euskaraespañol

Etorkizuneko baserria diseinatzeko estrategia

Baserrien eraberritzeak modu orekatuan diseinatzeko tresna bat proposatu du UPV/EHUko Arkitektura Saileko ikerketa batek

  • Ikerketa

Lehenengo argitaratze data: 2017/08/30

Irudia

Baserrien eraberritzeak ondarea, ingurumena eta alderdi sozioekonomikoa kontuan hartuz diseinatzeko metodologia bat sortu du UPV/EHUko Arkitektura Saileko ikertzaile batek, eta eraikin horiek bizi duten krisiari aurre egiteko akuilu gisa aurkeztu du. Sistema horren bidez, ondarea errespetatzen duten, ingurumen-helburuetara heltzen diren eta erabilera kontuan hartzen duten estrategiak proposatzen zaizkio arkitektoari.

Atzerrian ikasten ari zela, herriminak eraman zuen Ugaitz Gaztelu ikertzailea baserrien gainbeheraz hausnartzera. "Baserriak gure bostehun urteko historia kontatzen du, gure paisaiari identitatea ematen dio, eta gure kulturaren isla da. Baina, kanpoan nintzela, baserriaren irudi jakin bat etortzen zitzaidan burura: erabilerarik gabe, jausita… Horrela erabaki nuen baserriaren etorkizunari begira jartzea", azaldu du Gazteluk. Hala, XV. mendeaz geroztik Euskal Herriko paisaia janzten duten eraikin horien etorkizuna lantzeari ekin zion bere diziplinatik, arkitekturatik. Orain, urteetako lanaren ondoren, baserriak modu jasangarrian eta ondarea errespetatuz eraberritzea bermatzeko tresna bat proposatu du UPV/EHUko Arkitektura Saileko ikertzaileak.

Baserriaren krisia aukera ezin hobea da, ikertzaile honentzat, eredu berri bat sortzeko. Hiru arlo gakoren arteko oreka proposatzen du horretarako: jasangarritasun sozioekonomikoa, ingurumen-jasangarritasuna eta ondarearekiko errespetua. Jasangarritasun sozioekonomikoari dagokionez, gaur egungo baserriek ekonomikoki eta sozialki irauteko zenbait funtzionalitate proposatzen ditu: erabilera tradizionala, nekazaritza ekologikoa, turismoa, eskola… Ingurumenaren arloan, kontuan hartuz eraikinen energia-kontsumoa 2030erako % 27 jaistea eskatzen duela Europak, baserriek eskakizun hori betetzeko neurriak hartzea proposatzen du. Ondareari dagokionez, haren balioa zaindu beharra azpimarratzen du. "Horrek ez du esan nahi eraikina izoztu egin behar denik. Baserriak beti egokitu izan dira garai berrietara. Artoa etorri zenean, baserria gora hazi zen; balkoi bat atera behar bazitzaion, egin egiten zen. Baina, azken mende honetan, hainbeste eraikuntza-aukera izan ditugunez, badirudi dena dela posible, eta sentsibilitatea galdu dugu". Orain, bide horretan atzera egin eta sentsibilitatea berreskuratzea proposatzen du.

Estrategia orekatua, lau pausotan

Baserriak eraberritzean hiru alderdi gako horiek aintzat har daitezen, metodologia bat sortu du. "Arkitekto batek sistema hori erabiltzen badu eraberritze batean, sistemak esango dio zein diren estrategia optimoak esku-hartze hori jasangarria eta efizientea izan dadin eta ondarea errespeta dezan", azaldu du Gazteluk. Lau pausotan bideratzen du tresnak eraberritze egokia.

Lehenik, diagnosia, "eraikinaren arkitektura, ondarearen ikuspuntutik, eta haren portaera bioklimatikoa ezagutzea. Horretarako, eraikina monitorizatu behar da: hamabost minutuan behin, tenperaturaren eta hezetasunaren datuak eskuratzen dira. Modu horretan, baserriaren simulazio energetikoa osatu eta kalibratzen da".

