euskaraespañol

Gerra Zibileko grafitiak

UPV/EHUko ikertzaileek dozenaka inskripzio identifikatu dituzte Keturako gotorlekuetan

  • Erreportajeak

Lehenengo argitaratze data: 2017/10/27

Irudia

Diziplinarteko ikertzaile-talde batek Keturako gotorlekuak ikertu ditu Ubideko sektore errepublikanoan bete zuten eginkizuna ulertzeko. Dozenaka inskripzio identifikatu dira, eta horiei esker aztertu ahal izan da zehatz-mehatz noiz eraiki ziren, nor egon zen bertan eta ze ideologia zegoen haien ekintzen oinarrian.

Ketura Arabako Zigoitia udalerriaren mendebaldean dago, Legutiorekin eta, zehazki, Ollerieta auzoarekin muga egiten duen parajean. Zelai batean, Gorbeiako Parke Naturalerako landa-bidearen alde banatan, kubo formako hormigoizko bi gotorleku daude. Egitura hauek Euzkadiko Armadaren 1936 eta 1937 arteko lehen defentsa-lerro errepublikanoa izan zenean daude. Villarrealgo guduaren, Aguirre lehendakariaren Eusko Jaurlaritzak zuzendutako eraso-maniobra bakarra izan zenaren, ondoren, frontea bertan ezarri zen: Ubide eta Otxandio Errepublikaren kuartelak ziren eta Villareal de Álava (gaur Legutio) altxatuen abangoardia. Ubideko errepidea kontrolpean izatea funtsezkoa zen Euzkadiko Armadaren defentsetarako.

Maiatzeko lehenengo hamabostaldian hasi zen Josu Santamarinak eta Xurxo Ayán doktoreak zuzendutako Euskal Herriko Unibertsitateko  diziplinarteko ikertzaile-talde bat Keturako egitura horien erregistro osoa egiten. Asmoa zen eremuko prospekzio-lanen bidez gotorlekuak beren lurralde-testuinguruan kokatzea, eta paramentuak ezkutatzen zituzten landareak kendu ondoren induskatu zituzten estratigrafia arkeologikoa jarraituz. "Errepublikanoen Keturako gotorlekuen ikerketa praktika-eremu baliagarria izan da proiektu arkeologiko osoa lortzeko. Ingurua erabat aldatuta dago Francoren erregimenaren pean urtegia eraikitzeko egindako lurralde-antolamenduaren ondorioz, baina eraikuntza hauek kontestualizatu ahal izan ditugu paisaian. Gotorlekuek "parapeto" izena dute bertako toponimian, eta orain integratuta daude ondarearen eta historiaren diskurtsoan. Badakigu abangoardia eginkizuna bete zutela 1936 eta 1937 artean Ubideko sektore errepublikanoaren defentsa-lerroetan", azaldu dute ikertzaileek.

Indusketa arkeologikoetan ez da material-kopuru esanguratsurik aurkitu, baina baliagarria izan da ia ahantzitako gudu baten hondar apalak dokumentatzeko. Fusilen eta pistolen bala-zorro gutxi batzuek ekartzen dute gogora Bizkaia menderatzeko frankisten erasoaldiari Euzkadiko Armadak egindako erresistentzia. Bestalde, Historiaurreko arkeologian labar-artea ikertzeko erabiltzen diren erreminta metodologiko berberak erabili dira gotorlekuetako grafitien azterketa zehatza egiteko. Horrela, dozenaka inskripzio identifikatu dira, eta horiei esker aztertu ahal izan da zehatz-mehatz noiz eraiki ziren, nor egon zen bertan –izen-abizen eta guzti– eta ze ideologia zegoen haien ekintzen oinarrian.

Bideoaren transkripzioa

Grafitien erregistro arkeologikoa

Gotorlekuetan aurkitu diren grafitiak parametro batzuk jarraituz sailkatu dira: izen propioak, izen kolektiboak, datak, ikurrak edo zehaztugabeak. Datei dagokienez, behin baino gehiagotan errepikatzen da 1937ko martxoaren 10ekoa, gotorlekuko lanak amaitu ziren egunekoa. "Data horrek beste zerbait ere jartzen du agerian: zein iragankorrak izan ziren eraikuntza hauek. Izan ere, handik aste gutxi batzuetara hasi zuen Molak berak Bizkaia mendean hartzeko frankisten erasoaldia, eta Arabako fronteko errepublikanoen erresistentzia suntsituta geratu zen. Horregatik, badirudi gotorlekuen defentsa-eremuan aurkitutako bala-zorroak altxatuen aurrerabide horretakoak eta indar errepublikanoen erresistentzia etsi hartakoak direla", esan du Josu Santamarinak.

