euskaraespañol

Errotabirusak eragindako haur-gastroenteritisaren inpaktua handia da oraindik Gipuzkoan

UPV/EHUk eta Biodonostiak egindako errotabirusari buruzko ikerketa batek osasun-alorrean erabakiak hartzeko hainbat gako azaleratu ditu

  • Ikerketa

Lehenengo argitaratze data: 2017/08/25

Irudia

UPV/EHU eta Biodonostia Osasun Ikerketa Institutuko ikertzaile batzuek errotabirusa aztertu dute, Gipuzkoan 1995 eta 2015 artean izandako birusaren epidemiologia, inpaktua eta agertutako genotipoak, hain zuzen. Hala, gaur egun oraindik ere bularreko umeen eta ume gazteenen gastroenteritis akutu larriaren kausa nagusia den birus horri buruzko informazioa eman dute.

Mundu mailan, haur-gastroenteritis akutu larriaren eragile nagusia da errotabirusa. Osasunaren Mundu Erakundearen arabera, 2013an 200.000 ume baino gehiago hil ziren munduan errotabirusak eragindako gastroenteritis akutuagatik; kasu ia guztiak garapen-bidean dauden herrialdeetan izan ziren. Herrialde garatuetan, errotabirusaren ondoriozko hilkortasuna oso txikia da, baina asistentzia-karga handia eragiten du osasun-sistemetan. Hala eta guztiz ere, "gutxi aztertu dira gaixotasunaren ezaugarri epidemiologikoak, hau da, nola banatzen den urtean zehar edo adinaren arabera, zer intzidentzia duen eta zer genotipo (birus-motak) aurkitzen diren leku jakin bakoitzean. Horregatik, lan honek azaleratzen dituen datuak garrantzitsuak izan litezke osasun-arduradunentzat erabakiak hartzeko orduan; esaterako, errotabirusaren aurkako txertaketa ezarri ala ez erabakitzeko", azaldu du Ainara Aranak, UPV/EHUn eta Biodonostian gauzatutako ikerketa honen egileak.

Azterketak ondorioztatzen duenez, behatutako denbora-tartean errotabirus-infekzioen inpaktuak behera egin duen arren, handia da oraindik ere: errotabirusa izan da bost urtez azpiko umeen gastroenteritisagatiko ospitaleratzeen eragile nagusia. Ikerketak iraun duen hogei urteetan, beherakada izan da bai ospitalez kanpoko laginetan, bai errotabirusak eragindako gastroenteritisagatik ospitaleratutako kasuetan. "Hori lotuta egon liteke familian haurren beherakoak hobeto kudeatu izanarekin, osasun-arretan izandako hobekuntzekin edo ahotik berhidratatzeko soluzioen erabilera handiagoarekin. Soluzio horien bidez, fluidoak eta gatzak eskuratzen dituzte, eta deshidratatzea saihesten da, batez ere ume oso txikietan. Hala, kasuetako asko etxean kudeatzen dituzte gurasoek, eta ez dira ospitalera iristen".

Bestalde, ikerketaren azken bost urteetan, epidemien hasiera atzeratu egin dela ikusi da. "Europako hegoaldeko herrialdeetan (Espainia, Italia...) epidemiak azaro inguruan hasten dira normalean; iparralderago dauden herrialdeetan, Erresuma Batuan kasu, geroago hasten dira, urtarrilaren bueltan. Baina, ikusi dugunez, 2011tik hona, epidemiaren hasiera atzeratu egin da urtarrilera edo otsailera arte, eta Europako iparraldeko herrialdeekin berdintzeko joera hartu du", gehitu du Aranak. Aldaketa hori gertatu izanaren arrazoiei dagokienez, "baliteke klima-aldaketaren eragina izatea, edo inguruko herrialde europar batzuek txerto-estaldura handiagoa dutelako gertatzea. Edonola ere, hipotesiak baino ez dira". Gipuzkoan aurkitzen diren genotipoei dagokienez, "Europa mailan aurkitzen den banaketaren nahiko antzekoa da: G1 da genotipo ohikoena, eta gora doazen G9 eta G12 hurrengoak. Gero eta gehiago hautematen dira azken bi horiek. Aztertutako azken bost urteetan, G12 maiztasun handiagoz agertu da G1 bera baino ere. Animalia-jatorriko genotipo arraroek eragindako infekzioak ere agerrarazi ditu azterketak (ardiek eragindakoak, esaterako), eta erakutsi du sarri izaten direla hainbat jatorri geografikotako birusak, baita oso urrunekoak ere (Asia, Australia...), birus birkonbinatuez gainera (hibridoak). Ikerketaren egileak azpimarratu du garrantzitsua dela "gure inguruan dabiltzan anduiak arretaz jarraitzea, jakiteko merkatuan dauden txertoek eraginkorrak izaten jarraitzen duten, gerta bailiteke genotipo berriak agertzea eta gaur egungo txertoen konposizioa aldatu behar izatea".

Berrinfekzioak

Errotabirusa bigarren aldiz hartu dutenak mediku-arreta behar izan duten kasuen % 1 baino ez dira, nahiz eta "horrek ez duen esan nahi ez dela berrinfekziorik izan; horrek adierazten du ez dutela medikuarengana joan beharrik izan". Ikerketak erakutsi duenez, berrinfekzio gehienak lehen infekzioa eragin zuen genotipoak ez beste batek eragin ditu, hau da, "ume batek mota bateko birus bat izaten badu, berriz infektatzekotan, lehen infekzioa eragin zuena ez den beste birus bat izatea da gertagarriena", gehitu du Ainara Aranak.

Informazio osagarria

Ikerketa hau Ainara Arana Salaverriaren doktoretza-tesiaren barruan egin da (Irun, 1986). ‘Epidemiología de la infección por rotavirus en Gipuzkoa (1995-2015). Carga de la enfermedad y genotipos circulantes'. izenburua du tesiak, eta Emilio Pérez-Trallero doktorea, UPV/EHUko Prebentzio Medikuntza eta Osasun Publikoa Saileko katedraduna eta Donostiako Unibertsitate Ospitaleko Mikrobiologia Zerbitzuko burua izan du zuzendari, eta Gustavo Cilla Eguiluz doktorea, Donostiako Unibertsitate Ospitaeko Mikrobiologia Zerbitzuko Birologia eta Serologia ataleko burua, berriz, zuzendarikide. Ikertzaileak Eusko Jaurlaritzaren doktoretza aurreko beka bat eskuratu zuen bere tesia garatzeko. Horrez gainera, egonaldi bat egin zuen Liverpooleko Institute of Infection and Global Health erakundean.