euskaraespañol

Unibertsitateen G-9 Taldeak udako 8 online ikastaro eskainiko ditu bere V. edizioan

Ikastaroak uztailetik irailera bitartean emango dira, eta izena G-9ren webgunean eman behar da

  • Albisteak

Lehenengo argitaratze data: 2017/06/20

Irudia

Unibertsitateen G-9 Taldeak udako online ikastaroen V. edizioan izena emateko epea zabaldu du. Aurten, denetariko gaiak jorratuko dituzten 8 ikastaro emango dira, uztailetik irailera bitartean.

Aurtengo ikastaroen proposamena "askotarikoa eta berritzailea da, G-9 taldeko unibertsitateen kalitatearen eta haiek hezkuntza irekiarekin daukaten konpromisoaren erakusgarri", esan du Jesús Valverdek, G-9ren Campus Birtual Partekatuaren zuzendariak. "Sareko ikaskuntzari esker, profesionalki eta pertsonalki haz gaitezke, bestelako ikuspegi global eta interkonektatu batetik. Campus Birtual Partekatuaren konpromisoa prestakuntza esperientzia atseginak hautatzea eta eskaintzea da", dio Valverdek.

Honako ikastaro hauek osatuko dute G-9ren 2017ko udako online eskaintza: Literatura digital: presencia, corpus y cuerpo, uztailaren 24tik 30era (Kantabriako Unibertsitatea); Cultura, arte y discapacidad, uztailaren 5a eta 6a (Gaztela-Mantxako Unibertsitatea); El derecho global: una introducción a sus contenidos, irailaren 13a eta 14a (Gaztela-Mantxako Unibertsitatea); Beginners'Fiction: Learning the Craft of Creative Writing, irailaren 4tik 29ra (Balear Uharteetako Unibertsitatea); Una visión global de la psicomotricidad en las alteraciones del desarrollo, irailaren 4tik 7ra (Oviedoko Unibertsitatea); Marie Curie, 150 aniversario de su nacimiento, irailaren 29a eta 30a (Nafarroako Unibertsitate Publikoa); Emprendimiento y liderazgo para la igualdad, irailaren 18a eta 19a (Zaragozako Unibertsitatea).

Zazpi ikastaro horiez gain, eta aurreko edizioetan izandako arrakasta ikusirik, G-9k "Herramientas para el desarrollo de Entornos Virtuales de Aprendizaje (EVA)" ikastaro bateratua emango du uztailaren 24tik abuztuaren 6ra, taldeko 9 unibertsitateetako irakasleen eskutik. Ikastaro horren bidez, gaur egungo ikuspegi batetik azaldu nahi da irakasleek zer-nolako baliabideak dituzten euren gai edo metodologiaren berezitasunei egokituko zaien IIB Ikasteko Ingurune Birtual bat sortzeko, arreta berezia jarriz IIB horien atalik garrantzitsuenean: urrutiko prestakuntzarako plataformak edo eLearning.

Izena emateko

Unibertsitateen G-9 Taldearen webgunean eman behar da udako online ikastaroetarako izena (www.uni-g9.net).

Uztailaren 16ra arteko epea dago uztaileko ikastaroetan izena emateko (dena dela, "Cultura, arte y discapacidad" ikastaroan izena emateko azken eguna ekainaren 28a da), eta abuztuaren 28ra artekoa iraileko ikastaroetan izena emateko.

Ikastaroen prezioa 10 eta 69 euro bitartekoa da. Ordainketa zuzenean egingo da, izena ematean, G-9ren webgunean gaitutako ordainketa pasabide baten bitartez. Ikastaroetako leku kopurua mugatua da. G-9k dagokion ziurtagiria emango du ikastaroak amaitzean. Ikastaro guztien egitarauari eta edukiari buruzko xehetasunak webgunean ikus daitezke.

Unibertsitateen G-9 Taldea, hain zuzen ere, beren autonomia erkidegoan bakarrak diren unibertsitate publikoek osatzen dute: Kantabriako Unibertsitatea, Gaztela-Mantxako Unibertsitatea, Extremadurako Unibertsitatea, Balear Uharteetako Unibertsitatea, Errioxako Unibertsitatea, Oviedoko Unibertsitatea, Euskal Herriko Unibertsitatea, Nafarroako Unibertsitate Publikoa eta Zaragozako Unibertsitatea.

Informazio gehiago: http://www.uni-g9.net/cursos-de-verano