euskaraespañol

NASAren Mars 2020 misioko Perseverance gailua, Martera iristear

UPV/EHUko bi ikertalde ari dira parte hartzen ostegun gauean (otsailak 18) Marteko gainazalean laborategi mugikor bat utziko duen misioan

  • Albisteak

Lehenengo argitaratze data: 2021/02/17

Irudia
Agustin Sanchez Lavega, Eva Ferreira eta Juan Manuel Madariaga prentsaurrekoan

Abiatu eta sei hilabete eta erdi igaro direnean, ostegun honetan iritsiko da Martera NASAren Mars 2020 misioa. Misioaren elementu nagusia Perseverance izeneko rover edo ibilgailu autonomoa da. Zinezko laborategi mugikor bat da, eta Jezero kraterraren gainazala ikertuko du. Rover horren tresnetako bi garatzen eta misioaren beste alderdi batzuk lantzen, Agustín Sánchez Lavega eta Juan Manuel Madariaga katedradunek zuzentzen dituzten Euskal Herriko Unibertsitateko ikertaldeek parte hartu dute.

Marte planeta hautagai ezin hobea da, bere ezaugarriak direla eta, eguzki sisteman gaur egun bizitzarik baden edo iraganean egon den aztertzeko. Marteren erradioa Lurrak duenaren erdia da, gutxi gorabehera; bertako egunek 24,5 ordu irauten dute, eta bere biraketa ardatzaren inklinazioa 24 gradukoa denez, urtaroen ziklo bat du urtero, Lurrak bezalaxe. Alabaina, Marteko atmosfera oso mehea da –bere gainazaleko presioa Lurrekoaren 7 milaren ingurukoa da– eta karbono dioxidoz osatuta dago, alegia, Lurrean hainbeste kezkatzen gaituen berotegi efektuko gasaz. Oso planeta hotza da, batez beste –50 ºC-ko tenperatura baitu ekuatorean, eta Eguzkiaren erradiazio ultramoreak gogor jotzen du gainazala. Bertan bizitza aurkitzeko aukerak oso txikiak dira –lurpean egon liteke–, baina Marteren iraganak esperantzarako bidea ematen du. Osatu ondorengo lehen 700 milioi urteetan, Lurra eta Marte oso antzekoak ziren. Marteren atmosfera lodiagoa zen orduan, eta horri esker ur likidoa zegoen haren gainazalean. Hori dela eta, pentsa daiteke planeta hartan bizia sor zitekeela.

Uztailaren 30ean abiatu zen Marterantz NASAren Mars 2020 misioa, Perseverance rover edo ibilgailu autonomoa zeramala. Benetako laborategi mugikor bat da, 1.050 kg-koa, eta planetaren ekuatoretik gertu dagoen Jezero kraterraren gainazala ikertuko du. Krater horretan, oso aspaldi, laku bat egon zen; horregatik aukeratu zuten kokaleku hori. Aintzira horrek 250 m inguruko sakontasuna zuen, eta gaur egun lehorra dagoen ibai batek bertara isurtzen zituen bere urak, jalkinez betetako delta batekin.

«Martera orain arte inoiz bidali den laborategirik konplexuena da Perseverance roverra. Hari esker, Marten gaur egun bizitzarik baden edo iraganean egon den ikertuko da tresna guztiz sofistikatuekin; gainera, teknologia berriak probatuko dira eta laginak hartuko dira, etorkizunean Martera bidaltzen diren misioetan Lurrera ekartzeko», adierazi du Agustín Sánchez Lavega UPV/EHUko Zientzia Planetarien taldeko zuzendariak. Besteak beste, atmosferatik oxigenoa erauzteko gailu bat probatuko dute, etorkizunean planetara joaten diren astronautek erabiltzeko. Gailuak Ingenuity izeneko helikoptero txiki bat ere badu. Haren pisua ez da 2 kg-ra ere iristen, eta kraterraren inguruak esploratzeko erabiliko da, rover gailua zehazki nondik nora ibiliko den erabakitzeko.

Sánchez Lavega irakaslearen lantaldeak MEDA tresna garatzeko lanetan hartu du parte, Madrilgo Astrobiologia Zentroa-INTArekin batera. Tresna hori estazio meteorologiko bat da; sentsore ugari ditu, une oro jakiteko atmosferaren egoera zein den, eta batik bat hauts partikula esekien ezaugarriak aztertzeko. «Marteko atmosferan hautsa dago beti. Horrek arazoak sortzen ditu tresnetan eta arriskutsua da gizakiek planeta esplora dezaten. Hauts horren ezaugarriak eta eguneko eta urteko zikloak ikertzea da gure asmoa», dio Sánchez Lavegak.