Datu horiek izanik, bigarren pausoan, "erabilera integratzen da, energia eta ondarea kontuan hartuta". Ikertzaileak ikusi du erabilerak zeresan handia duela kontsumoan, eta lehen sektoreko erabilera dela kontsumo txikiena izan ohi duena: "eraikin baten kontsumoa haren erabileraren araberakoa da, auto baten kontsumoa haren gidariaren araberakoa den bezalaxe". Auzia ez baita berogailua noiz pizten eta noiz amatatzen den soilik. "Animaliek beroa sortzen dute. Nik monitorizatutako Urdaibaiko baserrian frogatu nuen lau behi izateak 3,20 °C igotzen duela tenperatura. Makina bat egun osoz beroa sortzen ari balitz bezala funtzionatzen du", azaldu du Gazteluk. "Erabilera tradizionala da errentagarriena edo efizienteena; eraikin bera etxebizitza bezala soilik erabilita, kontsumoa bikoiztu egingo litzateke". Horregatik, halako erabilera dutenei Europako eskakizunak betetzeko esku-hartze txikiagoak eskatzea proposatzen du.

Ondoren, hirugarren eta laugarren pausoen bidez, esku-hartzerako mapa bat osatzen da. "Estrategiak planteatu behar dira, eta, horretarako, azterketa parametrikoak erabili nituen, une hartan munduan oso unibertsitate gutxitan erabiltzen zuten sistema bat. Haren bidez, norberak estrategiak banan-banan planteatu ordez (teilatua 5 cm isolatu, hormak 10 cm eta lurra 6, edo zergatik ez 4?), denen arteko konbinazio guztiak probatzen dira. Hala, simulazio-kopuru txiki bat egin ordez, aldi berean ia 40.000 simulazio egiten dira". Efizientziari buruzko datu hori eskuratu ondoren, azken pausoan, ondarea hartzen da kontuan. "Muga bat ipintzen da egin daitezkeen aldaketetan; izan ere, estrategia batzuk oso efizienteak izan daitezke —adibidez, 20 cm isolatzea horma guztiak—, baina ondarea ez dute errespetatzen", argitu du Ugaitz Gazteluk. Sistema honek ematen duen maparekin, "arkitektoak estrategia bat aukeratzen du, eta bere esku-hartzean aplikatzen du. Horrek bermatzen dio ondarea errespetatzen duela, ingurumen-helburuetara heldu dela, erabilera kontuan hartzen duela eta eraikinari moldatzen zaiola".

Araudian integratu beharreko metodologia bat da, ikertzailearen ustez: "ni hasieratik aritu naiz lanean Urdaibaiko Patronatuarekin, eta haren araudi berrian sartuta daude nik atera ditudan ondorioetako asko, baina araudi orokorragoetan ezarri behar litzateke; tresna sinplifikatu, edozein arkitektok bere estudioan izan dezan. Guztion elkarlana nahitaezkoa da baserriak kalitateko etorkizuna izan dezan. Aurreko belaunaldiak utzi digun altxor hau plazara eraman behar dugu berriz; egoera irauli behar dugu, baserriari merezi duen balioa emanez".

Informazio osagarria

Ugaitz Gaztelu Onaindiak(Lekeitio, 1985) bere doktoretza-tesiaren barruan egin du ikerketa hau. ‘Hacia una adaptación sostenible del caserío vasco: experimentación hacia directrices de intervención para una rehabilitación equilibrada a través de un método extrapolable en un caso de estudio de la Reserva de biosfera de Urdaibai' izenburua du tesiak, eta Alberto Ustarroz Calatayud UPV/EHUko Arkitektura Saileko katedradun eta Proiektuak IIIko irakaslea izan du zuzendari, eta zuzendarikide gisara aritu da Emanuele Naboni, zeina irakasle elkartua baita Institute of Technologies of The Royal Danish Academy of Fine Arts-Schools of Architecture, Design and Conservation-en. Ikertzaileak 3 hilabeteko egonaldi bat egin zuen Kopenhagen, erakunde horretan bertan.