euskaraespañol

Nazioarteko Astea berriz ere

Atzerriko unibertsitate batean egonaldi bat egiteko aukerak ezagutzeko parada

  • Kronika

Lehenengo argitaratze data: 2021/10/27

Irudia
Bryan Lefermanek, Nazioarteko Mugikortasunaren arloko zuzendaria. Argazkiak: Jorge Navarro. Komunikazioa Bulegoa, UPV/EHU

Euskal Herriko Unibertsitateko Euskara, Kultura eta Nazioartekotzearen arloko Errektoreordetzak antolatuta, aurten berriz ere egin da Nazioarteko Astea, unibertsitateak kudeatzen dituen mugikortasun programak ezagutzera emateko plaza. Bertan, ikasleek aukera izan zuten jakiteko zein baldintza bete behar izango diren 2022/2023 ikasturtean truke programa baten bidez atzerrira joateko, eta zein unibertsitate egongo den aukeran. Saioak unibertsitateko hiru campusetan egin ziren.

Bryan Lefermanek, Euskal Herriko Unibertsitateko Nazioarteko Mugikortasunaren arloko zuzendariak, egonaldi hauen garrantzia nabarmendu zuen, esanez lotura zuzena dagoela nazioarteko mugikortasunaren eta enplegagarritasunaren artean, Europako  Batzordeak egindako azterlanek erakutsi dutenez.

Pandemia dela eta, edizio honetan mugatua izan da parte hartzaileen kopurua toki guztietan. Beraz, aurrez aurre bertaratu ziren ikasleek aldez jarlekua erreserbatu behar izan zuten lehenago Interneten bidez. Toki guztiak bete ziren hiru campusetan.  Edukiera mugatua zenez, hiru saioak zuzenean eman ziren on line Webexen bitartez, atzerrian bolada batez ikasteko interesa izan dezaketen ikasleek ordenagailuz edo mugikorrez jarraitu ahal izateko ekitaldia.

Ikasleek lehen eskutik jaso ahal izan zuten Euskara, Kultura eta Nazioartekotzearen arloko Errektoreordetzak kudeatzen dituen nazioarteko mugikortasun programen inguruko informazio guztia.

Mugikortasunaren arloko zuzendari Bryan Leferman eta Hizkuntza Plangintzaren arloko zuzendari Ainhoa Gómez Pintado egon ziren saioetako buru. Informazio aurkezpenen ostean, mugikortasun programaren batean parte hartu duten ikasle batzuek beren esperientzia azaldu zuten (zehazki, Alemanian, Austrian, Belgikan, Danimarkan, Finlandian eta Suedian egindako Erasmus egonaldiez), eta aholkuak eman zituzten programetakoren batean parte hartzeko asmoa duten ikasleentzat.

Bestalde, gaur egun Euskal Herriko Unibertsitatean egonaldia egiten ari diren atzerriko zenbait ikaslek beren herrialdeak eta unibertsitateak aurkeztu zituzten, bai eta aholkuak eman eta zalantzak argitu ere. Horien artetik, ikasle bat txiletarra zen, Latinoamerikako programaren bidez etorria, eta beste zortzi, berriz, Erasmus ikasleak: bost frantses, bi aleman eta errusiar bat (azken hori Erasmus+ICM ekintzaren bidez etorria, herrialde elkartuen arteko lankidetzaren bidez).

UPV/EHUko Enplegu Guneetako kideek ere informazioa eman zuten praktika profesionaletarako nazioarteko mugikortasun programez, bai graduko ikasleei zuzenduez (Erasmus+Internships for students) eta  bai ikasle graduatuei zuzenduez (EPEZ: Enpresetan Praktikak Europan Zehar).

Saioetan asko azpimarratu zen oso garrantzitsua dela informazio zehatza eta behar bestekoa eskuratzea eta horretarako iturri fidagarrietara jotzea, hala nola UPV/EHUko Nazioarteko Harremanetako webgunera, ikastegi bakoitzeko Nazioarteko Harremanetako koordinatzaileengana edo Euskara, Kultura eta Nazioartekotzearen arloko Errektoreordetzara bertara.

Bereziki nabarmendu zen eskaria egin aurretik ikasleek ondo begiratu behar dutela ea beren intereseko unibertsitatean beren titulazioa ematen den, eta ea beren intereseko nahiko irakasgai eskaintzen diren, gero aitortuak izateko modukoak Euskal Herriko Unibertsitatera itzultzen direnean. Era berean, azpimarratu zen  ikasleek ondo erreparatu behar dietela kasuan kasuko plaza lortzeko bete beharreko hizkuntza eskakizunei.