euskaraespañol

Agudezia tailerraren 11. edizioa

Oraingo honetan, 14 ekintzaile proiektu aurkeztu dira azken egunean

  • Kronika

Lehenengo argitaratze data: 2017/06/28

Irudia

Lascaray Ikergunean eginiko jardunaldi batek amaiera eman zion Agudezia tailerraren 2017ko edizioari. Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitateak eta Bic Arabak antolatu dute aurtengo tailerra, INIZIA Arabacampus programaren barruan, eta A+g Consultores de Gestión S.Coop aritu da eskolak ematen. 11. edizio honetan, UPV/EHUko zenbait ikastegitako 17 pertsonak 14 ekintzaile proiektu eraiki dituzte, eta azken saio horretan aurkeztu zituzten. Ekitaldian izan ziren Arantza Beitia, Arabako Campuseko Garapeneko zuzendaria, eta Izaskun Ruiz de Apodaka, Bic Araba – Arabako Enpresen eta Berrikuntzaren Zentrokoa. UPV/EHUko Arabako Campuseko Errektoreordetzak erakunde horrekin lan egiten du ekintzaileei aholkuak eta babesa emateko eta INIZIA Arabacampus programaren esparruan oinarri teknologikoko enpresak sortzen laguntzeko.

Aurtengo Agudezia tailerrean askotariko parte hartzaileak izan dira, denak ere jakintza arlo oso desberdinetakoak, hala nola enpresen zuzendaritza, ingeniaritza eta elikagaien zientzia eta teknologia, baita jarduera fisikoaren zientziak, nutrizioa eta farmazia ere. Guztiek probatu dute proiektu bati ekiteko esperientzia, enpresa organismo biziduntzat duen bestelako ikuspegi batetik (A+g etxearen BIZIKIRO), eta laguntza tresna berritzaileak erabili dituzte. Tresna horietako bat izan da A+g Panela (Aurrerapena+Gestioa), negozioak –kasu honetan, hasierako fasean dauden negozioak– garatzeko eta enpresen kudeaketan gaitu eta lehen erabaki estrategikoak hartzeko prozesua errazten eta bideratzen duena.

Talde lanaren hainbat dinamika jorratuz, proiektuen aurrerapenak azalduz eta benetako ekintzaileekin eta Euskadiko ekintzaile ekosistemarekin lotutako agenteekin harremanetan egonez, egitasmo bakoitzak banako laguntza jaso du enpresak kudeatzen eskarmentu handia duten profesionalen eskutik. Hala, ideia on bat negozio proiektu bilakatzeko prozesua ezagutu dute, eta proiektuak ez dituzte modu teorikoan bakarrik zehaztu, martxan jartzen ere hasi baitira (bezero potentzialak konbentzitzen saiatuz, lankidetza posibleak hasiz edota hornitzaile izan daitezkeenen erreakzioa aztertuz, adibidez).

Horri guztiari esker, ekintzaileek benetako erabakiak hartu ahal izan dituzte, eta denetariko proiektuak garatu: ALOTCOINS (Internet bidezko diru salerosketa), BIHOTZARE (larriki gaixo dauden pertsonak gaixotasuna gainditu duten beste batzuekin harremanetan jartzen dituen app-a), HAZI SOLUTIONS (prestakuntza, web/app garapena, Internet of Things) eta IDEMERG (telefonoan informazio klinikoa gordez bizitzak salbatzeko balio duen app-a), besteak beste. Beste urte batez, Agudeziak era guztietako proiektu ekintzailez bete du Arabako Campusa.