euskaraespañol

Bordeleko ikasleek Arabako Campusa bisitatu dute

Ikasleek Lascaray ikerguneak emandako Enologia Berritzailea masterrean hartu dute parte

  • Kronika

Lehenengo argitaratze data: 2017/12/05

Irudia

Bordeleko “Master of Business and Science in Vineyard & Winery Management de L’Ecole Nationale Supérieure des Sciences Agronomiques” masterreko 32 ikasle Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitateko Arabako Campusera bertaratu dira UPV/EHUren Enologia Berritzailea masterreko “Ardogintzaren kudeaketa” ikasgaian parte hartzeko. Bi masterren artean dagoen hitzarmenari esker, masterreko titulu bikoitza eskuratzeko aukera dago; gainera, batera matrikulatzeko abantailak eskaintzen ditu eta tesiak tutorekidetzan egiteko elkarlana ahalbidetzen du.

Taldea osatzen duten 32 ikasleen artean —18 nazionalitate diferentekoak— profil profesional diferenteko pertsonak bildu dira, guztiak bat etorriz enologian eta mahastizaintzaren kudeaketan duten interesean. Moldaerraztasun horri esker, sektore honetan irtenbide profesional gehiago aurkitzeko aukera dute.

Hainbat mahastizaintzako ustiapen eta upategi bisitatzeaz gain, Lascaray ikergunera bertaratu ziren UPV/EHUko Analisi Sentsorialeko Laborategia eta Arabako Campuseko gune honetako instalazio zientifikoak sakonean ezagutzeko. Bisita UPV/EHUko Enologia berritzailea masterreko arduradunek (Patxi Perez Elortondo, Iñaki Etaio eta Azucena Vicente) zuzendu zuten. UPV/EHUko master horretan kolaboratzaile diren Neiker-en eta HAZI Fundazioaren instalazioak ere bisitatu zituzten.

Enologia berritzaileko masterraren eskola teorikoak urtarriletik ekainera ematen dira eta, ondoren, mahastizaintzako eta ardogintzako enpresetako praktikekin eta master amaierako lan batekin osatzen dira.

Informazio gehiago nahi izanez gero: UPV/EHUko Enologia Berritzailea masterra