euskaraespañol

Medikuntzako ikasleak aktoreekin aritu dira graduko azken azterketan

Ebaluazio Kliniko Objektibo eta Egituratuak (EKOE) etorkizuneko medikuen gaitasun praktikoak aztertzen ditu

  • Albisteak

Lehenengo argitaratze data: 2017/06/14

Irudia

Medikuntza Graduko seigarren mailako 300 ikaslek baino gehiagok egin dute Ebaluazio Kliniko Objektibo eta Egituratua (EKOE), hots, mediku izan aurreko azken proba, gaitzak simulatu dituzten hogei bat aktoreren eskutik. Medikuntza eta Erizaintza Fakultateko dekano Joseba Pinedak nabarmendu duenez, "gure ikasleek izugarrizko heldutasuna erakutsi dute, beren bizitza profesionalean aurkituko dituzten kasu eta egoeretarako dauzkaten gaitasun praktikoak ebaluatzen dituen azken azterketa hau eginda". Proba hau egiteko, Fakultateak 300 irakasleren laguntza izan du.

EKOE proba berariaz diseinatuta dago mediku izango den pertsonaren gaitasun praktikoak eta jokabidea ebaluatzeko. Ikasketak aurten bukatuko dituzten ikasleek hogei egoera klinikori aurre egin behar izan diete —esaterako, anbulatorio bateko kontsultan edota urgentzietan ohikoak izaten diren egoerei—, diagnostikoa egiteko, analisi klinikoak baloratzeko edota pazienteak miatzeko nolako gaitasuna duten frogatzeko. Probak lau ordu irauten du, eta goiz eta arratsaldez egin da, maiatzaren 29an, 30ean eta 31n eta ekainaren 1ean.

Medikuntza eta Erizaintza Fakultateko dekano Joseba Pinedaren hitzetan, "antolakuntza aldetik izugarrizko ahalegina egin behar izan da EKOE probarako, eta hala administrazio eta zerbitzuetako langileek nola Fakultateko irakasleek asko lagundu dute horretan. Haien laguntzarik gabe, ezingo zatekeen ebaluazioa egin. Gainera, azpimarratzekoa da Gurutzetako, Basurtuko, Gasteizko eta Donostiako unibertsitate ospitaleetako irakasle klinikoek eta langile ez-sanitarioek egindako lana, eta ez dira ahaztekoak, halaber, etorkizuneko medikuen aurrean gaitzen bat simulatuz lagundu duten hogei bat aktore horiek ere".

EKOE proba egitea nahitaezkoa da; ikasketa planean jasota dago, eta Medikuntza Gradurako MECESen III. mailarekin bat dator. Ikasleek, ebaluazio hori gaindituz gero, graduko eta masterreko titulazio bikoitza eskuratzen dute, eta, horri esker, berehala sar daitezke doktorego programetan eta ikerketa lanetan.