Nerbioi-Ibaizabalen estuariora kutsadura heltzen da oraindik

UPV/EHUn, estuarioen azidotzea ikertzen jarraitzeko oinarriak ezarri dituzte, Bizkaiko hiru estuariotan egindako ikerketa baten bidez

  • Ikerketa

Lehenengo argitaratze data: 2019/03/12

Leire Kortazar, UPV/EHUko Kimika Analitikoa Saileko ikertzailea. Argazkia: UPV/EHU.

UPV/EHUko Kimika Analitikoa Saila Urdaibaiko, Plentziako eta Nerbioi-Ibaizabalen estuarioetako azidotzea aztertzeko neurketak egiten ari da, sailean garatutako metodo analitikoak baliatuz. Oso azterketa gutxi egin dira mundu mailan orain arte estuarioetako azidotzearen inguruan, ez baitzegoen horrelako ingurune aldakorretan neurketak egiteko oinarririk.

Gizakiek atmosferara isurtzen duten CO2-aren ondorioz gertatzen da ozeanoen azidotzea: CO2-a itsasoko uretan disolbatzen da, eta, orekan dauden hainbat substantziaren arteko erreakzioz, uretako pH-a txikitzen da (alegia, ura azidotu egiten da), karbonatoen kontzentrazioa txikitzen da eta horrek kalte handia eragin lezake animalia oskoldunetan, oskolak osatzen dituzten mineralak disolbatu egin baitaitezke uretan. Bestalde, pH-a txikitzeak ere eragina izan dezake itsasoan dauden metalen eta, bereziki, metal astunen disolbagarritasunean, xurgapenean eta toxikotasunean.

Itsasoetan, uraren gazitasuna ez da asko aldatzen, eta ikerketa asko egin ahal izan dira itsaso eta ozeanoetako azidotzeari buruz. Estuarioetan, ordea, baldintzak oso aldakorrak dira —uraren tenperatura, gazitasuna…—, eragin handia baitute mareek, uraldiek eta abarrek. Horrek eragiten du informaziorik, bibliografiarik eta ekuaziorik ez izatea estuarioetako azidotzeari dagokionez.

Hori guztia ikertzen ari da, hain zuzen ere, Leire Kortazar UPV/EHUko Kimika Analitikoa Saileko ikertzailea, Bizkaiko hiru estuariotan: Urdaibaiko, Plentziako eta Nerbioi-Ibaizabalen estuarioetan. “Oso kutsadura-maila desberdinak dituztelako hautatu ditugu; izan ere, Urdaibai Biosferaren Erreserba da, eta Nerbioi-Ibaizabal historikoki kutsatuta egon da industrializazioaren ondorioz”, esan du ikertzaileak. Hiru urtez, laginketak egin dituzte hiru hilean behin, urtaro-aldaketen eraginak egiaztatzeko.

Datu gehiago behar dira

Oso gazitasun aldakorrak dituzten estuario-uren laginen azidotze-maila zehazki determinatzeko datuak nola tratatu behar diren aztertu dute ikerketan. Bestalde, estuario-uretako pH-a kalkulatzeko ekuazio matematiko bat garatu dute, eta urtaroaren arabera zenbait parametro nola aldatzen diren aztertu dute, besteak beste, azidotzearekin lotutako parametroak, nutriente-kantitateak eta uretan disolbatutako oxigenoa.

Orain arte egindako neurketa eta kalkuluen arabera, Kortazarrek ondorioztatzen duenez, “Urdaibaiko eta Plentziako estuarioetan lortutako balioak arrazoizkoak eta normalak dira, baina Nerbioi-Ibaizabalgo balioek diote ez dagoela erabat osatua kutsadura historikotik. Gainera, badirudi Galindo ibaitik kutsadura-motaren bat sartzen ari dela etengabe”, baina ez dute jatorria zehaztea lortu.

Laborategian, eskala txikian, probatu dute pH-a jaistean sedimentuetan dauden metalak disolbatu egiten direla uretan, eta horrek bidea eman lezake uretan dauden metalak bizidunetara iristeko eta kate trofikoan sartzeko. Hain zuzen ere, hori da ikerketaren hurrengo urratsa: batetik, estuarioetako datuak biltzen jarraitzea, estuarioetako azidotzearen mekanismoak zeintzuk diren ulertzeko, ikerketa honetan ezarri dituzten oinarriak erabiliz, eta, bestetik, azidotzeak estuarioetako moluskuetan zer eragin duen ikustea. Izan ere, “hiru urtean ezinezkoa da pH-aren jaitsiera zein den ikustea. Estuarioetako azidotzearen efektuaren inguruan asko dago egiteko oraindik; dena dela, ikerketa honetan aurrerapauso handia egin dugu”, azaldu du ikertzaileak.

Informazio osagarria

Leire Kortazar Oliver (Bilbo, 1988) Kimikan lizentziaduna da, eta Ingurumenaren Kutsadura eta Toxikologia unibertsitate-masterra du. Zientzia eta Teknologia Fakultateko Kimika Analitikoa Sailean dabil ikertzaile gisa. Development and Implementation of New Analytical Methodologies for the Study of Acidification in Estuaries izeneko tesia egin du Luis Angel Fernández Cuadrado UPV/EHUko katedradunaren eta Eithne Tynan Pascual Nature Climate Change aldizkariaren editorearen zuzendaritzapean.

Erreferentzia bibliografikoa