euskaraespañol

Euskarazko 30 liburu berri eramango ditu aurten UPV/EHUk Durangoko Azokara

Azken urtean euskaraz argitaratu dituen liburuak erakutsiko ditu abenduaren 6tik 10era bitartean ospatuko den 52. edizioan

  • Albisteak

Lehenengo argitaratze data: 2017/12/04

Irudia

Euskal Herriko Unibertsitatea, euskara sustatzeko daukan konpromisoari eutsiz, Durangoko Azokan, euskal kulturaren erakustoki garrantzitsuenean, izango da aurten ere. Hala, UPV/EHUk azken urtean euskaraz argitaratu dituen 30 titulu berri baino gehiago eramango ditu abenduaren 6tik 10era bitartean ospatuko den 52. ediziora.

UPV/EHUko Argitalpen Zerbitzuak jakintzaren arlo guztietako euskarazko liburuak aurkeztuko ditu han: ikasleentzat eta unibertsitatetik kanpoko jendearentzat erakargarri diren ikasliburu teknikoek (sormenezko nahiz itzulpen bidezko) eta dibulgaziokoek osatzen dute uzta.

Egungo euskal komikiaren historia lana (Euskal Literatura saila), Iratxe Retolazaren ardurapean, komikigintzara begirada literario eta linguistikotik hurbildu da. Egungo euskal literaturaren historia Jon Kortazarrek zuzendutako azpisailaren zortzigarren eta azken titulua da. Sail berean, Haritz Monreal ikerlatzaileak, Mendi literatura lanean, mendiaz diharduen literaturak eta mendizaleen literaturak munduan eta Euskal Herrian izan duten bilakabidea aztertu du.

Wilhelm von Humboldt eta Euskal Herria (Filosofia saila), euskal nazioari eta hizkuntzari buruzko ikerketek leku esanguratsua betetzen dute prusiar humanista, politikari eta hizkuntzalari ezagunaren obran. Eduki horiek modu sistematiko batean eta Humboldten pentsamendu antropologikoarekiko erlazioan eskaintzen dizkigu Iñaki Zabaleta Gorrotxategiren liburuak.

Eromena, azpimemoria eta isiltasuna(k) idazten (Gizarte Zientziak saila): Itxaso Martinek ikuspuntu feminista batetik egindako lan honetan, gizarteak eta moralak ematen zien feminitatearen rol hegemonikoa hausten zuten emakumeak psikiatrikoan sartzen zituztela frogatzen da. Eta oso beharrezkoa ikusten du isildu, baztertu eta ezerezera kondenatuak izan direnak azpimemoriatik ateratzea. Ikerketa honek Micaela Portilla saria irabazi du.

Bertsolarien ahoz. Modernizazio prozesua eta identitate bideak Gipuzkoan, 1830-1936 (Historia Garaikidea saila): liburu honetan aztertutako sei bertsolariak −Xenpelar, Bilintx, Pello Errota, Pedro Mari Otaño, Txirrita eta Jose Mari Lopetegi− modernizazioaren alderdi nagusi guztiei buruz mintzatu ziren. Bertsolarien lanek Euskal Herriaren historia ezagutzeko iturri historiko gisa duten balioa erakusten digu Luzia Alberro egileak.

Sona handiko lau testuliburu

Euskal Herriko Unibertsitateak, hainbat urtetako bideari segituz, euskarara itzuli ditu irakaskuntzarako garrantzitsuak izango diren beste hizkuntzetako sona handiko lau testuliburu.

Nazioarteko Harremanak zer diren, Chris Brown eta Kirsten Ainley egileen lana. Argia eta ulerterraza, eta, era berean, kritikoa eta zorrotza da liburu hau, non autoreek modu sistematikoan lantzen dituzten teoriako ikergai klasikoak –boterea, interes nazionala, kanpo-politika eta gerra–,bai eta globalizazioak segurtasunean, gobernantzan eta mundu-ekonomian izan duen inpaktua ere. Munduaren eskualde geografia Blanca Azcárate, Mª Victoria Azcárate eta José Sánchez egileen lanean, Lurreko eskualde-espazio handien antolaketa, fenomeno geografikoak eta espazioen arteko harremanak lantzen dira, grafiko eta mapa ugariz lagunduta. Antzinateko greziar munduaren historia politikoa, Marie-Françoise Baslez irakaslearen lana.

Antzinateko Greziaren historiaren bi mila urte aztertuta, modu sakon eta dinamikoan hurbil daiteke Mendebaldeko munduaren eraikuntzan eginkizun funtsezkoa izan zuen barruti geografiko eta humanoko egitura politikoetara. Aljebra lineala ondo egina: Sheldon Axler egilearen lan hau matematikako graduko zein graduondoko ikasleei zuzenduta dago.

