euskaraespañol

Marian Iriarte

Zientziaren dibulgazioa euskaraz

Kimika Fisikoko irakasle titularra

  • Cathedra

Lehenengo argitaratze data: 2017/10/06

Irudia

Azken urteetan zientziaren dibulgazioak euskaraz izan duen eboluzioaz idaztea proposatu didate. Garapen hau ongi ulertzeko bi atal izan behar ditugu kontuan: batetik, dibulgazioak izan duen aldaketa eta, bestetik, euskarak izan duena. Duela 30-40 urte ez zen apenas zientziaren dibulgaziorik egiten euskaraz. Euskarak orduan zuen egoera ez da orain ezagutzen duguna. Nahikoa lan genuen zientzia gure eskoletan behar bezala azaltzeko hartu beharreko erabakiekin; termino hau nola esan, maileguz hartu, eratorpenez, zein atzizki, -keta ala –pen... Eta hori guztia gehienetan filologian adituak ez ginenok ausartzen ginen egitera. Eta horrela joan da pixkanaka pixkanaka, eta jende askoren lanari esker, euskararen corpusa osatzen. Batzuetan termino txukunak lortu dira, beste batzuetan ez hainbeste. Hauetako batzuk denborarekin baztertuak izan dira, irizpide filologikoak kontuan hartuz, baina beste batzuk, hain hedatuak zeudenez, bere akats eta guzti onartu dira azkenean. Garai hartan egin beharreko nagusia ikasleentzako testu-liburu txukunak prestatzea izan zen. A zer garaiak! Nola esango dugu, higidura ala mugimendua? Konjokatu ala konjugatu? Laborategi ala laboratorio?

Aitortu beharra dago terminorik edo asmakizunik traketsarena ere, erabileraren poderioz euskal termino "txukun" bihurtu genuela. Terminologiaz haratago hizkera zientifikoa ere osatu behar zen. Beste hizkuntzetan hain errotuak zeuden esaldi matematiko, kimiko edo fisikoak nola esan euskaraz. Nola irakurri matematiketan "limiteak", edo erreakzio kimiko bat nola irakurri...

Dena zegoen erabakitzeke, eta horretan genbiltzan askok gure burua euskal filologotzat hartzen genuen, hori izatetik nahikoa urrun baldin bageunden ere. Baina bidea horrela egiten da, eginez, ibiliz, eroriz eta jaikiz...

Urte hauetan euskarak ezagutu duen normalizazioa ez da nolanahikoa izan eta egun dugun egoerak euskaraz egiten den zientzia plazaratzeko aukera eskaintzen du. Horren adibide asko ditugu, euskal ikertzaileen topaguneak, gazte ikertzaileen bilerak, euskal kimikarien bilerak, informatikarienak eta abar. Euskaraz zientzia eta ikerketa egiten da, eta ez dago arazorik modu txukunean azaltzeko.

Eta dibulgazioaz zer? Hasiera batean horretan pentsatzen ez bagenuen ere, hizkuntzak izan duen garapenak zientziaren dibulgazioan hasteko aukera eman digu. Eta zertarako dibulgatu? Ez al dugu bakoitzak bere arlokoekin komunikatzearekin nahikoa? Bada, ez. Batetik, gizarteari zor diogulako. Gizarteak bueltan jaso behar du erakundeek zientzian inbertitutakoa. Bestetik, gizartea zientzian alfabetatu behar delako. Teknologiak gure bizitza zeharo mugatzen du, eta teknologia horren atzean dagoen zientzia zertxobait ulertzea beharrezkoa da. Zientzian aritzen direnek filosofiaz, literaturaz eta beste arlo batzuez jakin behar duten bezala, letretako arloetakoek eta jende arruntak orokorrean zientziaz ere jakin behar du. Zientzia-dibulgazioa batzuek ogibide baldin badute ere, eta ogibide oparoa gainera, horretan dabilen gehienak ezer handirik jaso gabe aritzen dira eta are gehiago euskaraz ari direnak. Gustukoa dutelako euren jakinduria gizarteratzea, euskaraz egiten den zientzia-dibulgazioa oso altruista dela esango nuke. Gaur egun zientziaren dibulgazioan aritzen direnak asko eta asko dira. Badira blogak, telebistako saioak, komunikabideetan idatzitakoak, bideo-lehiaketak, dibulgazio-artikuluen lehiaketak.... Zientzia-dibulgazioan gure herrian jende asko dabil, eta horietako asko euskaraz. Nire kasuan, gertutik ezagutzeko aukera izan dut zientziaren dibulgatzaile arrakastatsu bat. Ez dut bere izenik esango, baina kimikariek badakigu ongi Hontzak ze lan eskerga egin duen dibulgazioan. Kimikaren kasuan bereziki, edonork bota dezake edozein astakeria, eta ez da ezer gertatuko. Kimifobiak inguratu gaitu azken urte hauetan. Kimika eta pozoia sinonimotzat hartu dira askotan. Eta gure Hontzak lan handia egin du kimifobia baztertzeko.

Zientzia-dibulgazioan aritzeko ez da nahikoa zientzian aditua izatea, norberak dakiena jende arruntari modu argi eta xumean azaltzen jakin behar du, eta hori ez da beti hain erraza. Mekanika kuantikoa ez da edonork modu errazean ulertu dezakeen zerbait, eta hori gizarteratzea lortzen duenak meritua dauka.

Azkenengo urteetan dibulgazioak izan duen garapenaren beste adibide bat wikipedia euskaraz osatzeko eta txukun jartzeko abian den egitasmoa da. Wikipediaren oinarria elkarlana da. Wikipedia denok osatu dezakegu, eta batek idatzitakoa beste batek osatu eta zuzendu. Bada, oraingoan euskarazko bertsioari egokitu zaio. Gauza jakina da ingelesez dagoen wikipedia beste hizkuntzetan baino osatuagoa eta egokiagoa dela, ingelesezko wikipedia jende askok elikatzen baitu. Eta nola osatu euskarazko wikipedia? Horretarako jakinduria dagoen lekura jo dute, unibertsitatera hain zuzen ere. Unibertsitateko ikasleek, bakoitza dagokion jakintza arloan, asko egin dezakete wikipedia betetzeko. Gainera, egitasmo horretan euren irakasleen laguntza izango dute, horrela bermatuko baita idatzitakoaren kalitatea eta zuzentasuna.

Euskaraz egiten den zientzia-dibulgazioa ez da nolanahikoa, eta hori horretan dabiltzan jende askori zor zaio. Norberak jaso duen jakinduria gizarteari bideratzen zaio eta gure unibertsitateak duen goiburua ongi betetzen da horrela: Eman eta zabal ezazu.

 

Argazkiak: Nagore Iraola. UPV/EHU.