euskaraespañol

Achucarro Basque Center for Neurosciencek instalazio berriak inauguratu ditu

Lehendakariak, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburuak eta UPV/EHUko errektoreak, besteak beste, instalazio berriak inauguratu dituzte

  • Albisteak

Lehenengo argitaratze data: 2017/06/21

Irudia
Itziar Epalza, Mª Carmen Urbieta, Nekane Ballueka, Joaquín Achucarro, Iñigo Urkullu, Carlos Matute eta Cristina Uriarte

Iñigo Urkullu Lehendakariak, Cristina Uriarte Hezkuntza sailburuak eta Nekane Balluerka Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitateko (UPV/EHU) errektoreak, Mª Carmen Urbieta Leioako alkate andrearekin eta Itziar Epalza Euskadiko Teknologia Parkeen zuzendari nagusiarekin batera, besteak beste, ACHUCARRO (Achucarro Basque Center for Neuroscience) neurozientzietako oinarrizko ikerguneko instalazio berriak inauguratu dituzte gaur goizean, Leioako (Bizkaia) UPV/EHUko Zientzia Parkearen egoitza nagusian.

Inaugurazio ekitaldian izan dira, halaber, gaur egun ikerguneko Patronatua osatzen duten pertsonak ere: Adolfo Morais Unibertsitate eta Ikerketa sailburuordea eta Amaia Esquisabel Ikerketa zuzendaria, Eusko Jaurlaritzaren izenean; Jose Luis Martín González Ikerketaren arloko errektoreordea eta Arturo Muga Garapen Zientifikoaren eta Transferentziaren arloko errektoreordea, UPV/EHUren izenean; eta Alfredo Rodríguez-Antigüedad Gurutzetako Unibertsitate Ospitaleko Neurologia Zerbitzuko burua, BIOEFen izenean.

ACHUCARRO ikerguneko zuzendari zientifikoak gidatu du irekiera ekitaldia; hots, UPV/EHUko Neurozientziak Saileko Carlos Matute irakasle katedradunak. Berak aurkeztu dizkie parte hartzaileei ikerguneak Euskadiko unibertsitateko kideei zein ikertzaileei eskaintzen dizkien instalazio eta ikerketa baliabide berriak.

Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Sailaren bultzadari esker, "Achucarro Basque Center for Neuroscience Fundazioa" izeneko fundazio pribatua eratu zen 2012ko apirilean. Fundazioaren erakunde patrono sortzaileak, hain zuzen, Ikerbasque - Zientziarako Euskal Fundazioa eta UPV/EHU izan ziren. Era horretan, garunaren biologiaren ikerkuntzarako euskal ikergune nagusia sortu zen, Eusko Jaurlaritzaren BERC (Basque Excellence Research Centres) ikerguneen familiaren baitan.

Ikergunearen izenak, hain justu, balioa eman nahi izan dio Nicolás Achúcarro y Lund (Bilbo, 1880- 1918) doktorearen irudiari, bera izan baitzen lehen euskal neurozientzialaria. Gainera, ACHUCARRO ikergunea espezializatuta dagoen lan esparruan ere aritu zen doktorea.

Dena den, Achucarro doktorea oso gazte hil zen, eta ez zuen seme-alabarik izan. Dena den, Severino bere anaia gaztearen seme Joaquín Achúcarro Arisqueta piano-jotzaile entzutetsua eta Emma Jiménez emaztea izan dira ospakizun honetan, Nicolás Achúcarroren zuzeneko ahaide gisa.

Instalazioak

ACHUCARRO ikergunearen instalazio berriak, hain justu, UPV/EHUko Zientzia Parkearen egoitza nagusiko hirugarren solairuan daude, Leioako unibertsitate campusaren alboan.

Euskadiko Zientzia eta Teknologia Parkeak kudeatzen dituen elkarte publikoarekin izandako lankidetza funtsezkoa izan da ACHUCARRO bere kokagune naturalean ezarri ahal izateko; hots, UPV/EHUko campusean.

2.000 metro koadro inguruko azalera eraikia dauka ikerguneak, eta bertan daude oraintxe ACHUCARROk dituen 10 taldeetatik 9rentzako ikerketa laborategiak. Gainerakoak, bestalde, Medikuntza eta Erizaintza Fakultatean daude. Ikastegi horretako Neurozientziak Sailean sortu zen, hain zuzen ere, abangoardiako zientzia ekimen hau.

