiten zait sinestea. Eta epailerik gazteena izate hori… Ez dakit, baina egia da nire ume aurpegi honekin garbi ikusten dela gaztetxoa naizela. Gustatuko litzaidake besteek ez ezagutzea ni horregatik bakarrik. Epaile Eskolara iristean, denok ontzi berera igo ginen; luzaro aritu gara ikasten, eta orain ikasi egin behar dugu, prestatu. Nire iritziz, gure lanari eta ahaleginari eman behar zaio garrantzia.

Rubén, orain Salamancan zaude, Dermatologiako espezialitatea egiten.
Laburbilduz: poz-pozik nago. Selektibitate "berri eta desberdin bat" gainditu berri banu bezala sentitzen naiz. Irrikaz nago, ikasteko, lan egiteko, laguntzeko eta gogokoen dudan horretan trebatzeko gogoz. Nire herriaren falta sumatzen dut, baina ahalik eta ondoena prestatzea erabaki nuen, nahiz eta horretarako nire sustraiak behin-behinean utzi beharko nituen. Eta uste dut erabaki oso ona izan dela. Ilusioz beterik nago, aukera dudalako proiektu honi beste hiri batean ekiteko, beste jende eta esperientzia batzuekin. Lau urte hauek itzelezkoak izango dira, nik uste.

Zein proiektu dituzue esku artean datozen hilabeteotarako?
RG:
Ospitaleko lan gogorra eta guardiak nire bizitza sozial eta pertsonalarekin bateratzea, eta ez da gutxi. Hizkuntzak ikasten jarraitu nahi dut, kozinatzen (horixe da nire hobby handiena), bidaiatzen eta nire bikotekideaz eta lagunez gozatzen. Espero dut etorkizunak mediku bikaina izateko eta pertsona gisa hazteko aukerak ekarriko dizkidala; bestela, aukera horien bila joan beharko.
AQ: Abendura arte hemen egongo naiz, Bartzelonan. Hortaz, espero dut datorren urtean praktiken fasea hasten denerako beharrezko guztia ikasten jarraitu ahalko dudala, baita esperientzia zoragarri honetaz gozatzen ere.