euskaraespañol

UPV/EHUn titulatzen diren ikasleen % 20tik gora, nazioarteko mugikortasun bat eginda

Japonia eta Costa Ricako bi unibertsitate gehitu dira gure unibertsitatearekin truke hitzarmenik duten mila bat erakundeen multzora

Lehenengo argitaratze data: 2017/09/29

Irudia

Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitateak (UPV/EHU) gainditua du jada Europar Batasunak 2020 urterako zehaztutako helburua, titulua lortzen duten ikasleen % 20ak nazioarteko mugikortasun bat egina izan dezala.

Hain zuzen ere, 2015/16 ikasturtean jada, titulatuen % 22,5ak egina zeukan egonaldi bat atzerriko unibertsitate batean. UPV/EHUk aurrera segitzen du ikasleen nazioarteratzea bultzatuz eta, gaur, bertako Gobernu Kontseiluak arautegi bat onetsi du UPV/EHUko ikasleen nazioarteko mugikortasun programen inguruan. Arautegi honen bidez, gradu, master edo doktoregoko ikasketen parte bat beste unibertsitate batean egitea erabakitzen duten ikasleen estatutuaren araubide juridikoa bateratu eta osatu nahi da, beti ere UPV/EHU parte duten truke programa edo hitzarmenen babesean.

Azken datuen arabera, UPV/EHUko 1.668 ikasle izango dira atzerriko unibertsitate batean, gutxien dela, lauhileko batez ikasten jardungo direnak. Zehatzago esanik, 1.192 dira Erasmus programaren bidez egingo dutenak; 398 Amerika Latinoan ikasiko dutenak eta 78k egonaldi bat egingo dute, Beste Norako Batzuk deritzon programaren bidez. Beste alde batetik, UPV/EHUk atzerriko 710 ikasle jasoko ditu soil-soilik lehenengo lauhileko honetan (458 Erasmus programan; 172 Latinoamerikatik eta 80 beste norako batzuetatik).

Nabarmentzekoa da Ukraina eta Hego Koreatik gero eta ikasle gehiago etortzen direla, UPV/EHU helburu gisa aukeratuta. Bestetik, UPV/EHUko ikasle batek ikasi egingo du lehendabizikoz japoniar unibertsitate batean, zehazkiago, Tokioko Rykkio unibertsitatean.

UPV/EHUk, mugikortasuna helburu harturik, 1.200 hitzarmen baino gehiago du bost kontinenteetako 56 herrialdeetako unibertsitateekin sinatuta, horien artean, 15  Shangai rankingeko lehendabiziko100 unibertsitatean izanik. Gobernu Kontseiluak beste bi hitzarmen berri ere onartu ditu gaurko saioan, Japoniako Chiba unibertsitatearekin bata eta bestea Costa Ricako unibertsitatearekin.

Eta, honez gain, egungo 2017-18 ikasturtean mugikortasunen bat egin gura luketen ikasleei erabakitzen laguntzeko, UPV/EHUk Nazioarteko Astea egingo du, Arabako campusean urriaren 3an, 5ean Gipuzkoako campusean eta 6an Bizkaikoan. Informazio saiootan, azaldu egingo dira UPV/EHUn gestionatzeko diren mugikortasun programak, eskura diren norakoak eta parte hartzeko baldintzak eta betebeharrak, 2018-2019 akademi ikasturtean zehar unibertsitate trukerik egin nahi bada. Halaber, dagoeneko mugikortasun programa batean parte hartu duten ikasleek nork bere esperientziaren kontakizuna eta honen inguruko aholkuak emango dizkiete mugikortasuna egin nahi duten ikasleei.

"Oso gaude pozik geure mugikortasun kopuruekin eta lanean jarraituko dugu handiagoak izan daitezen. Era honetako programetan parte hartzen ez duten ikasleak erakartzea da gaur dugun erronka, gai senti daitezen etorkizunean nazioarte mailako demei aurre egiteko. Horretarako, handitu behar dugu ingelesez eskaintzen ditugun irakasgaien kopurua, kultura arteko gaitasunak landu eta kanpoko bisitariak erakarri" azaldu du Nekane Balluerka errektoreak.