euskaraespañol

Bioaniztasunaz gozatzeko hitzordua

Munduko Landareen Azokak hirugarren edizioa ospatuko du asteburuan Leioa-Erandio eremuko Arboretumean

  • Erreportajeak

Lehenengo argitaratze data: 2017/09/28

Irudia

2015. urtean Munduko Landareen Lehenengo Azoka egin zen Bizkaiko Campuseko Leioa-Erandio eremuko Arboretumean, ekoizleak, kontsumitzaileak eta bilduma-landareen zaleak biltzeko asmoz. Horretaz gain, landareen funtsezko papera zabaltzea zuten helburu antolatzaileek, ingurugiroaren zaintzaile gisa eta pertsonen bizitzarako beharrezkoak diren zenbait zikloren erregulatzaile moduan, alegia. Edizio hartan, 27 erakusketarik hartu zuten parte, eta haietariko asko ohiko bihurtu dira azokan, beren partaidetza fidelizatuz.

Asteburuon, ekitaldiak hirugarren edizioa beteko du, eta Botanikan eta bilduma-landareetan interesik dutenentzat erreferentzia bihurtu da. Javier Loidi Arboretumeko zuzendari zientifikoak oso balantze ona egiten du ekimenaren ibilbideaz. Bere iritziz, Azokak "lorezaintzarako zaletasuna eta bioaniztasunean estimua sustatzen du". "Horretaz gain, sendabelarren, landare apaingarrien eta sukaldeko landareen sektorea bultzatzera laguntzen du", azaldu du.

 

3ª Feria de plantas de los 5 continentes from UPV/EHU on Vimeo.

Urte honetan bilatzen dena "orain arte lortutakoan sakontzea da, bai erakusketarien bai bisitarien kopurua handituz". Aurten, guztira, 36 erakusketari etorriko dira Bizkaitik, Gipuzkoatik, Arabatik, Coruñatik, Asturiasetik, Kantabriatik, Valentziatik, Malagatik, Bartzelonatik eta Frantziatik, zeinek mundu osoko jatorrizko landareen selekzio zaindua eskainiko duten, baita liburu espezializatuak, erremintak, osagarriak eta laborantzarako materialak ere.

Azokan aurkitu ahal diren landareak jendartean ezezagunak dira oro har, baina erraz hazi ahal dira Euskal Herriko lorategi eta balkoietan. Landaketari buruzko teknika eta ezagutzak partekatzeaz gain, erakusketan, besteak beste, landare tropikalak, sendabelarrak, usain belarrak, zitrikoak, bonsaiak, landare karniboroak, kaktusak, kameliak edo arrosak ikusi ahal izango dira.

36 erakusketariek ekarriko dituzten barietateak oro har jendartean ezezagunak dira

Azokaren eskaintza bi erakusketaz osatzen da: alde batetik, basoko hazien erakusketa bat, eta, beste aldetik, Bizkaiko Foru Aldundiko Martintxune mintegiko landare sorta bat. Landare horiek interes bereziko aldeak berreskuratzeko erabiltzen dira. Horretaz gain, Fertinyect enpresak prebentzioko tratamenduetan eta zuhaitzen apainketan zenbait berrikuntza aurkeztuko ditu.

Javier Loidik "kalitate handiko" erakusketa dela nabarmendu du. Bisitariek, batez ere, "erakusketarien aniztasuna, espezializazio handia eta profesionaltasuna" baloratzen dute.

Azokako sarrerek euro bat balio dute, baina dohainik izango dira hamabi urtetik beherako umeentzat, eta azokako sarbidean erosi behar dira. Bi aparkaleku atondu dituzte Arboretumetik gertu. Gainera, doako autobus zerbitzua egongo da, Astrabuduako eta Leioako metro geltokiak eta azoka-barrutia elkartuko dituena eta mugikortasun gutxiko pertsonentzat irisgarria izango dena. Azokak goizeko 10etatik arratsaldeko 6ak arte irekiko ditu ateak larunbat eta igandean. Txosna bat ere egongo da, inguruko produktuak dastatzeko eta indarrak berritzeko.

Munduko Landareen Azoka Bizkaiko Foru Aldundiko Iraunkortasuna eta Ingurune Naturala Zaintzeko Sailak eta UPV/EHUk antolatuta dago, Leioako eta Erandioko udalen eta BBKren Gizarte Ekintzaren laguntzarekin.

UPV/EHUko Arboretumean egingo da berriz, Leioako Campusaren hegoaldeko hegalean kokatzen den parke botanikoan. 2008an inauguratu zuten eta mundu osoko 130 espezie desberdinetako 1.700 zuhaitz ditu, 19 hektareetan banatuta. 2012. urtetik natura gune babestua da Arboretuma, eta han Bizkaiko Foru Aldundiak zenbait animalia basati askatu ditu: basahateak, zapelatz liztorjale, belatzak, apo-hontzak, urubiak, trikuak eta apoarmatu korrontezaleak.