Bestalde, Madariaga irakaslearen lantaldea SuperCam tresnarekin laguntzen ari da, eta misioaren beste lantalde batzuetan ere parte hartzen ari da. «SuperCam tresna urrutiko analisiak egiteko sistema espektroskopikorik konplexuena da. Haren unitate bakoitzak informazioaren zati bat ematen du, eta, konbinatuta, aukera emango du bai analisi kimikoak egiteko –orain arte haren aurrekariak, Curiosity izenekoak, egin bezala–, eta bai analisi petrografikoa egiteko ere. Azken hori ez du inoiz lortu Martera egindako misio bakar batek ere», dio Juan Manuel Madariaga UPV/EHUko IBeA (ikerketa eta berrikuntza analitikoa) ikertaldeko zuzendariak.

IBeA ikertaldea, SuperCam tresna garatzeko lanetan parte hartzen aritzeaz gain, beste talde batzuekin batera elkarlanean aritu da misioaren hainbat alderditan, hala nola lur hartzeko kokalekua aukeratzen, Jezero kraterra mapatzen eta Perseverance gailuaren ibilbide posibleak definitzen, baina, batik bat, laginak itzultzeko talde zientifikoan hartu du parte. «Perseverancek 40 lagin hartuko ditu misioan. Lagin horiek Laginak Itzultzeko Misioak bidaliko duen (ESA eta NASA, batera) beste rover batek jasoko ditu gero. Misio horretan, Marteren orbitan ipiniko den esfera batean jarriko dira lagin horiek, eta Lurrera ekarriko dituen beste espazio ontzi batek jasoko ditu. Espero dugu gure laborategia lagin horiek aztertuko dituztenen artean egotea, analisi kimiko ez-suntsitzaileak egiteko dugun gaitasuna kontuan hartuta», dio Madariaga irakasleak ilusioz beterik.

Perseverancek planetako hainbat kokalekutatik konbinatutako ikerketa batean hartuko du parte, bere kide Curiosity roverrarekin eta Insight plataformarekin batera –NASAkoak dira biak–. Aurreikuspenen arabera, maiatzean Txinako espazio agentziako Tianwen 1 rover txikiak bat egingo du «inbasio martetar» honekin. Gainera, zortzi espazio ontzik ere orbitatik lagunduko dute misio hauetan. Perseverance roverrak, gutxienez martetar urtebetez (gure 687 egun), xehetasun handiz aztertuko ditu Jezero kraterraren gainazaleko eta atmosferako ezaugarriak. Eta, dena ondo badoa, beharbada zenbait urtez luzatuko da esplorazioa, aurreko misioetan gertatu den bezalaxe.

Mars 2020 misioan parte hartu duten UPV/EHUko ikertzaileei buruz

Agustín Sánchez Lavega MEDA tresnan parte hartzen ari den ikertzaileetako bat da. UPV/EHUko Fisikako katedraduna da, bai eta Zientzia Planetarien Taldearen zuzendaria eta 2016ko Ikerketako Euskadi sariaren irabazlea ere. Lantaldeko kolaboratzaileak dira Teresa del Río Gaztelurrutia, Ricardo Hueso eta Santiago Pérez Hoyos UPV/EHUko irakasle titularrak, Itziar Garate Lopez irakasle atxikia eta Asier Munguira doktorego aurreko ikertzailea.

Juan Manuel Madariaga SuperCam tresnaren ikertzaileetako bat da. UPV/EHUko Kimika Analitikoko katedraduna da, bai eta IBeA ikertaldeko zuzendaria ere. Lantaldeko kolaboratzaileak dira Gorka Arana eta Kepa Castro UPV/EHUko irakasle titularrak, Cristina García-Florentino doktorego ondoko ikertzailea, eta Jennifer Huidobro eta Imanol Torre doktorego aurreko ikertzaileak.

Intereseko estekak. NASAren webgunea:

- Rover Perseverance ibilgailuaren martiraiaren demoa ikusteko eta jaisteko: [ikusi]

- Rover Perseverance ibilgailuaren ezaugarri nagusiak ikusteko: [ikusi]

- Informazio gehiago Mars2020 misioari buruz: [ikusi]