euskaraespañol

Miren Basaras

Txertaketa: irtenbide pertsonala ala taldekoa?

Mikrobiologiako irakasle titularra

  • Cathedra

Lehenengo argitaratze data: 2017/10/13

Irudia

Behin baino gehiagotan, eztabaida gune ezberdinetan, txertoen inguruko gaiak egoten dira, batez ere txertoen alde eta kontra daudenak. Lehenengoek txertoetan fedea dute, bigarrenek, aldiz, ukatu egiten dute txertoen onura. Baina horretan guztian arrazoi zientifikoak eta sinesmenaren arrazoiak daude mahai gainean. Zientifikoki ezin da ukatu, txertoek historian zehar hainbat gaixotasun infekziosoren jaitsiera eragin dutenik. 1980an historian lehen aldiz lortu izan den gertaera gertatu zen: gaixotasun bat desagerraraztea, baztanga edo nafarreria deiturikoa. Mundu osoko lorpena izan zen, urteetan horren kontrako txertoa munduko pertsona orok hartu zutelako. Ez da batere erraza gaixotasun infekzioso bat desagerraraztea. Izatez, momentu honetan, besteak beste, poliomielitisaren desagertzearen kanpaina dago abian, eta, nahiz eta lurralde askotan lortu izan den desagerraraztea, oraindik munduko zenbait herritan agertzen da.

Gaur egungo umeen txertaketa egutegia 1975an hasi zen. Ordurarte zenbait gaixotasun ugariak ziren orduko umeetan, hala nola, elgorria, difteria, errubeola, polioa… eta gure aitona-amonen garai horretan hainbat ume ere hil egiten ziren gaixotasun horiek jota. Txertoak jartzen hasi zirenean, beraiek pentsatzen zuten osasunaren onurako zirela eta zientifikoki ikusita horrela izan da, gaixotasun horien intzidentzia edo eraso-tasa nabarmen jaitsi delako.

Gure inguruan, umeen txertaketa egutegian dauden txertoak %95 baino gehiagori ematen zaizkio, beraz umeen estaldura-tasa oso altua da. Izatez, %5 baino gutxiago da txertatzen ez dena. Horien barne daude, alde batetik, txerto batzuk hartu ezin dituztenak beraien osasun arrazoiengatik; bestetik, zoritxarrez gizarte-bazterketan bizi diren umeak daude; eta azkenik, gurasoek txertatu nahi ez dituzten umeak daude. Azken horietariko batzuek txertoek pairatu dezaketen albo-ondorioengatik ez dute nahi beren umeak txertatzerik. Baina elgorria jartzen badugu adibide gisa, gaixotasuna modu naturalez pairatzen duten milioi pertsonetatik 1.000k entzefalitisa gara dezake, 50.000k pneumonia eta 2.000ri heriotza eragin diezaieke. Elgorriaren kontra txertatzen diren milioitik batek baino gutxiagok entzefalitisa izan dezake, eta 34 kasutan alergia antzeko erreakzioak. Beraz, zientifikoki ere nabarmena da aldea.

Egia da txertoa hartzea ala ez pertsona bakoitzaren erabakia dela, baina aldi berean denoi eragiten digun arazo bihur daiteke. %5 hori txertatzen ez den heinean, txertoekin prebenitu daitezkeen mikroorganismoen transmisioa ahalbidetzen da, eta, horrela, komunitateko arazo edo kolektibo bihur daiteke. Lehenago aipatu bezala, badago populazio txiki bat beraien osasun arrazoiengatik, mota ezberdineko immunoeskasiengatik batez ere, ezin dituztela txerto batzuk hartu, eta txertatu gabeek pertsona hauek ere arriskuan jartzen dituzte. Beraz, erabaki pertsonal hori, taldeko ere bihurtzen da.

Txertoak ez dira bukatzen haurtzaroan edo nerabezaroan. Bizitza aurrera doan heinean, txertoez ahazten gara. Baina badago helduen txertaketa egutegia ere. Helduak bihotzeko gaixotasunez edo minbiziaz arduratzen gara eta ez gaixotasun infekziosoez; baina, helduen babesa osasun publikoaren helburu nagusi bat ere da, zahartze osasuntsuagoa izateko eta osasun asistentziaren kostuak gutxitzeko.

Noizean behinka, txerto batzuen oroimen dosiak hartu behar dira bizitzan zehar, gure immunizazioa egokia izateko. Besteetan, arrisku talde ezberdinetako pertsonek (adina, lanbidea, gaixotasunen bat,..) txertoak hartu behar dituzte. Adinekoen gripearen kontrako txertoa ezagunetarikoa da. Batzuetan ere gaixotasunen batek ematen duen arazo zehatzarengatik neurri bereziak har daitezke, hala nola, une honetan haurdun dauden emakumeei aholkatutako kukutxeztularen kontrako txertoa.

Helduen txertaketaren ikuspegi garrantzitsu bat egungo bidaiena da. Azken urtean estimatutako nazioarteko bidaiak 1,24 bilioi izan dira. Gero eta gehiago Internet bidez hartzen ditugu bidaiaren nondik norakoak, sarritan erosoagoa delako. Gainera lurralde exotikoetara, tropikaletara, basotsuetara edo indigenetara mugitzen gara, gehienetan jakin gabe osasun arriskurik izango ote dugun eta nola saihestu daitezkeen. Horietako bidaia askotarako aldez aurretik gaixotasun baten kontra txertatuak egon beharko ginateke. Baina benetan horren berri bilatzen al dugu bidaia prestatzen dugunean?

Argi dagoena da helduak ez garela txertatu behar bakarrik gaixotasuna ez pairatzeko, baizik eta gure lagun maite bat arriskuan ez jartzeko. Hemen ere taldeko tasun hori nabarmena da. Helduen txertaketa egutegiaren garrantzia ez da bakarrik mikroorganismoen hedapena kontrolatzeko, hori bada ere: batez ere, neurri bikaina da osasuna zaindu eta bultzatzeko, kostu eraginkorra izanik.

Sinesmenaren aldetik, batzuen iritzia da enpresa farmazeutikoak txertoen salmentarekin aberastu egiten omen direla. Irabaziak dituztela inork ezin du ukatu, baina beste botika askok irabazi gehiago ematen dizkiete (antiinflamatorioak, antidepresiboak, antihipertentsiboak,…). Estatuko gastu farmazeutikoaren %1,5-2 bakarrik da txertoei dagokiena. Jakinda txerto horiek gaixotasunak eta hildakoak saihesten dituztela, eta, beraz, botiken kontsumoa eta ospitaleko egonaldiak ere, ez dirudi gehiegi denik gastu hori.

Arrazoi zientifikoak eta sinesmenaren arrazoiak sarritan parean jartzen saiatzen dira batzuk, baina dudarik gabe ikuspegi zientifikoek agerian utzi dute txertoak seguruak, eraginkorrak eta efikazak direla.

 

Argazkiak: Mikel Mtz. de Trespuentes. UPV/EHU.