euskaraespañol

María Puy Portillo eta Idoia Zarrazquin, Nutrizioa eta Dietetikaren Espainiar Akademiako kide

  • Kronika

Lehenengo argitaratze data: 2017/12/14

Irudia

Joan den azaroan, Zaragozan egindako Elikadura, Nutrizio eta Dietetikako I. kongresuan, Espainiako Nutrizio eta Dietetika Akademiako kideak izendatu zituzten. Aitortutako pertsonen artean, egon ziren María Puy Portillo Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitatearen Farmazia Fakultateko katedraduna eta Idoia Zarrazquin Arizaga medikuntza fakultateko irakaslea.

Zehazki, ohorezko akademiko izendatu zuten Portillo irakaslea; izendapen hori, hain zuzen ere, hala estatuan nola nazioartean Giza Nutrizioaren eta Dietetikaren alorrean egin duten zientzia, ikerketa eta/edo akademia lanarengatik nabarmendu diren Nutrizio arloko katedradunei ematen zaie. Akademikoei eskuz landutako zeramikazko domina bana eman zieten, lurrez eta urez egindakoa, naturak ematen dituen elikagaien sinbolo gisa.

María Puy Portillo UPV/EHUko Farmazia eta Elikagaien Zientzia Saileko Nutrizioa eta Obesitatea ikertaldeko ikertzaile nagusia da, eta CIBEReko Obesitatearen Fisiopatologia eta Nutrizioa arloko kidea (CIBER Carlos III.a Osasun Institutuaren mendeko Sareko Ikerketa Biomedikoko Zentroa da).

Puyk UPV/EHUren Farmazia Fakultateko Nutrizioa eta Bromatologia arloan eta Arabako Campuseko Lucio Lascaray Ikergunean egiten du lan. Bere taldearen ikerlerro nagusia obesitatea eta obesitatearekin lotutako patologiak dira, hala nola dislipemiak eta diabetesa. Dietako elikagaiek eta osagai funtzionalek gorputz gantzaren metaketan nola eragiten duten aztertzen dute, ebidentzia zientifikoak lortu nahian eta aztertutako efektuak sortzen dituzten ekintza mekanismoak ikertuz. Horrez gain, haurren eta gazteen elikadura ereduak aztertu eta haien nutrizio egoera baloratzen dute.

Osoko kide

Bere aldetik, Idoia Zarrazquin, UPV/EHUren Erizainza I sailekoa osoko kide izendatu zuten, doktore eta katedradunei Nutrizioa eta Dietetikaren arloan ematen zien aintzatespena.

Idoia Zarrazquin egun irakasle atxiki gisa ari da UPV/EHUren Medikuntza eta Erizaintza Fakultatean. Ikerkuntzari dagokionez, nabarmentzekoa da peptidasen metabolismoari buruzko lanak, gai honen inguruko ikerketa proiektu ezberdinetan parte hartu izan duelarik. Gaur egun, nutrizioa, bizitza ohiturak eta zahartzea ditu ikerketa lanaren helburu eta muin, ikertzaile gisa ari delarik gai hauen inguruko proiektu ezberdinetan zein argitalpenetan eta nazio mailako nola nazioarteko kongresuetan.