euskaraespañol

UPV/EHUk SEC2Un parte hartuko du

Lehenengo argitaratze data: 2017/10/23

Irudia

Ekintzaileek zaila izan ohi dute laguntza baliotsua eman ahalko lieketen inguruko jardueren berri izatea. Hori dela eta, urriaren 23tik 29ra, Startup Europe Comes to Universities (SEC2U) jardunaldiaren bigarren edizioa egingo da.

Europako Batzordeak (Startup Europe) abiatu du SEC2U proiektua, Europa osoko unibertsitateetan ekintzailetzaren eta berrikuntzaren kultura sendoa sorrarazteko. Proiektu horretako jardueretan, ikasleak, unibertsitateko langileak, ekintzaileak, enpresaburuak, elkarteak eta tokiko gobernuetako ordezkariak elkartzen dira, eskura duten laguntza erakusteko eta ekintzaileekin eta startupekin harreman baliotsuak egin ditzaten.

Hala, urriaren 23an, 18:00etatik aurrera, UPV/EHUren Arabako Campuseko Unibertsitate Pabiloian (Los Apraiz 1, Vitoria-Gasteiz), jardunaldi bat egingo da ikasleek eta ekintzaileek gertutik ikus dezaten zer-nolako aukerak eta laguntzak dituzten euren negozioak eta enpresa gaitasunak areagotzeko. Horrez gain, arrakasta izan duten istorio batzuk eta porrot egin duten kasu batzuk aurkeztuko dira ikasteko modu gisa, eta parte hartzaileei euren artean networking harremanak egiteko aukera emango zaie.

Ekitaldiaren aurkezpenean izango dira Iván Igartua, UPV/EHUren Arabako Campuseko errektoreordea, eta Nerea Melgosa, Gasteizko Udaleko Enpleguaren eta Garapen Ekonomiko Iraunkorraren arloko zinegotzia, Arabako Foru Aldundiko, BIC Arabako eta SECOTeko ordezkariekin batera.

Startup Europe Comes to Universities

Ekintzailetza oso kontuan hartzen da lan aukera gisa, eta gero eta ikasle, langabe eta langile gehiagok proiekturen bati ekitea erabakitzen dute, enplegua lortu nahian. Etorkizuneko ekintzaile horientzat behar-beharrezkoa da enpresan jarduteko gaitasunak garatzea, ez soilik euren negozioa hasi ahal izateko, baizik eta baita enpresa txikiei arrakasta lortzen laguntzeko ere. Gainera, korporazio handiak hasiak dira euren langileek dituzten ekiteko gaitasunak aintzat hartzen.

Europako SEC2U proiektuaren helburu nagusia da unibertsitateek ekintzaile espirituarekin duten konpromisoa erakustea eta unibertsitateok ekosistemako startuparekin konektatzea. Bigarren edizio honetan, izen handiko 30 unibertsitatek baino gehiagok parte hartuko dute, eta 3.000 lagun inguru etorriko dira denera. Horrela, parte hartuko duten organismoek, unibertsitateko esparruaren bitartez, intereseko informazioa eman ahal izango diote inguruan duten ekosistema ekintzaileari, eta Europa osoan ezagutarazi ahal izango dute.

Informazio gehiago: Startup Europe Comes to Universities - UPV/EHU Araba Campus