Aurreko eskuliburuez gain, bi osasun-gida ere itzuli dira: Botikak bide parenteraletik emateko gida praktikoa, Sendoa Ballesteros eta Irrintzi Fernández irakasleen lana, erizaintzako ikasleei zuzendua, eta 2 motako diabetesa kudeatzeko gida praktikoa, José Contreras irakasleak beste batzuekin batera eginiko lana.

Horrez gain, euskaraz sortutako bederatzi eskuliburu publikatu dira paperean. Gizarte-zientzietan: Nazioarteko Harremanetako 14 giltza-hitz, Ander Gutiérrez-Solana irakasleak koordinatutako lana; eta Historiagintzaren ikuspegi berriak, Bakarne Altonaga, Maialen Aranguren eta Aintzane Rincón irakasleena, UEUrekin batera argitaratua. Giza zientzietan: Hizkuntza-normalizazioa. Planak eta plangintzak ikastetxeetan, Miren Lore Erriondo eta Xabier Isasi irakasleena, eta Itzulpengintza literarioaren gida (frantsesa/euskara), Arrate Aldama, Juan Ibeas eta Lydia Vázquez egileena. Zientzietan: Zenbakizko metodoak MATLAB erabiliz, Eugenio Mijangos irakaslearena, eta Metodologia esperimentala kimikan, Ane Bordagaray Contreras irakasleak beste batzuekin batera egindako lana. Osasun-zientzietan: Erizainentzako farmakologia klinikoa, Laura Sáenz del Burgo eta Argia Acarregui egileen proposamena. Ingeniaritzan: Errepideak. II. liburukia: Trazatua, Heriberto Pérez irakaslearena; eta Elektronika eta kontrol-sistemak. Meatzaritza eta Energia Teknologiaren Ingeniaritzako Gradua, Oihane Abarrategui eta Araitz Iturregi egileena.

Bildumen atalean, filosofiako testu klasikoak jasotzen dituen Limes bilduman, Saio politiko eta ekonomiko hautatuak titulupean, David Hume pentsalari eskoziarraren  testuak aurkituko ditugu. Halaber, Legeak-Leyes bilduman, Ikus-entzunezko Komunikazioari buruzko Lege Orokorra argitaratu da, María Nieves Arreseren ardurapean.

Berrikuntzak

Halaber, badaude interes handiko beste hainbat testu: Esaldiak josten, Juan Garziaren lana, Esaldiaren antolaera: funtzio-informatiboak gako liburuaren segida. Oraingo proposamen honetan, esalditik gorako urratsari ekin dio egileak. 7.000 urte harriz eraikitzen Araban, Arabako Errioxa eta Gasteiz bitarteko ibilbide kronologikoa proposatzen du Luis Miguel Martínez irakasleak lan honetan, arrokak aztertzeko eta arroken erabilera eta eraikuntza-sistemen bilakaerarekin duten harremana aztertzeko. Argazki ederrez hornituta, koloretan eta ele bitan dator liburua.

uskal zinema bideo bilera. 40 urte zinea eta euskara bultzatzen: 1978an, Lekeitioko Zinema Bilera hasi zen, gaur egun euskal zinema eta bideoari buruz Euskal Herrian geratzen den bakarra. Ekimen horren historia biltzen da liburu honetan. Paisaia-ikuspegia eta haren lau dimentsioak, Maider Uriarte iaz hil zen irakaslearen lan honetan, Bilbo aldeko hiri-bazterreko paisaia menditsuen kasua aztertzen da, horretarako metodo interpretatzaile konstruktibista aplikatuz. UEUrekin batera argitaratu da. Eta, azkena, Arrantza-sektoreko langileen arrisku-faktore psikosozialen hastapenak, Amaia Ituarte eta Alfonso Apellaniz egileen lana.

Omenaldietan, Gotzon Aurrekoetxea lagunarterik hara liburua dugu, non filologia eta hizkuntzalaritza arloetako ikerketak jasotzen diren. Eta Mikel Laboa. Omenaldia; lan honetan Arte Ederren Fakultateko ikasleek Mikel Laboaren omenez eginiko irudi-lanen laburpen bat jasotzen da. Mikel Laboa Katedraren bildumako lehenengo publikazioa da.

Euskarazko aldizkarietako azken zenbakiak ere eramango ditu UPV/EHUK Durangora: Ekaia (zientzia eta teknologia) aldizkariaren ale arruntak eta Potentzia-elektronika: teknologia eta aplikazioak zenbaki berezia, Tantak (hezkuntza) eta Gogoa (diziplina anitzekoa). Baita ASJU (euskal filologia) aldizkari eleaniztuna ere. Berrikuntza horietaz gain, bisitariek beste 200 titulu ere izango dituzte aukeran.