Izen kolektiboei dagokienez, UGTri eta Madril batailoiari buruzko erreferentziak aurkitu dira. Madril batailoia (UGT-5 ere deitu zena) batez ere Bizkaiko Ezkerraldeko sozialistek osatzen zuten, eta Ubideko sektoreko posizioetan 1936ko abendutik 1937ko martxo-apirilera bitartean egon ziren. Batailoiko kiderik ezagunenetako bat Ramón Rubial izan zen, trantsizio garaian sozialisten buruzagi izan zena eta autonomia aurreko Eusko Kontseilu Nagusiko presidente izan zena.

Bestalde, inskripzioetan aurkitutako izen propioak Madril batailoiko kideenak dira: Fidel Férnández, Pablo Mendieta eta Álvarez kapitaina, besteak beste. Kasu batzuetan, jarraitu ahal izan zaio horien historiari artxibo historikoetan: asko eta asko preso-esparru batetik bestera ibili zituzten, langile-batailoi diziplinarioetan zigortu zituzten eta gerra ondoren espetxean egon ziren hainbat urtetan. "Izenik deigarriena Katalina da, emakume-izen bakarra den aldetik. Gainera, fronteko lehen lerroan egotea oraindik ere deigarriagoa da, kontuan hartzen badugu Euzkadiko Armadak kendu egin zituela emakumezko milizianoak abangoardiatik gerrako lehenengo hilabeteetan. Dokumentu-iturrietan ez da horri buruzko ezer aurkitu", adierazi dute UPV/EHUko ikertzaileek.

Azkenik, eta ikurrei dagokienez, azpimarragarriena gotorlekuetako baten estalkian dagoen irudi handia da, igitai bat eta mailu bat irudikatzen dituena. Argi eta garbi marxista den ikur horrek nolabait ere adierazten du PSOEko gazteriak eta PCEkoak Errepublikan bat egin zuteneko unea Juventudes Socialistas Unificadas (JSU) osatzeko. "Sinbologiaren ezaugarri guztiz politiko horrek oraindik ere harrigarriago egiten du gaur arte mantendu izana. Izan ere, gerra ondoren, Francoren Erregimenak irmotasunez jazarri zituen sinbolo subertsibo guztiak", argitu du Santamarinak.

Ketura bere testuinguruan kokatzea

"Paisaia ahaztuak 1936-1937: Gerra Zibileko ondare belikoa Araban" proiektuaren helburuetako bat da probintzian dauden eta gerra garaian eraiki ziren azpiegituren hondar guztiak aurkitu, identifikatu eta dokumentatzea. Alde horretatik, Arabako fronte osoan 75 gerra-posizio dokumentatu dira (bi bandoetakoak) zortzi udalerritan banatuta, guztiak lurraldearen iparraldean. Keturari dagokionez, lehenengo lana izan zen Ubideko sektore errepublikanoan bete zuen eginkizuna ulertzea. Eremua Euzkadiko Armadaren lehen defentsa eta borroka lerroa izan zen, garai hartan "kontaktu eremua" deitzen zitzaiona.

Baina Keturakoa elkarren paraleloan antolatuta dauden defentsa-lerroetako lehenengoa da. Iparralderantz, hainbat metrotara, Olartegiko eremuan, hainbat defentsa-postu dituen lubaki-lerro luze bat dago, Karakoatxa mendia Ubideko errepidearekin lotzen duena. Hori baino iparralderago hirugarren lerroa dago, Siskino-Olagotitzakoa, Oketa mendia (mendebaldean) Santa Engraziko ermitarekin (ekialdean) lotzen duena; ermita hori miliziano sozialisten babeslekua izan zen. Era horretara, beraz, hiru lerrok defendatu zuten Ubideko sektorea mendebaldean. Posizio horiek eraikitzeak, mantentzeak eta defendatzeak azpiegitura militar espezifikoak eraikitzea ere eskatzen zuen, besteak beste, Ubide herria Oketa mendiarekin lotzeko errepidea. Euzkadiko Armadako Batailoi Diziplinarioak, delitu-karguak zituzten eta kausarekiko atxikimendu batere argia ez zuten pertsonek osatuta zegoenak, egin zituen lan horiek, baina ezin izan zituen amaitu. Gaur egun, oraindik ere, "gorrien bidea" deitzen diote bide horri.

Etorkizunera begira, epe ertainera, gotorleku errepublikano horiek memoria historikorako eta, Gorbeiako Parke Naturalaren paisaia-eskaintzaren baitan, ikusmenerako osatzea baino ez da geratzen, egungo belaunaldiek eta datozenek tokitxo bat izan dezaten Gerra Zibilean Euskadin 1936-1937an zer gertatu zen ikasteko eta partekatzeko eta gertatutakoaz gogoeta egiteko.