euskaraespañol

Vitoria-Gasteizen jatorriak

Ismael Garcia Gomezen liburua, bere doktorego tesiaren emaitza, erreferentzia historiografikoa bilakatu da

  • Erreportajeak

Lehenengo argitaratze data: 2018/01/02

Irudia

‘Vitoria-Gasteiz y su Hinterland’ liburua, Ismael Garcia Gomez doktoreak idatzia eta Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitateko Argitalpen Zerbitzuak argitaratua, zientzia eta metodologia esperimentu bat da non Vitoria-Gasteiz hiria ikerketa kasutzat hartzen den, Arkitekturaren Arkeologiaren ikuspegitik, bere historia berritzeko.

Arkeologo eta UPV/EHUko Erdi Aroko Historian doktore den Ismael Garcia Gomezen ‘Vitoria-Gasteiz y su hinterland. Evolución de un sistema urbano entre los siglos XI y XV’ lana doktore tesi bat da eta hiriaren jatorriaren eta mendetan zehar izan duen bilakaeraren inguruan ikertzen egileak eman dituen bi hamarkadak biltzen ditu. Lanak Vitoria-Gasteiz du xede eta mendetan zehar izan duen ibilbide historikoan sakontzen du, noski. Baina, halere, ez da Vitoria-Gasteizko historiari buruzko liburu huts bat. Zientzia eta metodologia esperimentu bat da, gehienbat, Vitoria-Gasteiz ikerketa kasutzat, froga eremutzat hartzen duen saiakera bat. Bertan, eta Arkitekturaren Arkeologiaren ikuspegitik abiarazita, denboran zehar bere hiri itxura egituratu duten eraikin nagusien istorioa berritzen saiatu da egilea.

“Bi ekarpen egiten ditu nire ustez -adierazi du Ismael Garciak-. Doktore tesi bat da noski eta, ondorioz, ekarpen metodologiko garrantzitsua egiten duen lan akademiko bat da. Hau da, hiria aztertzeko aplikatu duen planteamendua, mende zehatz batzuk ikertu ordez hiriaren historia epe luzera aztertu nahi izan duena. Eta, bestetik, bere arreta Vitoria-Gasteizen jartzen badu ere ikerketak, hiriaren historiarako, Arabaren historiarako eta Euskadiren historiarako ekarpen bat da".

UPV/EHUko Ondare Eraikiaren Ikerketa Taldeko (OEIT) zuzendari eta, halaber, tesiaren zuzendari Agustin Azkarate Garai-Olaunek lanaren aurkezpenean azpimarratu zuen bezala, “lan hau derrigorrezko erreferentzia historiografikoa izango da urte luzez. Talde konpromisoaren, 20 urte bete dituen eta ibilbide konplexu batean zehar gauzatu den prozesu baten emaitza da”.

Historiaren arloan, askotan, aurrerapenak ikuspegi berrien aplikazioaren emaitza dira informazio berrien aurkikuntzaren ondorio baino; ezagunak genituen datuak modu erabat ezberdin batean hartzea ahalbidetzen duten ikuspegi berrien ondorio, alegia.

Izan ere hori izan da, hein handi batean, UPV/EHUko Ondare Eraikiaren Ikerketa Taldeak Vitoria-Gasteizko Santa Maria Katedralean egin dituen ikerketen kasua. Hau da, Vitoria-Gasteizen jatorrien inguruko informazio berri eta ugaria bildu ordez, edo horrekin batera, Erdi Aroko hiri fenomenoaren ikuspegi berri bat eskaini digu: ezusteko hiri baten, buruan genuen horretatik oso urrun dagoen hiri baten aurrean jartzen gaituen ikuspegi bat.

