euskaraespañol

EAEn erabat bereizita irakasten dira hizkuntzak, hizkuntzen arteko transferentziak baliatu gabe

UPV/EHUko azterketa baten arabera, Euskadiko ikastetxeek ez dute ikuspegi eleanitza erabiltzen hizkuntzak irakasteko

  • Ikerketa

Lehenengo argitaratze data: 2017/12/05

Irudia
Elizabet Arocena. Argazkia: UPV/EHU.

UPV/EHUk EAEko hainbat ikastetxetan egindako azterketa baten arabera, ikastetxeek ez dituzte hizkuntzak irakasteko ikuspegi eleanitzak aplikatzen, hiztun elebakarren batura gisa hartzen baitituzte ikasle eleaniztunak, hizkuntzak erabat bereizita irakatsiz. Ikertzaileek diotenez, hizkuntzak irakasteko ikuspegi orokorragoak, hizkuntzen arteko transferentziak baliatzen dituztenak, zabaltzen ari dira gaur egun, eta hemengo ikastetxeek badituzte oinarri pedagogikoak ikuspegi hori ezarri eta zabaltzeko.

UPV/EHUko Hezkuntzaren Teoria eta Historia Sailean Elizabet Arocena irakasleak Durk Gorter Ikerbasque ikertzailearen eta Jasone Cenoz UPV/EHUko katedradunaren zuzendaritzapean egindako ikerketa batek dionez, Euskal Autonomia Erkidegoko ikastetxeetan ez dago ikuspegi eleanitza zabalduta, baina ikasgeletan eta idazlanetan ikusitakoaren arabera agerian geratu da badirela “oinarri pedagogikoak ikuspegi eleanitza ikastetxeetan ezarri eta zabaltzeko”.

Arocena irakasle eta ikertzaileak azaltzen duenez, “hiztun eleanitzek ez dituzte beren buruan hizkuntzak isolatzen edo bakantzen. Alegia, hiztun eleanitzak ez dira hiztun elebakarren batura. Hizkuntzen arteko mugak gainditzen dituzte, beste hizkuntzetan ikasitakoak erabiltzen baitituzte beren hizkuntza ahulenean, adibidez”. Gaur egun, gainera, nazioarteko hainbat ikertzailek zalantzan jartzen dute hizkuntzak bereizita irakasteko joera, eta ikuspegi orokorrago baten, ikuspegi eleanitzaren, alde egiten dute; hau da, hizkuntza batean ikasitakoak beste hizkuntzetan erabiltzeko baliabideak irakastea proposatzen dute.

Euskal ikastetxeetan ikuspegi eleanitza zenbateraino zabalduta dagoen eta ikuspegi hori ezartzeko edo zabaltzeko oinarri pedagogikorik badagoen aztertzea izan da Arocenaren ikerketaren helburua. Horretarako, elkarrizketak egin dizkie hizkuntza-irakasleei eta haien eskolak behatu ditu, irakasleen iritziak jaso eta eskolak emateko moduak aztertzeko; bestalde, ikasleen joerak aztertzeko, informazio orokorra eskuratzeko inkesta bat betearazi die ikasleei (adina, ama-hizkuntza, zer hizkuntza erabiltzen dituzten, noiz...) eta haien hiruna idazlan aztertu ditu.

Oinarri pedagogikoak

Irakasleen hainbat iritzi eta uste bildu ditu ikertzaileak. Besteak beste, irakasleek nabarmentzen dute hizkuntzak irakastean ikasleak elebakartzat hartzen dituztela, eta helburua dela ikasleek hizkuntza horretako elebakarren maila lortzea, nahiz eta jakin badakiten oso zaila dela maila hori hiru hizkuntzetan lortzea. Irakasleek, gainera, uste dute eskoletan ez dela beste hizkuntzarik nahasi behar irakaskuntzan laguntzeko, ez dela kode-aldaketarik egin behar, baina Arocenak egiaztatu du hizkuntzak irakastean uste baino gehiagotan erabiltzen direla beste hizkuntzak, batez ere hiztegia eta kontzeptu zailak azaltzeko garaian.

Bestalde, ikasleen idazlanetatik ondorioztatu du ikasleek puskatu egiten dituztela elebakartasunaren ikuspegiak sortzen dituen hesiak, hizkuntza batean ikasitakoa erabiltzen baitute beste hizkuntzetan. Izan ere, “ikusi dugu, lexikoa transferitzeaz gainera, puntuazioa, testu-antolaketa eta edukia transferitzeko gai direla ikasleak”, adierazi du Arocenak. Idazlanen ezaugarriek agerian uzten dute, ikertzaileak dionez, “hiztuna eleaniztun gisa hartu beharra dagoela, ez baitu desberdin idazten hizkuntza batean zein bestean. Hori guztia ez dugu kontuan hartzen askotan, garrantzitsua baita kontuan hartzea ikasleek eleaniztun gisa zer baliabide erabiltzen dituzten: gauza bat hizkuntza batean egiten baldin badakite, zergatik ez erakutsi nola transferitu hori beste hizkuntzetara? Edo zergatik ez erabili transferentzia hori beste hizkuntza bat ikasteko prozesuan?”.

Informazio osagarria

UPV/EHUko Hezkuntza, Filosofia eta Antropologia Fakultateko Hezkuntzaren Teoria eta Historia Sailean Elizabet Arocena Egañak (Deba, 1971) egindako tesiaren testuinguruan kokatzen da ikerketa hau. Tesiaren izenburua Multilingual Education: Teacher’s Beliefs and Language Use in the Classroom da, eta Euskal Autonomia Erkidegoko Lehen eta Bigarren Hezkuntzako zenbait ikastetxetan 2012, 2013 eta 2014an jasotako datuekin egin ditu azterketak.