Zamudion dagoen Bizkaiko Zientzia eta Teknologia Parkean aldi baterako izandako aurretiko kokagunetik kokagune berri honetara lekualdatu diren instalazio eta ekipoen artean, nabarmentzekoak dira hauek: mikroskopia aurreratuko unitateak (STED super-bereizmeneko mikroskopio bereziarekin eta 2 fotoiko mikroskopio berriarekin), analisi zelularreko unitatea, proteomikako unitatea, zelula hazkuntzarako 2 laborategi, perfusio gela, kirurgia gela, izozkailuak, etab.

Matute zuzendari zientifikoaren hitzetan, "unibertsitateko campusera lekualdatuta, 2014-2017ko Plan Estrategikoaren eragikera zedarri nagusia osatu dugu. Aurrerantzean, abangoardiako instalazioak izango ditugu, sortzen zaizkigun erronka handiei heldu ahal izateko, eta mundu osoan zinez berezia den ikerketa proiektu hau egonkortu ahal izateko".

Ikerketa

Izan ere, ACHUCARRO ikergunean egiten den ikerlana eta bertan garatutako lan esparrua benetan bereziak dira. Horregatik aukeratu zuen 2012. urtean Eusko Jaurlaritzak, hainbat eta hainbat proiektu estrategikoren artean, sortu eta garatu ahal izateko, eta era horretan, Eusko Jaurlaritzak finantzatzen dituen gainerako 8 BERC ikerguneei batzeko.

ACHUCARRO ikerguneak ikerlana egiten du, hain zuzen, garuneko zelulen artean gertatzen diren elkarreraginen berri jakiteko prozesuan aurrerapausoak emateko, nola garuna osasuntsu dagoenean, hala zahartzen ari denean. Eta, batez ere, tartean gaixotasun neurodegeneratiboak daudenean (esaterako, Alzheimerra edo Parkinsona), garunetako hodietako istripuak (Iktusa) gertatzen direnean, edo gaixotasun autoimmuneak hautematen direnean (adibidez, esklerosi anizkoitza).

Gaur egun, ACHUCARRO ikergunea da garunaren azterketan dihardutenetatik, ikerlanaren ardatza "garuneko beste zelula batzuk", hau da, glia zelulak dituen bakarra munduan. Nahiz eta neuronak diren garunetik gehien "ezagutzen" direnak, oso pertsona gutxik aditu dute glia zelulei buruzko ezer. Haatik, neuronak bezain garrantzitsuak dira, eta funtsezko funtzioak betetzen dituzte komunikazioan, elikadura euskarrian eta garunaren garbiketan, besteak beste, bai garun osasuntsu batean, bai gaixo batean.

Achucarro Basque Center for Neuroscience ikerguneari buruz

Ikertzaileak eta kudeaketaren arloko langileak zenbatuta, ACHUCARRO ikergunean 80 pertsonak dihardute lanean gaur-gaurkoz. Horietako 60k (% 75) egunero egiten dute lan egoitza berri honetan. Gainerakoek, berriz, taldeek Medikuntza eta Erizaintza Fakultatean dituzten laborategietan dihardute, unibertsitateko campusean.

Instalazio berri hauetara lekualdatu aurretik, ACHUCARROko langileak 4 gunetan zeuden banatuta, Zamudio eta Leioa artean. Guztiak Zientzia Parkean metatuta, aldiz, ACHUCARROk asko irabazi du eraginkortasunaren alorrean, bai eta pertsona zein baliabide berriak erakartzeko gaitasunean ere, ikergunea oraindik ere nazioarteko hedapena duten ikertzaile berriak erakartzeko prozesuan murgilduta baitago. Aurreikuspenen arabera, 2021. urtean izango du ikerguneak bere hazkunde fase egonkorrena, eta 100dik gora pertsonako langile taldea izango du.

Leioako Zientzia Parkean kokatu ahal izan bada, hain justu, ACHUCARROko Patronatuak 1,5 milioi euro inguruko inbertsioa onartu duelako eta higiezinaren jabea den Teknologia Parkea SA elkarte publikoak laguntza ezin baliotsuagoa eman duelako izan da, proiektuak aurrera egin dezan beharrezko erraztasun guztiak eman baititu.

Argazkiak: Mikel Mtz de Trespuentes. UPV/EHU