Turbinak erregulatuz, eraginkortasun hobea Mutrikuko olatu-energiaren instalazioak

Olatuetatik energia sortzeko Mutrikuko instalazioaren benetako funtzionamendua aztertu dute lehen aldiz UPV/EHUko ikertzaileek

  • Ikerketa

Lehenengo argitaratze data: 2017/12/13

UPV/EHUko EOLO (Klima, Meteorologia eta Ingurumen Taldea) ikerketa-taldearen azterketa batek agerian utzi du nazioartean aitzindari den Mutrikuko olatu-energiaren instalazioetako teknologiak errendimendua hobetu beharra duela beste energia-iturri berriztagarri batzuen balioak lortu eta errazago merkaturatu ahal izateko.

Gabriel Ibarra. (Mitxi. UPV/EHU)

Mutrikuko itsas energiaren edo olatu-energiaren instalazioa da olatuek sortutako energia elektrikoa sarean erregulartasunez injektatzen duen munduko instalazio komertzial bakarra (ez baita prototipoa). 2011n jarri zen martxan, eta 2014-2016 bitartean instalazioak izan duen portaera aztertu du UPV/EHUko EOLO taldeak. “Garrantzitsua da olatu-energiaren instalazioaren benetako funtzionamendua zein den jakitea, instalazioan erabiltzen den teknologiak zer portaera duen aztertzea eta zer gabezia eta abantaila dituen hautematea, instalazioa hobetzen laguntzeko”, azaldu du Gabriel Ibarra Berastegi ikerketaburuak.

“Olatu-energiaren erauzketaren hastapenetan gaude; hain zuzen ere, zenbait gailu- eta teknologia-mota garabidean daude gaur egun. Esate baterako, OWC teknologia (Oscillating Water Column), Mutrikun erabiltzen dena”, erantsi du. OWC teknologian, olatuek ez dituzte zuzenean turbinak mugitzen; aitzitik, olatuek bultzatzen duten aire konprimatuzko masa batek bultzatzen ditu turbinak. Egitura horren goiko aldean, aire-ganbera bat sortzen da, eta beheko aldea uretan murgilduta dago. Hala, olatuak bere joan-etorrietan eragiten duen mugimenduaz baliatzen da turbina, eta hari akoplatutako sorgailuak energia injektatzen du sarean. “Turbinek sortzen duten elektrizitatea saldu egiten zaio aldizka sare elektrikoari. Mutrikuren kasuan, denboraren % 75ean gertatzen da hori. Badira tarteka geldialdiak, olatuak bare daudenean edota olatu indartsuegiak direnean", azaldu du Ibarrak.

Errendimenduaren adierazlea

Energiaren Euskal Erakundea da instalazioaren kudeatzailea, eta hark emandako operazio-datuen azterketan eta analisietan oinarritu da ikerketa.

Datuok aztertu eta ordenatu ondoren, “ikusi dugu kapazitate-faktorea (CF, ingelesezko izenetik) dela instalazioaren errendimendu-adierazleetako bat, ekoizpen elektrikoko teknologiak alderatzeko aukera ematen baitu”, azaldu du ikertzaile nagusiak. “Kasu honetan, Mutrikuko instalazioaren CF kalkulatu dugu, eta ikusi dugu 0,11 balio duela. Konparazio baterako, energia eolikoko instalazioen CF 0,2-0,3 inguru da, eta eguzki-energiakoena, 0,4. Horrek adierazten du —dio Ibarrak— Mutrikuko OWC teknologiaren kapazitate-faktorea hobetu beharra dagoela energia berriztagarrien gainerako iturrien balioen mailan kokatu ahal izateko”. “Gure ustez, hori lortzeko, turbinen biratze-abiaduraren erregulazioa eta kontrola hobetu behar da, alegia, hurbiltzen diren olatuen arabera turbinak duen biratze-abiadura behar bezala kudeatu beharra dago”, ondorioztatu du.

Gabriel Ibarraren arabera, “aurrerapen handia eragingo dute Mutrikuko instalazioetako datuetatik ateratako ondorio hauek, Mutrikukoa benetako instalazioa baita. Horri esker, OWC teknologiak heldutasuna lor dezan eman beharreko urratsak bideratu eta identifikatuko dira, errazagoa izan dadin teknologia merkaturatu eta ezartzea”.

Erreferentzia bibliografikoa