euskaraespañol

Konpresio jantziak kirolean

Horiek erabiltzeak eragin onuragarria bide du futbol jokalarien baitan neketik eta muskuluen kaltetik suspertzeko

  • Ikerketa

Lehenengo argitaratze data: 2017/10/26

Irudia

Diego Marqués Jiménezen tesiak futbol partidak konpresio jantziekin jokatzearen eragina azaldu du, baita konpresio tratamenduarena ere suspertze aldian.

Aldizkari biomedikoetan, ariketa egin ondotik suspertzean gertatzen diren azpiko prozesuei buruzko azterketa zientifiko ugari argitaratu dira; aldiz, suspertze prozesuen ezagutza ez dago behar bezala zientifikoki garatuta, entrenamendu arloan izandako aurrerakadaren aldean. Egun, futbol-jokalarien ariketak dakarren neketik edo muskuluen kaltetik suspertzeko estrategia batzuen ondorioak erakusten ari dira, baina egundaino, azterlanetan batek ere ez du ebaluatu adiskidantzazko futbol partidetan eta suspertze aldian askotariko konpresio jantziak eramateak nolako eragina duen. Alde horretatik, Diego Marquésen doktorego tesia, ‘Efectividad de las prendas de compresión como modalidad de recuperación de la fatiga muscular en jugadores de fútbol' deitua, berberak parte hartutako azterlan zientifikoetan oinarritu da: horiek JRC zerrendan indexatutako nazioarteko aldizkari zientifikoetan argitaratu dira edo argitaratzen ari dira.

Tesiak lau ikerlanen bilduma egin du, tartean direla futboleko neke eta muskulu kalteko mekanismo nagusiei buruzko berrikuspen bat, futboleko suspertze prozesua ebaluatzean kontuan hartu beharreko alderdiak, muskuluko kaltea suspertzen konpresio terapiak eragiten dituen ondorioei buruzko meta-analisi bat biltzen duen berrikuspen sistematiko bat, eta adiskidantzazko futbol partidak jokatzean askotariko konpresio jantziak eramateak duen eragina eta horiek partida ondorengo hiru egunetan duten eragina aztertzen dituzten bi azterlan esperimental.

Futbolariei ezartzen zaien lehiakortasunak eta gorputzari eskatzen zaizkion betebehar handiek eta aldakorrek sistema fisiologikoen neke eta estres handiak eragin ditzakete, eta horrek eragina izan dezake lehiaren ondoren guztiz suspertzeko orduan, baita partida ondorengo egunetako errendimenduan gorabeheraren bat sortu ere. Gainera, kirola suspertzen denbora gehiago ematen duenez entrenatzen baino, askotariko suspertze estrategiak baliatuz suspertze aldia hoberentzea ezin besteko prozedura da hurrengo partida edo entrenamendua prestatzeko orduan.  Bada, doktorego tesi honek informazio gehiago ematen du suspertze prozesu horiek hoberendu dezakeen estrategia bati buruz.

Meta-analisia gehitzen duen berrikuspen sistematikoko emaitzek erakutsi dutenez, konpresio jantziek erraztu egin dezakete ariketa ondoren suspertzea, baina emaitzak berretsi egin behar dira, eta ez dira eztabaidaezinak, egindako azterketa gehienek desberdintasun handiak dituztelako eta, beraz, zuhurtziaz interpretatu behar dira. Azterketa esperimentalen emaitzek erakutsi dutenez, adierazgarritasun estatistiko eskasa duten arren, askotariko konpresio jantziek eragin onuragarria izan dezakete ariketak sortutako nekea eta muskulu kaltea goxatzen. Nekearen sintomei erantzuteko, konpresioko galtza-zangoek eraginkorragoak dirudite eta, muskulu kaltearen sintomei erantzuteko, berriz, konpresioko galtza-zangoek eta izter-babesek. Edonola ere, egileak adierazi bezala, "futbol partidaren premiei futbolariak emandako gorputz erantzuna oso aldakorra da, eta agerian uzten du benetako joko egoerei buruzko azterketa gehiago behar direla, era horretan ondorio praktikoak atera eta aldakortasun hori kontuan hartuz aplikatu ahal izateko". Horrek balioko luke futbolarien gorputz, fisiologia eta pertzepzio erantzunetan suspertze estrategia horrek nolako eragina duen egiaztatzeko.

Informazio gehigarria

Tesia Javier Iñaki Arratibel Imaz eta Julio Calleja González doktoreek zuzendu dute, Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitateko Gorputz eta Kirol Hezkuntza Sailean. Nicolás Terrados Cepeda doktoreak ere lagundu du, eta bertan argitaratutako hainbat azterketa zientifikoren emaitzak biltzen dira.

Erreferentzia bibliografikoak

Marqués-Jiménez, D., Calleja-González, J., Arratibel, I., Delextrat, A., Terrados, N. ‘Fatigue and recovery in soccer: evidence and challenges'. The Open Sports Sciences Journal, 10, (Suppl 1: M5) 52-70 (2017).

Marqués-Jiménez D, Calleja-González J, Arratibel I, Delextrat, A., Terrados, N. ‘Are compression garments effective for the recovery of exercise-induced muscle damage? A systematic review with meta-analysis'. Physiology y Behavior, 153: 133–484. (2016).

Marqués-Jiménez D, Calleja-González J, Arratibel I, Delextrat, A., Uriarte, F., Terrados, N. ‘Physiological and physical responses to wearing compression garments during soccer matches and recovery'. J Sports Med Phys Fitness (2017). Doi: 10.23736/S0022-4707.17.07831-8.

Marqués-Jiménez D, Calleja-González J, Arratibel I, Delextrat, A., Uriarte, F., Terrados, N. ‘Influence of different types of compression garments on exercise-induced muscle damage markers after a soccer match'. Research in Sports Medicine (2017) (aceptado y pendiente de publicación).