euskaraespañol

Arte Ederretako ikasleen lanak Montehermoson ikusgai

Erakusketa irailaren 10era arte egongo da zabalik eta fakultatearen urteko deialdian hautatutako proiektuak biltzen ditu

  • Erreportajeak

Lehenengo argitaratze data: 2017/07/07

Irudia

Gasteizko Montehermoso Kulturuneak erakusketa bat hartuko du irailaren 10era arte, Gasteizko Udalak eta Euskal Herriko Unibertsitateko Arte Ederren Fakultateak urtero egiten duten deialdiaren barruan hautatutako lanak biltzen dituena.

Deialdiaren helburua da sorkuntza artistikoko gutxienez lau proiektu eta gehienez sei hautatzea, ekoizpen fase aurreratuan daudenak, Montehermoso Kulturunean aurkezteko. Aldi honetan, hautaketa batzordeak ikasle hauen proiektuak aukeratu ditu erakusketarako: Luz Estefanía Hierro, Estela Miguel Bautista, Eriz Moreno Aranguren, Javier Rodríguez Pérez-Curiel, Uxue Ruiz de Arcaute Acedo eta Álvaro Talavera. Iker Fidalgo, Laura Díez eta Irati Irulegi dira erakusketaren komisarioak.

Deialdi honetara UPV/EHUko Arte Ederren Fakultateko ikasleak aurkez daitezke, bakarka nahiz taldean, ikasturtean zehar graduko edo graduondoko ikasketak egiten ari direnak. Onartuak izateko, argitaragabeak izan behar dute proiektuek.

Artistak eta haien proiektuak

Luz Estefanía Hierro
"Nire pinturaren helburua nire pintura da. Nire pintura ikertzen dut, baita sortze ekintza ere, horren bitartez iristen bainaiz nire pinturara", azaldu du Luz Estefanía Hierrok bere sortze prozesuari buruz. Objektuekin elkarrekintzan aritzeko espazioak zabaltzearen estrategia horretan agertzen da Teresa, bere proiektuari izena ematen diona. "Orain, bilbeez osatutako marrazkien ordez, Teresa ageri da. Bera da hiriaren barruan behin eta berriro itzultzen naizen leku bakarra, definituagoa eta mugarrituagoa. Naturaletik marrazten hasten naiz, denboran zehar errepikatzen diren elkarraldien sail batean. Bera bihurtu da nire pinturara heltzeko bitarteko. Une honetan, ezinezkoa zait nire pinturara heltzea beste bitarteko batez baliatuta, baina uneren batean, Teresa -modelo gisa- desagertu egingo da", esanez amaitu du.

Estela Miguel Bautista
"IZAN/IRUDITU binomiotik azala eta zuloa aukeratzen ditut kanpoaren paradigma izateko, nire testuingurutik eta nahitik sortzen diren dispositibo eskultoriko batzuk sortuz, erabaki politikoak etxeko eremuan sotilki eta ia sumatu ezin ditugula proiektatzen diren modua planteatuz". Estela Miguel Bautistaren lanaren izena Bio-Statement da. Bertan, teknika tradizionalak erabili ditu, emakumeen eremura zokoratuak, ehungintza edo zeramika adibidez, mikroerresistentziazko harremanak ezarri eta haiei esanahi berri bat emateko, gorputzaren eta jokabidearen arteko analogia erabiliz. "Pieza sail bat sortzeko, formen laborategi bat planteatzen dut, gorputzaren bitartez, niri buruz bereziki eta emakumezko genero unibertsalari buruz oro har etxeko eremuan hitz egin dezaten; objektuak eraikiz, begirada intimo batean barneratzean beren esentziaren anbiguotasuna eta, horrekin, beren indarkeria inplizitua agerian uztearren.

Eriz Moreno Aranguren
Bratstvo/Jedinstvo (serbokroazieraz: Senidetasuna/Batasuna) proiektuan, Eriz Moreno Arangurenek Jugoslavia zaharrari buruzko kontakizunak sortzen ditu road trip batean egile gisa izan duen esperientziatik abiatuta, eskualdeari buruzko begirada pertsonala eta egungoa eskaini ahal izateko. "Jugoslavia bezalako hain kontzeptu zabal bati heltzean, aretoaren ezaugarriak eta testuingurua kontuan hartuta hautatu ditut obrak erakusketarako. Ikuspuntu ofizialetatik urruntzen diren argazkiak dira, eta horietan egoera arruntak erakusten dira, desagertu zen herrialde hartan gertatuak, proiektua burutzeko errepidez egin nuen bidaia erakusten duen bideo batek lagunduta", azaldu du.

Javier Rodríguez Pérez-Curiel
Javier Rodríguez Pérez-Curielen proiektuak Bilboko parkimetroak erabili ditu, hamar karaktere alfanumerikoak inprimatzeko aukera ematen dutenak eta espazio eta denbora jakin batean jokatzen direnak. Hiru gune desberdinetan erakusteko daude pentsatuta: kalean bertan, espazio birtualean eta artistikotzat hartutako erakusketa-gunean. Aurkezpenean adierazi duenez, "ticket horien bitartez nire jarduera erregistratuz berriro osatu daiteke buruz bai ibilbidearen edo jitoaren ekintza fisikoa oihartzun psikogeografikoak garatzen diren hiritik nahiz ekintza intelektuala, espazio eta aldi horiek lotzen dituena. Ticket horiek elkarren ondoan jarriz, irudiak, esaldiak, aipuak, erlazioak… sortzen doaz".

Uxue Ruiz de Arcaute Acedo
‘Verdín en las rodillas' da bere proiektuaren izena. Obra honek erlazionatu egiten ditu materialak, beren esanahiak, askatasunez elkarlotzen doazenak espazio berrien, konplexutasun berrien sorreran, artetik, materialen materialtasunetik abiatuta. Uxue Ruiz de Arcaute Acedok aurreratu bezala, "berak eskatzen dizkit zimurrak, kolpeak, espazioak, orbanak eta besarkadak. Nire eskuak bitartekari besterik izan ez daitezen saiatzen naiz. Erabateko arreta beregan, "gauzarengan" eta beregan, nigan. Nire oroitzapenetan, nire imajinarioan… nirean eta aldi berean partekatuan. Arretaz identifikatu behar den imajinarioa, materialekin gorputzez gorputz arituz, kontu egin gabe".

Álvaro Talavera
Álvaro Talaveraren proiektua, ‘Hacerse el sueco (2016-2017)' izenekoa, IKEAren testuinguruan liburuaren erabilerak apaingarri gisa planteatzen dituen paradoxetako batzuez baliatzen da. Adierazi duen bezala, "egoera zentzugabeak, barregarriak eta, zenbaitetan, deserosoak eraikiz, proiektu honen asmoa da IKEAko altzariak apaintzen dituzten baina salgai ez dauden liburuak, suedieraz idatziak, hiru bide desberdinetatik eskuratzea. Kasu gehienetan, egunerokotasunean nolabaiteko traba sorrarazten duten ekintzak dira, tartean sartuta dauden pertsona guztiak nahasirik uzten dituztenak, ezarrita dagoena urratzean".