euskaraespañol

Morauk bere azken lana aurkeztu du Medikuntza eta Erizaintza Fakultatean, Donostian

Kantautoreak gaixotasunari eta zaintzari hitza eta doinua jarri dizkio Euskararen Eguneko ospakizunetan

  • Kronika

Lehenengo argitaratze data: 2017/12/05

Irudia
Morau, Hernaniko kantautorea, Medikuntza eta Erizaintza Fakultatean, Donostian (UPV/EHU)

Morau da Andoni Tolosaren goitizen artistikoa da. Hernaniko kantautoreak “gizartearen kronistatzat” hartzen du bere burua, eta ironiaz eta samurtasunez beteriko kantuak plazaratu ditu orain arte grabatu dituen sei diskoetan. Abenduaren 4an, Medikuntza eta Erizaintza Fakultatean, Donostian, Euskararen Eguna ospatzeko Gipuzkoako Campusak antolatu duen programaren barruan, bere azken lana aurkeztu du.

Kantuen eta anekdoten bidez, Alzheimerrekiko bere amaren ibilbidea kontatu digu, eta, bide batez, erizaintzarekin lotutako gaiak jorratzeko aukera eman digu, senitartearen eta zaintzailearen ikuspuntutik, hala nola diagnosiaren ondorioak, minaren eta zaintzaren gorabeherak, edo heriotzaren aurrean bizi izandako pasadizo hunkigarriak.

“Medikuntzan edo Bioetikan, askotan, gaixotasunaz hitz egiten dugu ikuspuntu orokor batetik. Baina zaintza harremanetan sartuz gero, han gaixotasunik ez dago. Dagoena da benetan existitzen diren gaixoak, hezur eta haragizko eta hitzezko izakiak, denak ezberdinak. Denak bereziak”, azaldu du aurkezpenean Antonio Casadok, Gipuzkoako Campuseko Unibertsitate Hedakuntzako zuzendariak.