euskaraespañol

UPV/EHUk lankidetza areagotu du Paueko eta Aturriko Herrialdeetako Unibertsitatearekin

  • Kronika

Lehenengo argitaratze data: 2017/07/18

Irudia

Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitateak (UPV/EHU) eta Paueko eta Aturriko Herrialdeetako Unibertsitateak (UPPA) beren lankidetza hitzarmena berritu dute. Horren xedea da elkarlanean bideratutako ikasketa programak, irakaskuntzaren arloko truke eta lankidetza programak, ikasleen prestakuntza programak eta ikerketa programak garatzea. Hitzarmena UPV/EHUko errektore Nekane Balluerkak eta UPPAko presidente Mohamed Amarak sinatu dute.

Bi unibertsitateen arteko lankidetza hori ondokoen bitartez gauzatzen da gehienbat: irakasleen eta ikasleen trukea, baterako ikasketa programak eta proiektuak eta titulazio bikoitzak, bi erakundetako liburutegien arteko trukeak, ikerketa programa komunak, iraupen laburreko bisitak eta irakaskuntza birtualerako sarbidea, besteak beste.

Hitzarmena bi erakundeek azken urteotan mantendu duten lankidetza estuaren emaitza da (ikasleen eta irakasleen mugikortasunari, irakaskuntzari, ikerketa eta doktorego prestakuntzari dagokienean). Urte horietan zehar, 8 Erasmus+ hitzarmen sinatu dira guztira mugikortasunari dagokionean, 14 arlotan, eta erakunde bakoitzeko ikasleei eskaini zaizkien 42 mugikortasun plazak horien isla dira. Era berean, irakasleak trukatu dira UPV/EHUko Informatika Masterraren eta UPPAko SIGLIS (Systèmes Informatiques pour le Génie de la Logistique Industrielle et des Services) Masterraren artean eta UPPAko administrazio eta zerbitzu arloko 22 langilek egonaldiak egin dituzte UPV/EHUn, bai eta irakasle ikertzaileak ere.

Irakaskuntzari dagokionean, bestalde, 6 titulazio bikoitza eskaintzen dira egun (Graduko 5 eta Master 1). Halaber, bi erakundeen arteko lankidetzaren fruituen artean kokatzen da Erasmus+ proiektu europarraren lehen mintegiaren gauzatzea. UPPAk koordinatzen du proiektua, UPV/EHU, Université de la Grande Région, Universitat des Saarlandes, Eucor (The European Campus), Université Savoie Mont Blanc eta Universita della Vallee d´Aosta erakundeen laguntzarekin.

Ikerketa UPV/EHUren eta UPPAren arteko hitzarmenaren beste atal esanguratsu bat da. Izan ere, 15 proiektu gauzatu dira batera, 7 proiektu europar aurkeztu dira eta 36 argitalpen argitaratu dira 2011. urteaz geroztik. Bi erakundeen arteko hitzarmenaren baitan, proiektu europarretako bulegoen arteko topaketak antolatzea eta ikerketa taldeak trukatzea aurreikusten da.

Doktorego prestakuntzaren arloan gauzaturiko lankidetzari dagokionean, bestalde, nabarmentzekoa da tesia batera gidatzeko 45 hitzarmen sinatu direla 2010-2011 ikasturtetik aurrera. Egun, 28 dira garapen fasean dauden batera gidatutako tesiak. UPV/EHUko Master et Doktorego Eskolak (MDe), UPPA – UPV/EHU Mugaz Gaindiko Dok Barnetegiak antolatzen ditu Paueko eta Aturriko Herrialdeetako Unibertsitatearen (UPPA) laguntzarekin. Aurten barnetegien zazpigarren edizioa egingo da Arantzazun (Gipuzkoa), urriaren 16a eta 19a bitartean, 80 doktoregairen partaidetzarekin.

UPV/EHUko Errektore Nekane Balluerkak bi erakundeek azken urteotan gauzatu duten lankidetza estua nabarmendu du. Eta gaineratu duenez, "hitzarmenaren berritzeak unibertsitateen arteko mugaz gaindiko lankidetzarako eredu baten sendotzea suposatzen du, emaitza interesgarriak eman dituena dagoeneko eta, ezbairik gabe, emaitza esanguratsuak ekarriko dituena ere aurrerantzean, akordio berriari esker".