null

Nahia Idoiaga: «Oso krisi ‘adultozentrikoa’ dabil izaten hau»

Bilboko Hezkuntza Fakultateko diziplina anitzeko talde bat konfinamenduak haurrengan dituen ondorioak aztertzen ari da

  • Elkarrizketa

Lehenengo argitaratze data: 2020/04/22

Bilboko Hezkuntza Fakultateko ikerlaria, Nahia Idoiaga. Argazkia: UPV/EHU

Bilboko Hezkuntza Fakultatean irakatsi eta ikertzen duten hezitzaileek, psikologoek, soziologoek eta pedagogoek osatzen dute ikerketa talde hau. Alarma Estatua aldarrikatu zenetik, kezkaz ikusi zituzten konfinamenduak adingabeengan izan ahal zituen ondorioak. Hala, egoerak haurrei nola eragiten dien ikertu nahi izan dute. Nahia Idoiaga taldeko ikertzaileetako baten iritziz, adingabeen beharrak bigarren mailan utzi dituen krisi “adultozentrikoa” da hau.

Zer ikertu nahi duzue proiektu horrekin?

Haurrek coronavirusagatiko Alarma Egoera nola bizi duten aztertu nahi dugu. Konfinamendu egoera hau guztiontzako da berria eta gogorra, baina haurren kasuan dimentsio bereziak har ditzake: etxetik atera ezinak, lagunekin egon ezinak... berengan eragina larria duela uste dugu, horregatik aztertu nahi dugu.

«Ikerketa horrekin umeek COVID-19a nola ulertzen duten eta beraien ongizateko hainbat plano aztertu nahi dugu»

Nortzuk zarete proiektu horren atzean?

Bilboko Hezkuntza Fakultateko irakasle talde bat gara: psikologoak, hezitzaileak, soziologoak eta pedagogoak gara formazioz eta fakultateko sail ezberdinetan ari gara lanean: Psikologia sailean, Didaktika eta Eskola Antolakuntza eta  Hezkuntzako Ikerkuntza eta Diagnosi Metodoak Saila. Konkretuki nitaz gain Naiara Berasategi, Amaia Eiguren, Maria Dosil, Naiara Ozamiz eta Maitane Picaza daude. Gehiengoak KideOn ikertaldeko partaideak.

Nola bururatu zitzaizuen ideia?

COVID-19aren krisiak eztanda egin zuenean, galdera eta iker-kuriositate berdinek bildu gintuzten. Hasieran ikasleak krisia nola bizitzen ari ziren ikertzen hasi ginen, hortik biztanleria orokorrera pasatu ginen eta, orain, umeetara. Izan ere, Hezkuntza Fakultateko irakasle garen heinean, umeak erdigunean jartzea gure ardura ere badela deritzogu.

Eta datuak? Nola lortzen ari zarete?

Inkesta bat prestatu dugu, gurasoen eta seme-alaben artean bete behar dena. Lehenik umeei egoerari buruzko marrazki bat egiteko eskatuko diegu, eta, hortik abiatuta, familian elkarrizketa bat burutzea da helburua. Horrela, galdetegia familian gertatzen ari denari buruz hitz egiteko aukera ere izatea nahi dugu. Inkestan jasotako datu guztiak anonimatuz babestuko ditugu, jakina.

Zer asmo duzue ikerketa horrekin?

Ikerketa esparrutik aztertuta, galdetegiak bi helburu ditu, alde batetik, era kualitatiboan umeek COVID-19a nola ulertzen duten aztertzea, irudien bidez eta irudiei buruz umeek emandako azalpenen bidez, eta, bestetik, era kuantitatibo batean beraien ongizateko hainbat plano aztertzea, maila psikologikoa, fisikoa, akademikoa, soziala etab.

Arestian esan dudanez, gure asmoa umeak erdigunean jartzea da. Krisi hau, benetan, oso “adultozentrikoa” izan da hasieratik; hau da Sánchezek “Alarma Egoera” ezartzean txakurrak hiruzpalau aldiz aipatu zituen baina umeak ez; horri buruz hausnartu beharra dago. Hau da, gu ez gara baloratzera sartuko ia neurriak egokiak direnetz; jakin nahi duguna da konfinamendu egoera zorrotz honek, non umeak martxoaren 12tik etxean sartuta dauden, zein eragin duen umeengan eta nola ari diren guzti hau ulertzen. Horretarako, haiei ere galdetu nahi izan diegu (beraien gurasoen bidez) eta beraien hitzez eta ahotsez (eta baita marrazkien bidez ere) konta diezaguten zer moduz dauden.

«Sánchezek Alarma Egoera ezartzean txakurrak hiruzpalau aldiz aipatu zituen baina umeak ez; horri buruz hausnartu beharra dago»

Zer egingo duzue jasotako informazio horrekin?

Ikerlari gisa gure misioa beti izango da bikoitza, alde batetik, maila akademiko batean ateratako emaitzak publikatuko ditugu, baina, bestetik, maila sozial batean gure ekarpenen dibulgazioa ere egitea gako izango da prozesu honetan, gizarteak haurrei ere begiratzeko eta beraien ahotsak ere plazaratzeko.

Nola hedatzen ari zarete partaideak lortzeko?

Ba EAEko eta Nafarroako eskola guztietara bidali dugu informazioa, eta haien bidez familietara heltzea da gure asmoa.

Nola izaten ari da parte-hartzea?

Bagoaz apurka-apurka. Egia da, ez dela bi minututan erantzun daitekeen ohiko galdesorta, umeen parte hartzea ere derrigorrezkoa da, eta horrek batzuei nagikeria ematen die. Hala ere, umeak erdigunean jartzeko eta benetan beraien ideien bozgorailu izateko era bakarra dela uste dugu.

Zer adina izan behar dute haurrek?

Printzipioz, 4 eta 12 urte arteko haurrak. Hala ere, 3 urteko umeren batek ere bete du; umeak nahi badu eta hitz egiteko gaitasuna badu… gugatik arazorik ez.

Jaso dituzuen inkesten arabera... Zer aurreikusi ahal duzue?

Bueno, gure hipotesiak gure etxeko egoeretatik ere abiatzen dira, gutako asko ama ere bagara eta telelana, haurrak eta konfinamendua dena batera uztartzen gabiltza. Umeak oso erresilienteak dira, eta pentsa genezakeena baino hobeto daude egokitzen egoera honetara, baina horrek ez du esan nahi ondo daudenik. Hau da, hainbat planotan loa, alde emozionalean, fisikoan eta baita sozialean edo harremanetan ere hainbat beharrizan ez daude behar bezala betetzen, beraz egiten ari diren esfortzu ikaragarria, behintzat, aitortu beharko litzaieke.

Ezagutzen al duzue horrelako beste ikerketarik?

Antzeko metodologiekin, baina helduetan ikerketak burutu izan ditut osasun izurriteei buruz. Umeetan badaude Txinan, Italian eta baita Euskal Herrian ere egindakoak, baina ikuspegia beti gurasoen balorazioa aztertzea izaten da eta inoiz ez beraien ahotsak jasotzea, are gutxiago marrazkiak. Baina guztiak du erlazioa; hau da, seguruenik haurren COVID-19a errepresentatzeko era ez da helduok dugunaren oso ezberdina izango edo behintzat izango ditu amankomunean hainbat puntu eta Txinan aurkitutako estresa, antsietatea eta abar gure ikerketan ere islatuko dira.

 

Ikerketan parte hartzeko: [ikusi]