euskaraespañol

Errektoretzako eraikin iraunkorrago baterantz

Teknologia berritzaile, eskuragarri eta moldagarrien bidez, kontsumo eraginkorra lortzea da eraikinaren birgaitzearen helburua

  • Albisteak

Lehenengo argitaratze data: 2017/09/01

Irudia
Erretoretzako lanen lehenengo faseari ekin dio Bizkaiko Campusak

UPV/EHUko Erretoretzaren Eraikinaren eraginkortasun energetikoa hobetu, kontsumo energetikoa gutxitu eta erosotasuna areagotzeko lehenengo faseari ekin dio Bizkaiko Campusak. A2PBEER (Eraikin publiko eskuragarri eta egokigarriak birgaitze energetikoki eraginkorraren bidez) programaren barruan. Europar Batasunak hautatutako hiru eraikinetako bat da Errektoretza. Beste biak dira Malmöko (Suedia) Zientzia Museoa eta Ankarako (Turkia) Lanbide Eskola. Era berean, eraikuntza horietan irtenbide aplikatuak beste batzuetan kopiatuko ahalko dira.

A2PBEER programak arreta jartzen du eraikin publikoen zaharberrikuntzan, Europan bizitegikoak ez diren eraikinen % 30 publikoak baitira eta gainerakoek baino energia kontsumo handiagoa baitaukate. Zaharberrikuntzaren ondoren, hiru eraikin pilotuek energia kontsumo ia nulua daukan eraikinaren ereduarekin antz handiagoa izango dute.

Programak lau urteko iraupena du, eta bertan Europako 20 erakunde eta administrazio publikok osatutako partzuergoak parte hartzen du, erabilgarriak, eskuragarriak, moldagarriak eta bizitegikoak ez diren eraikinetan energia kontsumoa % 50etik gora murrizteko gai diren teknologiak elkarrekin garatzeko asmoz. Euskadin Euskal Herriko Unibertsitateak, Energiaren Euskal Erakundeak eta Tecnaliak hartu dute parte.

UPV/EHUko Errektorearen eraikinean egindako lanak irail bukaeran aurkeztuko dira  ondorengo jardunaldi honen baitan: "A2PBEER teknologia moldagarri eta eskuragarrien bidez eraikin publikoetan birgaitze energetikoa egiteko jardunaldia. Leioako campusean kasu praktikoa". Ekitaldia Energiaren Euskal Erakundeak antolatuko du eta Bizkaiko Campuseko Bibliotekan (Leioa-Erandio eremuan) irailaren 28an izango da. Izena emateko epea irekita dago.

Birgaitzea, kopiatu ahal izateko

Errektoretzaren eraikina Bizkaiko Campusean (Leioa-Erandio gunea) dago, eta 70eko hamarkadaren hasieran eraiki zen. 110x22 metroko oinplano estuko diseinua dauka, bere gehieneko garaiera 18 metrokoa da, eta bi eta lau arteko solairuak ditu. Egitura, sabaia eta zoruak hormigoi aurrefabrikatuzkoak dira. Eraikin hori hautatu da, beste batzuek antzeko eraikuntza baitaukate. Hala, irtenbideak beste eraikin horietan kopiatu ahalko lirateke.

Proiektua 2013ko irailean abiarazi zen. Luis Portillo, Aitor Erkoreka eta Koldo Martin irakasleak osatutako lantalde teknikoak, hasieran, neurtu ditu benetako energia kontsumoa eta barnealdeko erosotasun maila. Eta jarraian, energia kontsumo eraginkorra lortzeko estrategia diseinatu du.

Orain, Errektoretzaren eraikinaren estalkiaren, fatxadaren leihoen erreforma-lanak hasi dira. Hain zuen ere, sabaian ohiko panel isolatzaileak eta fatxadan huts-panelak, eraikinak beroa gal ez dezan, jartzen ari dira. Gainera, leiho zaharragoak kendu eta leiho adimenduak instalatzen ari dira, neguan (eguzkiko beroa hartzen dute) edo udan (eguzki erradiaziotik babesten dute) eguzki erradiazioa doitzea ahalbidetzen dutenak. Aireratzeko eta airea berritzeko sistemak eransteaz gain, zenbait aretotako argiteria aldatzen ari da eta eraikinaren sabaian hartzen den, zuntz optikoaren bidez, eraikinaren barnealdera garraiatzen den argi naturala eta LED argiztapena batzen dituen sistema ezartzen ari da.