euskaraespañol

Terapia zelularraren gaur egungo eta etorkizuneko egoeraren azterketa

Gorka Orive UPV/EHUko irakasleak liburu bat argitaratu du, gai horretako munduko aditu garrantzitsuenen laguntzarekin

  • Albisteak

Lehenengo argitaratze data: 2017/10/02

Irudia

Liburuan, terapia zelularrak eragin kliniko handiena eta berehalakoena izango duen arlo nagusiak jorratu dituzte. Hala, liburua baliagarria izango da terapia zelularraren garapenaren aurrerabidean eta etorkizunean interesa duten mediku eta ikertzaileentzat.

Gorka Orive Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitateko irakasleak eta Dwaine F. Emerich-ek ‘Cell Therapy. Current status and future directions' liburua argitaratu berri dute; bertan, terapia zelularraren arloan diharduten adituek eta iritzi emaile nagusiek osorik aztertzen dute esparru horren egoera. "Liburuan, terapia zelularrarekin lotutako arlo garrantzitsuenak eta terapia horren inpaktu kliniko handienak eta berehalakoenak azaltzen dira", laburbildu du UPV/EHUko irakasleak.

Hamalau kapitulutan, liburuak terapia zelularraren azterketa osoa eta gaur-gaurkoa egiten du. Hasteko, terapia zelularraren hedadurari buruzko ikuspegi orokorra ematen du; ondoren, eduki espezifikoagoak eta zehatzagoak azaltzen ditu, eta argi eta garbi ikus daiteke esparru horretan izugarrizko lana egin dela urte hauetan. Nabarmentzekoak dira segurtasunaren eta eraginkortasunaren ebaluazioan lagungarri izan daitezkeen irudi teknologiak. Jarraian, adibide ugariren bitartez, liburuak zehatz azaltzen du nola zelula amen bidezko terapien esparru hori aurrera egiten ari den. "Liburuko atal hauekin, azaldu nahi izan dugu zelula amek zer-nolako funtzio naturalak dituzten biologian eta giza gaixotasunetan, eta zenbateko gaitasun terapeutikoa duten medikuntzaren hainbat arlo tratatzeko, hala nola gaixotasun neurodegeneratiboak, muskulu distrofiak eta ehunen erreparazioak –kardiakoa, esaterako–, baita diabetesa ere", adierazi du Gorka Orivek.

Liburuaren amaieran, onkologiaren, zelula amen, hiru dimentsioko inprimaketaren eta biomaterialen arloko adituen zenbait ekarpen jasotzen dira; adituon ezagutzak elkartuz, diziplina askotako ekipoak sortzen ari dira, eta, horrela, errazagoa izango da teknologia horiek etorkizunean arlo klinikoan aplikatu ahal izatea. Azkenik, liburuak ikuspegi orokorra ematen du, zientzia lan akademikoak, klinikoak eta industrialak bilduta.

Informazio gehigarria

Gorka Orive doktorea UPV/EHUren Farmazia eta Farmazi Teknologia Laborategiko NanoBioCel ikerketa taldeko kidea da, eta talde hori, halaber, CIBER-BBN (Bioingeniaritzaren, Biomaterialen eta Nanomedikuntzaren Sareko Ikerketa Zentro Biomedikoa) plataformako kidea da. Orivek 230 zientzia argitalpen baino gehiago atera ditu, eta 51ko h indizea du (google scholar).