euskaraespañol

Arrazakeria pairatzen duten immigranteen ondoeza arintzen du identifikazio etnikoak

UPV/EHUk eta Utrechteko Unibertsitateak egiaztatu dute immigrante guztiek ez dutela babes bila jotzen beren talde etnikora, onuragarria izan arren

  • Ikerketa

Lehenengo argitaratze data: 2017/08/11

Irudia

Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitateak eta Utrechteko Unibertsitateak (Holanda) lankidetzan egindako ikerketa batean, immigrante boluntarioek eta errefuxiatuek beren ongizatea babesteko zer estrategia erabiltzen dituzten aztertu dute. Bi populazio horiek oso gutxitan aztertu izan dira orain arte. Ikerketan ikusi dute arbuio-sentimenduaren aurrean talde horiek ez dutela beti jotzen beste ikertzaile batzuek unibertsaltzat proposatu dituzten estrategietara, alegia: identifikazio etnikora (jatorrizko herrialdearekiko) eta desidentifikazio nazionalera (harrera-herrialdearekiko).

Diskriminazio etnikoak eta arrazagatiko diskriminazioak ondorio larriak izan ditzakete haiek pairatzen dituzten gutxiengo etnikoen ongizate eta osasunean. Biktima pasibo bihurtu eta beren estatus baxua onartu beharrean, "gutxiengo horiek badituzte hainbat modu arbuio sozialaren eragin kaltegarriei aurre egin ahal izateko", azaldu du Magdalena Bobowik UPV/EHUko Gizarte Psikologiako ikerketa-talde kontsolidatuko kide eta ikerketaren egileak.

"Gure ikerketan, bi eredu teoriko probatu nahi izan genituen, diskriminazioak talde horien ongizatean izan ditzakeen eraginei aurre egiteko edo eraginak arintzeko talde horiek har ditzaketen jarreren inguruan; izan ere, aurrez egindako ikerketek ez zituzten oso emaitza sendoak ematen. Gainera, ordura arte oso gutxi aztertutako edo batere ez aztertutako bi talde sozialekin probatu nahi izan genituen: immigrante boluntarioak eta errefuxiatu edo immigrante behartuak", zehaztu du Bobowikek. Ereduetako bat arbuio-identifikazioaren eredua da, zeinak postulatzen baitu harrera-gizarteak immigranteak arbuiatzen dituenean haiek beren talde etnikoarekin identifikatzen direla eta haietan bilatzen dutela babesa. Beste eredua, berriz, arbuio-desidentifikazioaren eredua da, eta proposatzen du arbuio-egoera baten aurrean immigranteen joera dela gehiengoarengandik aldentzea.

"Eredu horiek unibertsaltzat jo izan dira, baina ereduok egiaztatzeko azterketak nazioarteko ikasleekin, edota adineko pertsonekin, egin izan dira batez ere, eta ez, ordea, harrera-herrialdean denbora gutxiago daramaten, gizarte-bazterketa handiagoaren mende dauden edo zailtasun soziokultural handiagoak dituzten immigranteekin eta, bereziki, errefuxiatuekin. Horixe da gure ikerketarekin estali nahi izan genuen hutsunea —adierazi du—. Eredu horiek bi kultura-egoeratan probatzen saiatu ginen, bi immigrante-lagin motarekin: EAEra beren borondatez etorri diren pertsonak eta Holandan errefuxiatuta dauden pertsonak. Horrez gainera, jatorri desberdinetako pertsonekin jardun genuen, eta horri esker ikusi ahal izan genuen kultura bakoitzak dituen ezaugarrien arteko aldeak eta xehetasunak zein diren".

Zenbat eta baliabide gehiago izan, orduan eta identifikazio etniko txikiagoa

Ikerketaren emaitzek aditzera ematen dute ezin dela eredu horien unibertsaltasunaz hitz egin. Honela azaltzen du ikertzaileak: "Gai hauetan faktore ugari hartu behar dira kontuan, hala nola pertsona horiek egoerari aurre egiteko zer baliabide dituzten, zer gizarte-estatus duten, harrera-gizartearekiko duten kultura- edo hizkuntza-hurbiltasuna, eta abar. Horrek guztiak eragiten du arbuiotik babesteko mekanismoak desberdinak izatea".

Horrenbestez, eredu horietatik aldenduena ageri zen immigrante-mota EAEn aztertutako immigrante boluntarioak izan ziren. "Hemen aztertutako taldeak boliviarrak, kolonbiarrak, Saharaz hegoaldeko afrikarrak, marokoarrak eta errumaniarrak ziren. Emaitzen arabera, ikusi genuen, batetik, talde horietan ez dela talde etnikoaren nortasuna indartzen arbuio-egoeretan; are gehiago, kontrakoa gertatzen da: jatorrizko talde etnikoarekiko desidentifikazioa gertatzen da. Litekeena da testuinguru horretan immigranteek, eta bereziki aztertu genituen taldeek, zailtasun soziokultural gutxiago aurkitzea Holandan errefuxiatutako pertsonekin alderatuta". Bestetik, talde nazionalarekiko desidentifikazioa "hauteman zen aztertutako talde guztietan, baina ez kolonbiarrek ez  errumaniarrek ez zuten ongizate handiagoarekin lotzen. Pentsa daiteke bi talde horiek zertxobait integratuago daudela, edo gutxiengo ez hain estigmatizatua osatzen dutela aztertu diren beste populazioekin alderatuta, eta, beraz, nortasuna erabiltzeko eta arbuioari aurre egiteko bestelako estrategiak erabil ditzaketela".

Holandan aztertutako halabeharrezko immigranteei dagokienez, immigranteek beren talde etnikoarekiko identifikazio handiagoa dutela eta talde nazionalarekiko desidentifikazioa sentitzen dutela berretsi dute ikertzaileek. "Pertsona horiek denbora gutxiago daramate harrerako herrialdean, eta Holandako kulturarekiko askoz aldenduago dauden kulturetatik datoz; beraz, beren ongizatea diskriminaziotik babesteko modu bakarra da beren talde etnikoan babestea", argitu du Bobowikek.

Azkenik, ikertzaileak ondorioztatu duenez, azterketan nabarmendu den ideia garrantzitsuenetako bat hau da: "identifikazio etnikoak eta identifikazio nazionalak hobetu egiten dute pertsonen ongizatea, eta horrek ateak zabaltzen ditu hemendik aurrerako azterketak egiteko. Esate baterako, azter liteke zer eragin duten bikulturalismoa edo multikulturalismoa bultzatzen duten estrategiek immigranteen gizarteratzean eta ongizatean. Azterketa honetan, identifikazio nazionala eta etnikoa aldagai independente gisa erabili ditugu, baina litekeena da bat eginda aztertuz gero frogatzea estrategia bikulturala dela ongizatea gehien indartzen duen estrategia".

Informazio osagarria

UPV/EHUko Gizarte Psikologia eta Portaera Zientzien Metodologia Sailaren eta Utrechteko Unibertsitatearen (Holanda) arteko lankidetzaz egin da ikerketa hau. Ikuspegi - Immigrazioaren Euskal Behatokiarekin lankidetzan egin zen EAEn beren borondatez dauden immigranteen ikerketa. Guztira, EAEn, 1.250 lagunek hartu zuten parte: Boliviakoak, Kolonbiakoak, Marokokoak, Saharaz hegoaldeko Afrikakoak eta Errumaniakoak. Holandako errefuxiatuen ikerketan, berriz, Irak, Iran, Afganistan eta Somaliako 2.923 lagunek hartu zuten parte.

Erreferentzia bibliografikoa