euskaraespañol

Arabako diputatu nagusia Farmazia Fakultatean izan da

Bertatik bertara ikusi ditu erakunde arteko hitzarmenari esker erositako ekipoak

  • Kronika

Lehenengo argitaratze data: 2017/04/05

Irudia

Arabako diputatu nagusi Ramiro González, Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitatearen Arabako Campuseko errektoreorde Iván Igartuak lagundurik, Farmazia Fakultateko instalazioetan izan da, eta Aldundiak, UPV/EHUk eta Tecnaliak Gasteizen egiten den ikerketa kliniko eta farmazeutikoa sustatzeko sinatu duten hitzarmenari esker erosi den ekipamendua ikusi ahal izan du. Bisitan izan dira, halaber, Pilar García de Salazar, diputatuorde nagusia eta Ekonomia Garapenaren eta Lurralde Orekaren Saileko diputatua; Iñaki San Sebastián, Tecnaliako zuzendari nagusia; eta Manoli Igartua, Farmaziako dekanoa.

José Luis Pedraz irakaslea, Farmazia Fakultateko Teknologia Farmazeutikoko katedraduna eta Nanobiocel ikertaldeko ikertzaile nagusia, gidari aritu da instalazioetan, han egiten den lana azalduz, eta Arabako Foru Aldundiak, Euskal Herriko Unibertsitateak eta Tecnaliak joan den azaroan sinaturiko lankidetza hitzarmenari esker eskuratu diren ekipoak erakutsi ditu. Hitzarmenaren helburua da, hain zuzen ere, Garapen Farmazeutikoko Zentro baten bidez biozientziak indartzea Arabako Lurralde Historikoan, RIS3 Euskadi espezializazio adimenduneko lehentasunezko estrategietako bat ezar dadin. Euskadin aspalditik ari da esparru hori dibertsifikatzen, eta, horri esker, gaitasun handiko sare zientifiko eta teknologikoa osatu da.

Pedraz irakasleak esan duen moduan, "Farmazia Fakultateko laborategietan sendagaien garapen galeniko eta analitiko osoa egiten da: hasteko, sendagaia sortzen da, formula garatuta, eta, bukatzeko, sendagaia karakterizatzen da. Gainera, sendagaiaren jokabide biofarmazeutikoa aztertzen da, eta gizakietan nola jokatzen duen ere ikertzen da. Era horretan, enpresa farmazeutikoei sendagai berriak garatzeko zerbitzu integrala eman diezaiekegu".

UPV/EHU kide den Garapen Farmazeutikoko Zentroaren bitartez, negozio errentagarri eta iraunkorra lortu nahi da, Araban aberastasuna sortzeko eta kualifikazio handiko lanpostuak ekartzeko. Horrez gain, ingurune hurbilean dagoen egungo farmazia industria garatu nahi da, eta enpresak erakarri eta sortu.