euskaraespañol

Bilboko erdialdeko merkataritzaren eboluzioari esker, hiria lehiakorragoa da

Merkataritza aztertzeko eredu bat sortu du UPV/EHUk, zeinak sari bat irabazi baitu AEDEM akademiaren biltzarrean

  • Ikerketa

Lehenengo argitaratze data: 2017/11/29

Irudia
Bilboko Alde Zaharreko Zamudioko atea kaleak egoki islatzen du auzoak, oro har, duen izaera komertziala. (Xabier Olabarrieta)

Merkataritza oinarrizko sektorea da hirien jarduera ekonomikoan, eta haren eboluzioak eragin zuzena du, hala alderdi ekonomiko hutsetan, nola alderdi sozial eta urbanistikoagoetan. UPV/EHUko Finantza Ekonomia II Sailean egindako ikerketa batek zehaztu du zer adierazle hartu behar diren kontuan hiri-eremu jakin bateko merkataritzaren egoera ezagutzeko. Adierazle horiek, era berean, erakusten dute zer alderditan egin behar den indarra hirigintza-kudeaketan, jarduera-maila egokia izan dadin, bai eta ohiko saltokien eta kate eta frankizien arteko oreka lortzeko ere.

Merkataritza, hirietako jarduera ekonomikoaren oinarrizko sektorea den neurrian, funtsezko osagaia da hiri-eremu lehiakor eta bereziak sortzeko orduan. “Ikuspuntu ekonomikotik haratago, ikuspuntu sozial eta urbanistikotik ere ondorio asko ditu. Gainera, ohiko merkataritzak erronka berriak gainditu behar ditu, hala nola online merkataritza, frankizien eta kate komertzialen hedapena eta abar”, azaldu du UPV/EHUko  Finantza Ekonomia II Saileko Xabier Olabarrieta Arnaiz irakasleak.

Merkataritzaren egoeraz arduratuta, eta gune horiek kudeatzeko tresna praktiko bat sortzeko asmoz, merkataritzaren erakarpen-gaitasunean eragina duten zenbait faktore aztertu ditu Olabarrietak sail bereko irakasle Pilar Zorrilla Calvorekin batera. Metodologia bat izan da azterketa horren azkeneko emaitza, hiri-eremu jakin bateko merkataritza une zehatz batean zer egoeratan dagoen ezagutzeko.

Zazpi ezaugarri hartzen ditu aintzat garatutako metodologiak: jarduera komertzialaren maila, hau da, saltoki aktiboen kopurua; saltokien mixa edo kategoria-aniztasuna (ostalaritzako, ondasun-salerosketako eta zerbitzuetako dendak egotea); komertzioen antolamendu-motak (saltoki independenteak, frankiziak, kateak…); denden jatorri geografikoa; haien azalera komertziala, antzinatasuna eta IKT tresnen garapen maila (webgunerik duten, online saltzen duten, sare sozialetan dauden eta abar). “Aurretik egin diren azterketetan oinarrituta aukeratu ditugu faktore horiek, kontsumitzaileentzat garrantzitsuak direla ondorioztatu baitute”, adierazi du Olabarrietak. Nabarmentzekoa da, gainera, adierazle bana garatu dutela kontuan hartutako bi ezaugarri neurtzeko: aniztasun eta tipologia komertzialak.

Analisi horri esker, jakin daiteke nola dagoen hiri-eremu jakin bateko merkataritza une zehatz batean, baina ez du zertan gaur egungoa izan. “Metodologia zenbait denbora-unetan erabilita, aztertutako hiri-eremuak izandako eboluzioa ezagut daiteke”, gaineratu du.

Bilboko Alde Zaharraren analisiak saria lortu du

Egindako ikerketan, tresna garatzeaz gain, Bilboko erdigunea aztertzeko erabili zuten; zehazki, hiriguneko hiru auzoetan: Abando, Indautxu eta Alde Zaharra, “horiek baitira auzo indartsuenak merkataritzaren ikuspuntutik. 1982tik 2014raino nola aldatu den begiratu genuen. Eboluzioa bera ere nolakoa izan zen jakiteko, bi urte horiez gain, 1990. urteko egoera ere hartu genuen aintzat”, azaldu du ikertzaileak.

Ateratako ondorioen arabera, merkataritzak “eboluzio positiboa izan du, oro har; esan daiteke merkataritzak Bilbon izan duen eboluzioari esker, hiria lehiakorragoa dela”. Besteak beste, ikusi zuten saltoki aktiboen kopuruak ia % 8 egin duela gora, eta, denden jatorriari dagokionez, bertakoak ez diren saltokiak % 7 izatetik % 27 izatera pasatu direla 1990etik 2014ra. “Igoera handia bada ere, neurrizkoa izaten jarraitzen du”, deritzo. Gauza bera gertatu da establezimenduen antolamendu-motarekin: “Positibotzat jotzen da frankiziak eta kateak igo diren neurrian igo izana, oraindik ere asko baitira saltoki independenteak”.

Ikerketa horri lotutako azterketa jakin bat, Bilboko alde zaharra bakarrik aztertzen duena, XXXI. Enpresaren Zuzendaritza eta Ekonomiaren Europako Akademiaren (AEDEM) Biltzarrean aurkeztu zuten egileek, eta Espazio Turistikoen eta Komertzialen  Enpresa Kudeaketari buruzko Ikerketa Onenaren saria lortu zuten, Sevillako Unibertsitateko Metropol-Parasol Katedraren eskutik.

Olabarrietak adierazi duenez, “sariaren helburua da eremu turistikoen ikerketa sustatzea, bai ikuspuntu komertzialetik bai kudeaketaren ikuspuntutik; hau da, tresna alor akademikotik haratago ere baliagarria dela aitortzen du”. Zentzu horretan, guztiz bat egiten du ikerketaren abiapuntuko planteamenduarekin. Sortutako tresna baliagarria da merkataritzaren jarraipena egiteko, haren eboluzioa ikusteko, desorekaren bat gertatu den antzemateko, eta kudeaketa publikotik neurriak hartzen saiatzeko tokiko merkataritza babesteko, betiko dendei eusteko, dendetan online merkataritza jartzeko eta abarrerako.

 

Informazio osagarria

Xabier Olabarrieta Arnaizek (Bilbo, 1967) bere doktoretza-tesiaren barruan egin du ikerketa. El Comercio Urbano como Factor de Competitividad de las Ciudades. Modelo de Análisis de su Estructura y Evolución: Aplicación a la Ciudad de Bilbao (1982-2014) (Hiri-merkataritza hirien lehiakortasun-faktore gisa. Egitura eta eboluzioa aztertzeko eredua: Bilbo hirian aplikatuta (1982-2014)) da tesiaren izenburua, eta Finantza Ekonomia II Sailean egin du (Merkaturatzea eta Merkatal Ikerkuntza atalean), Pilar Zorrilla Calvo doktore eta sail bereko irakasle titularraren zuzendaritzapean.