euskaraespañol

Juan José Díaz de Espada, arabar apezpikua Habanan

"Gizon gakoa izan zen XIX. mendearen hasierako hamarkadetako Kuban"

  • Albisteak

Lehenengo argitaratze data: 2015/03/05

Irudia

Arabako Arroiabe herri txikian jaio zen, 1756an, Juan José Díaz de Espada, Habanako apezpikua eta herritarren artean "obispo Espada" izenarekin ezaguna. Kubatarrek gehien gogoratzen dituzten pertsonetako bat da, hark bultzatu zituelako Habanako lehenengo hilerria eraikitzeko lanak, eta, batez ere, hark babestu zuelako Habanako San Carlos ikastetxe-seminarioko ikasgeletan ikasi zuen kubatar belaunaldi gaztea. Hain zuzen ere, gazte haiek sortu zuten gerora Kubako pentsamendu protonazionalista. Bada, Iglesia y poder en La Habana: Juan José Díaz de Espada, un obispo ilustrado 1802-1832 liburuak Kubako historiako sasoi hartan izan zuen lekuaren berri ematen du.

Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitateko Argitalpen Zerbitzuak argitaratu berri du Iglesia y poder en La Habana: Juan José Díaz de Espada, un obispo ilustrado 1802-1832 liburua, Consolación Fernández Mellének idatzitakoa. Apezpikutza oinarri hartuta, azaldu egiten da zer leku izan zuen Elizak "Antilletako perla" izenarekin ezagutzen denaren historiako sasoi gako hartan. Hain zuzen ere, Erregimen Zaharretik Modernitaterako aldaketa gertatzen ari zen orduan, eta aldaketa hark ezaugarri bereziak izan zituen. Fernández Mellén Historian doktorea (UPV/EHU) eta UPV/EHUko Erdi Aroaren, Aro Berriaren eta Amerikaren Historia Saileko kide da, bai eta Euskal Unibertsitate Sistemako País Vasco y América: vínculos y relaciones atlánticas ikertaldeko kide ere.

Prozesu independentistan murgildutako kontinentearen ateetan, Kuba uharteak eutsi egin zion Espainiako Koroari zion fideltasunari, XIX. mendearen hasieran sendotutako egitura politiko, ekonomiko eta sozial batzuei esker. Habanako Eliza ezinbesteko pieza izan zen horretarako, Juan José Díaz de Espada (1802-1832) apezpiku boteretsuaren laguntzarekin. Liberala, independentista eta masoia izatea egotzi zioten sasoiko hainbat pertsona ezagunek, baina herrian "obispo Espada" izenarekin ezagutzen zutenak fideltasunez gorde zuen metropolia, uhartean hemezortzigarren mendeko erreformismo borbonikoaren azken ordezkarietako bat izanik. "Herritarren bizi-baldintzak hobetzeko kezkak, hezkuntza eta higiene aldaketa sakonak sustatzera ez ezik, bestelako ekoizpen eredua proposatzera ere bultzatu zuen, landatze esklabista handia gainditzeko; hori zen uhartearen hazkuntzaren oinarria XVIII. mendearen azken hamarkadez geroztik" azaldu du egileak.

Díaz de Espadak Habanako diozesiko buru eman zituen hogeita hamar urteak (1802-1832) funtsezkoak dira, Antilla Handiaren XIX. mendeko bilakabide historikoa ezagutuko bada: Kuba landatze esklabistako ekonomia gisa egonkortu zen, eta berretsi egin zuen metropoliari zion fideltasuna; hori dela eta, "Kuba uhartea, beti fidela eta zintzoa" gisa aipatzen zuten. Bada, egoera horretan, Eliza eta Elizako burua, Habanako apezpikua, gakoak izan ziren politika errealean; alde batetik, Antilletako perlako baliabideak ateratzen saiatu zen, bere errege ogasunaren kontu defizitarioak hobetzeko; beste alde batetik, uharteak Espainiako subiranotasunaren mende jarrai zezala bermatzen saiatu zen, independentziaren alde borrokatzen zen sasoian.

Díaz de Espada apezpikuak hasitako eliza aldaketaren bidez, Elizaren presentzia zabaldu zen lurralde guztian, eta Elizaren buru jarritako eliza gizonak apezpiku horren agintaritza zurrunaren mende egon ziren; sasoi hartan, metropoliarekin izandako fideltasunaren eta abertzaletasunaren zigilutzat jo zuten. Egindako aldaketek hainbat etsai ekarri zizkion Kubako eta penintsulako gizarte kide erreakzionarioenen artean. Alabaina, Díaz de Espadak eragindako pasio eta gorrotoetatik harago, Habanako apezpikua bere sasoiko gizona izan zen: Koroaren interesen zerbitzura ziharduen apezpikua, denbora aldakorretara egokitzen asmatu zuena, kontraesanekin.