euskaraespañol

Arkitektura ikasleek hiria suspertzen dute

  • Erreportajeak

Lehenengo argitaratze data: 2017/06/13

Irudia

Arkitektura-ikasleek ikasgelan bereganatzen dituzte beren lanbidea gauzatzeko etorkizunean beharko dituzten ezagutza teorikoak, baina ezagutza horiek praktikan jartzea da lanbideak bere dimentsioa hartzeko modua. UPV/EHUko Arkitektura Goi Eskola Teknikoak hurbileko udalekin, baita estatu mailan ere, elkarlanean dihardu, bertako ikasleek espazioak birpentsatu eta, horrekin batera, ikasgelan ikasitakoa praktikan jartzeko. Berriki, Donostia, Bilbo eta Bermeoko udalek unibertsitate-zentro horri laguntza eskatu diote, ikasleek udalerri horietako hainbat espazio birplanteatu ditzaten.

Zehazki, UPV/EHUko Arkitektura Goi Eskola Teknikoak eta Bermeoko Udalak lankidetza-hitzarmena sinatu berri dute, kostaldeko udalerriaren gune historikoa suspertzeko planaren baitan. Lankidetza-hitzarmen horri esker, hirugarren mailako 120 ikaslek parte hartu zuten ikasketa amaierako lanak garatzeko ideia-lehiaketan, Bizkaiko udalerriko gune historikoan barna banatutako 19 orubeetan. Proiektua Ibon Tellería eta Mikel Larretxe zentroko irakasleek koordinatu zuten. Ikasleak sei lantaldetan banatu eta Bermeoko gune historikoa bisitatu ostean beren proposamenak luzatu zituzten. Proposamen horien artean, 40 bat lan hautatu eta erakusketa bat osatu zen panel eta maketekin, udalerriko Nestor Basterretxea aretoan.

"Mota askotako proposamenak aurkeztu ziren –azaldu du Ibon Telleria irakasleak−, batzuk ausartagoak, besteak apalagoak, baina gehienek Bermeoko gune historikoaren araudia zalantzan jarri zuten; erakutsi zuten badaudela irtenbide interesgarriak, esaterako, barrualdeko patioak espazio publikoan txertatzea, dentsitate handiko eremuan argi naturala bilatzeko fatxadak tratatzea, edo egungo beharrizanei erantzuteko etxe-programak bilatzea". UPV/EHUko Arkitektura Goi Eskola Teknikoko irakasle horren iritziz, halako ekimenak oso positiboak dira ikasleentzat, "benetako kasu bat landu dutelako, arkitektura-osagaiek eremu hain erakargarriak balioan ipintzeko aukera ematen baitute, kostaldeko hiri honen kasuan bezala".

Donostiako Udalak ere UPV/EHUko unibertsitate-zentro horren laguntza eskatu zuen hiriko guneetako bat suspertzeko, Sagueseko gunea, zehazki. Guztira, Arkitekturaren Oinarrietako Graduko 5. mailako 77 ikaslek parte hartu zuten proiektuan, hiriko gune ezaguna birpentsatu eta berregitea helburu. Proposamenak "Sagues: Arkitektura ikasleen begiradak" izeneko erakusketan egon ziren ikusgai, Añarbeko Uren Ponpaketa Estazioaren eraikinean, gunean bertan. Erakusketan 60 panel inguru jarri ziren, eta bertan ezagut zitekeen lekuaren historia, diagnostikoaren eta paisaiaren arkitektura-proposamenen bitartez. Herritarren lekukotzekin egindako bideo bat ere ipini zen. Izaskun Aseginolaza eta Madalen González zentroko irakasleek koordinatu zuten proiektua.

"Arkitektura-ikasleek egindako ariketak Sagues guneari buruzko ikuspegi-sorta interesgarria izan ziren. Ikuspegi horiek Arkitektura Eskolako hirigintza-alorreko ikasgaien oinarri teorikoetan oinarritu dira, hau da, gure ikasleek ideia sektorialak luzatu eta Udalak horiek erabili ahal izango ditu behin betiko proposamenean txertatzeko", nabarmendu du Izaskun Aseginolaza irakasleak.

Oso esperientzia positiboa

Bestalde, Bilboko Irala/Ametzolako Auzo Elkartea UPV/EHUko Arkitektura Goi Eskola Teknikoarekin jarri zen harremanetan, auzoaren 100. urteurrenaren (1917/2017) harira hainbat proiektu elkarrekin garatzeko. Unibertsitate-zentroak berehala erantzun eta, Ramón Barrena eta Alex Mitxelena irakasleen gidaritzapean, 5. mailako 36 ikaslek beren ideia eta proposamenak luzatu zituzten, Bilboko auzo ezagun horretako hainbat gunetan txertatzeko. Ikasleek bertatik bertara ezagutu zituen auzoko aukera-guneak Auzo Elkartearen, Bilboko Udaleko ordezkarien eta Gazteleku taldearen eskutik. "Oso beharrizan anitzak hauteman genituen, esaterako, osasun-zentro bat, kultur-etxe bat, etorkinentzako harrera-gune bat, helduentzako eguneko zentro bat edo gazteentzako kultur-guneak", adierazi dute irakasleek. Proposamenak erakusketa batean bildu ziren, baita laster argitaratuko den liburu batean ere, hiriko udalaren laguntzarekin.

Arkitektura irakasle horiek oso positiboki baloratzen dituzte halako ekimenak. "Errealitate-dosi altua da, inplikazio eta gogo biziagoak eskatzen ditu, gizarte-balioko arkitektura-kontzeptuak ezagutzea esna nahi du, arkitektura herritarrekin eta herritarrentzat egiteko", nabarmendu dute. Ekimenean parte hartu duten ikasleek ere oso balorazio positiboa egin dute. "Oso esperientzia ona izan da. Halako proiektu batean lan egiteak gure etorkizuneko lanbidea ulertzen lagundu eta horren benetako izaerara hurbiltzen laguntzen digu".