Ikuspegi horretatik abiatuta, bere harresien, lehen komentuen (San Frantzisko, Santo Domingo eta Santa Klara), parrokia-elizen (Santa Maria, San Pedro, San Ildefontso, San Migel eta San Bizente) eta egungo hiri historikoa egituratu zuten kaleen eraikuntza bilakaera aztertu da. “Hiriko gauzen materialtasunean jarri dugu gure arreta, bai, baina horien atzetik dauden gizarte, ekonomia eta politika mailako amarruak aztertu ditugu ere. Pertsonek egiten dituzte hiriak baina hiriek beren berezko dinamikak hartzen dituzte -beren sortzaileen nahien aurka ere, zenbaitetan- eta dinamika horiek, beren aldetik, pertsonen idiosinkrasia baldintzatzen dute; elkarren arteko mendekotasun hori funtsezkoa izan da gure ikerketan”, azaldu du egileak.

Abian dagoen argitalpena

Sorpresa berriak ekarriko dituen beste argitalpen bat prestatzen ari da OEIT. “Jendeak uste du arkeologia arloko aurkikuntzak indusketetan egiten direla eta egia da hori, baina neurri batean soilik. Urte asko datoz gero aurkituriko materiala biltzen, aztertzen, historiaren testuinguruan jartzen, etab. Santa Maria katedraleko indusketak bukatu badira ere, prestatzen ari garen hurrengo argitalpenek sorpresak ekarriko dituzte. Guretzat ezagunak dira dagoeneko, baina aurkikuntzak ziurtatu eta kontrastatzen ditugun eta jakinarazteko unea iristen den arte, isilpean mantenduko ditugu", argitu du Garcia Gomezek.

Hona hemen lan honek ekarri dituen berritasunetako zenbait: hiria uste zena baina 400 urte zaharragoa dela; bere jatorria San Bizente eliza dela eta ez Santa Maria edo San Migel; harresia dokumentuek ziotena baino mende bat zaharragoa dela; VIII. menderako komunikazio lotune et merkataritza gune garrantzitsua zela eta burgo edo auzo ezberdinen batzearen ondorioz sortu zela, Antxo Azkarrak 1181. urtean eman zion forua baino lehenago.

Baina epe motzean eta ertainean berritasunak egongo badira ere pikotxa eta pala lurrean berriz sartzeko beharrik gabe, “ikusgarria izango litzateke indusketak egin ahal izatea San Bizente elizan, Santa Maria katedralean eta beste zenbait tokitan aurkitu eta jaso ditugun zantzu guztien arabera hori baita Vitoria-Gasteiz zahar haren gune garrantzitsuena eta jatorria. Eta katedralean VIII. mendeko aztarnak aurkitu baditugu, batek daki zer aurki genezake, noraino irits gintezke eliza zahar horretan. Pentsatze hutsak zirrara sortzen du”, esan du arkeologoak pozik.

Egilea

Ismael Garcia Gomez (Vitoria-Gasteiz, 1974) arkeologoa eta UPV/EHUko Erdi Aroko Historian doktorea da. Bere ikerketa jarduera gehiena taldekide duen UPV/EHUko Ondare Eraikiaren Ikerketa Taldearen baitan gauzatu du (www.ehu.eus/gpac/portal). Araba eta Vitoria-Gasteiz ditu ikerketa gai nagusiak, Santa Maria Katedrala bereziki, aipatua birgaitzeko proiektuan lan egiten baitu 2001. urtetik. 2010. urtetik aurrera, bere ikerketaren zati bat ‘Gasteizko Historia de Vitoria’ (www.historiadevitoria.com) blogaren bidez zabaltzen du.

OEIT taldea

Ondare Eraikiaren Ikerketa Taldeak sei ezagutza arlo ezberdineko 21 ikertzaile biltzen ditu. Guztion zientzia lanaren xedea ondarea eta kultura paisaiak dira.

Agustin Azkarate Garai-Olaunen zuzendaritzapean, Universidad del País Vasco/Eusko Herriko Unibertsitateko arkeologia, arkitektura, artearen historia, antropologia, ekonomia eta topografia arloetako profesionalek beren diziplinetako ezagutzak uztartzen dituzte, ondare eraikia ikertzeko xedearekin.