euskaraespañol

Oso ogi osasungarria

‘Pan alavés-Arabako ogia’ proiektuaren emaitzak aurkeztu dira

  • Kronika

Lehenengo argitaratze data: 2017/12/21

Irudia

Jakinik ogia oinarrizko elikagaia dela, egunero kontsumitzen dena, eta hurbiltasunezko produktu bihurtzeko ahalmen handia duena, garia izanik Arabako lurraldeko nekazaritza ekoizpen esanguratsuenetakoa, IUDARI elkarteak ‘Pan alavés-Arabako ogia’ proiektua abiarazi du aurten, Arabako Foru Aldundiaren diru-laguntzaz.

Apirilean, ‘Arabako zereala eraldatu ogi iraunkorra eta tokikoa lortzeko” izenburuko jardunaldian, lehen urratsak eman ziren Arabako lurraldean ogia egiteko gariaren nekazariak, errotariak eta okinak elkarrekin harremanetan jartzeko. “Nekazari, errotari eta okinen arteko lankidetza sare bat bultzatu behar zen, elkarrekin lan egin eta konfiantzazko sareak sortu” dio Oihana Garcíak, Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitateko Ekonomia Aplikatua I Sailekoak.

Uztailean gari ekologikoaren uzta bildu eta hura abuztu eta irail artean harriz eho ondoren, Arabako ogia, urriaren amaiera aldean, zenbait ogi saltegitara iritsi zen Arabako lurraldeko hainbat gunetan. Obratzaile artisauek —adibidez, Urizaharreko Alonso Okindegiak, Artepan-ekoak—, El Talok, Panificadora Alavesak eta Panificadora Gorbeak ogi benetan arabarra eskaini ahal izan zuten, gari ekologikoaz egina, ziurtatua eta bihi osokoa, bertako hazietatik abiatuta landua —Florencia aurora (Villambrosa), Bonpain (Salcedo) eta Cezanne (Harana)—.

Osasungarria izateaz gainera, bihi osoko gari ekologikoaz egina denez, usain sendoko, zereal lurrineko eta ukitu erreetako ogia da. “Nutrizio-azterlanek nabarmentzen dute elikadura zuntz eta mineral zertxobait gehiago duela —baina ez azukre eta gatz gehiago—, gantz osasungarrietan aberatsa izateaz gainera” esan du Carmen Vega Euskadiko Elikagaien Zientzia eta Teknologia Elkartekoak (EEZTE).

Gogobetetze inkestak

Hura merkaturatzearekin batera, gogobetetze inkesta bat egin zen. Horretan, kontsumitzaileek oso puntuazio ona eman zioten, zaporeari dagokionez batik bat. Hain zuzen, kontsumitzaileek adierazten dute nolakotasun hori dela garrantzitsuena ogia hautatzeko garaian. UPV/EHUko Soziologia II Saileko irakasle José Ramón Mauleónen esanetan: “Inkesten ondorioak oso positiboak izan ziren. Erosleen herenak baino gehiago zoratuta geratu ziren eta Arabako ogi hau aukeratuko zuten erosteko lehen aukera gisa”. Beste ezaugarri nabarmen batzuk izan ziren usain ona eta luzaroago irautea. Esanguratsua da, baita ere, kontsumitzailearentzat prezioa ez dela garrantzitsua; bai, ordea, kalitate-prezio erlazioa.

Arabako ogi hau erosi zutenek nabarmendu zuten, baita ere, lanketak bateragarria izan behar duela ingurumen iraunkortasunarekin, eta tokiko egile batetik etorri behar duela. “Etorkizunean kontuan hartu beharreko alderdien artean dago —dio José Ramón Mauleónek— lehentasun handiena eman behar zaiola ogi hau ingurumena kutsatu gabe egin beharrari, okindegia Araban egoteari eta artisaua izateari; garia lur hauetatik etortzeari edo harrian ehotzeari baino gehiago. Eta ez da baztertzen, ekoizpena areagotzeko, harrizko errotak erabili beharrean zilindroak baliatzeko eta ogi zuria egiteko aukera. Izan ere, % 27k besterik ez baitute bihi osoko ogia kontsumitzen normalean”.

Hori guztia lortu ahal izango da Arabako nekazarien, errotarien eta okinen artean sortu berria den sarearen lanak jarraitzen badu, eta Administrazioaren babesak jarraitzen badu, proiektuan inplikatutako aldeen jardunbide egokiaren alde egiteko.