euskaraespañol

2017ko Empleo Gunek iazko enpresa kopuruaren bikoitza izango du

Gasteizko Udalak eta Euskal Herriko Unibertsitateak enplegu-merkatuaren eta pertsonen arteko topagune garrantzitsu horren sendotzea abarmendu dute

  • Kronika

Lehenengo argitaratze data: 2017/10/09

Irudia

Empleo Gune 2017 Gasteizko enpleguaren foroan aurrekoetan baino enpresa gehiago bilduko dira Europa biltzar jauregian; administrazio guztiek hartuko dute parte, eta lan-merkatuan dinamismo maximoa dagoen garaia dela baliatu nahi da, gazteen enplegua sustatzearekin zerikusia duten gizarte eragile nagusien arteko topagunea bihurtzeko xedez.

Enplegu eta Garapen Ekonomiko Iraunkorraren zinegotzi Nerea Melgosak eta Euskal Herriko Unibertsitateko Arabako campuseko erretoreorde Iván Igartuak aurkeztu dute Empleo Guneren zortzigarren edizioa, zeina urriaren 26 eta 27an egingo baita. Enpresak, erakundeak, laneratze eta gizarteratze alorreko profesionalak eta enplegu-eskatzaileak elkartzen dituen topagunean enplegua sorrarazten duten sektoreetako 21 konpainiak hartuko dute parte, tamaina ezberdinetako enpresak nahasten dituzten mahai-inguruetan.

Ostegunean, urriak 26, merkataritza eta fabrikazio mekaniko eta automatizatua landuko dira sektorekako mahaietan, eta Makro, DHL, Mercedes-Benz, Zayer eta RPK enpresek hartuko  dute parte. Ostiralean, urriak 27, beste hiru sektore estrategikoren txanda izango da: enpresentzako eta partikularrentzako zerbitzuak, ingurumen-iraunkortasuna, eta elektronika, informazioa eta komunikazioa. Euskadiko Kutxa, Prosegur, Michelin fundazioa, Giroa, Odei eta Deusto Sistemas enpresek baieztatu dute partaidetza. Sektorearen eboluzioari buruzko iritzia eta epe labur eta ertainera zein langile behar izango duten azalduko dute mahai-inguruetan.

Horretaz gain, 2017ko Empleo Guneren web-orrian lan-eskaintzak zabalduko dituzte, interesdunek hautagaitza aurkezterik izan dezaten. Gasteizko Enpleguaren Foroan parte hartzen duten enpresek jasotako eskabideak iragazi eta hautaketa elkarrizketak egingo dituzte foroak irauten duen bitartean. Orobat, informazio erakustokiak jarriko dira, zeinetan enpresek xehetasunak emango baitituzte.

Bestetik, 2017ko Empleo Guneren barruan enplegagarritasuna hobetzeko lantegi gehiago antolatu dira. Hiru orduko saioak dira; era parte-hartzaile eta praktiko batean, curriculum egokia nola landu, enpresen aurrean nola agertu eta lanbide aldaketa nola planteatu irakatsiko da, besteak beste.

2017ko Empleo Guneren berritasunetako bat esperientzia arrakastatsuei buruzko mahaia izango da. Langabezian egon ondoren nahi zuten helburu profesionala lortu duten pertsonek hartuko dute parte. SECOT elkarteak moderatuko du mahai hori, eta artista grafiko batek esku-hartzeak ilustratuko ditu (graphic recording delakoa).

Aurreko edizioetan bezala, orientazioaren alorreko profesionalentzako jardunaldi teknikoa egingo da Empleo Guneren barruan. Aurten, ‘Marka pertsonala aniztasunetik kudeatzea' izango da gaia. Parte hartzeko dinamiken eta coaching tekniken bitartez, ibilbide profesionalean orientazioa bilatzen dutenei laguntza hobea emateko teknika berriak eskainiko dira.

"Hala Unibertsitatea nola Udala konprometituta gaude kalitateko enplegua sortu eta mantentzearekin. Horretarako, funtsezkoa da gure industria gero eta gehiago inplikatzea, bereziki enpresa adierazgarrienak, eta alor publiko eta pribatuaren arteko lankidetza handiagoa. Hain zuzen ere, Empleo Gunek eta antzeko ekitaldiek indarrak elkartzea dute xede, enplegu gehiago eta hobea sortzeko helburuarekin", adierazi du Nerea Melgosak.

Enpresak aurkezteko sektorekako mahai inguruez, enplegagarritasuna hobetzeko lantegiez eta orientazioaren alorreko saio teknikoaz gain, hasierako mahai-ingurua egingo da, ‘Administrazioan lan egitea: guztiontzako aukera' izenburupean; lurraldean diharduten administrazio publiko nagusietako ordezkariek hartuko dute parte: IVAP-Eusko Jaurlaritza, Arabako Foru Aldundia, Gizarte Ongizaterako Foru Erakundea, Gasteizko Udala, Euskal Osasun Zerbitzua, Hezkuntza Saila, eta Ertzaintza. "Mahaiaren helburua da enplegu-eskatzaileei adieraztea administrazio publikoan guztiontzako enplegu aukera dagoela, eta datozen urteetan gorantz egingo duela —azaldu du EHUren Arabako campuseko erretoreorde Iván Igartuak—. Datozen hilabeteetan egitekoak diren enplegu-eskaintza publikoen eta lan poltsen deialdiei buruzko informazioa emango da, eta deialdi horiek kudeatzearen arduradunek gomendioak emango dituzte administrazio ezberdinetan enplegua lortzeko: informazio bilaketa, sartzeko betekizunak, prozedurak, etab.".

Foroak irauten duen bitartean, enplegu zentro bat izango da, non EHUko eta Gasteizko Udaleko teknikariek arreta pertsonalizatua emango baitute, eta bi erakundeek laneratzea eta enplegagarritasuna hobetzeko dituzten baliabideez informatuko. "Aurtengo edizioan, berritasun gisa, lantegiak eskainiko ditu enplegu zentroak, enplegua bilatzeko tresna digitalak eta online zerbitzuak aurkezteko. Lantegietan parte hartu ahal izateko, aldez aurretik izena eman beharko da www.empleo-gune.org web-orrian; bertan kontsultatu ahalko da programa, eta zein ordu eta lekutan egingo diren jarduerak", zehaztu du erretoreordeak.

Europa biltzar jauregiko zazpi aretotan  egingo dira 2017ko Empleo Guneren jarduerak; izan ere, iaz egin zen lehen aldiz leku horretan Gasteizko Enpleguaren Foroa, arrakastaz.