euskaraespañol

Nola bizi izan dute pandemia unibertsitateko zenbait adituk?

Mikrobiologia, epidemiologia, osasun publiko, biokimika edo farmakologia bezalako arloetan aditu eta dibulgatzaile zientifiko diren UPV/EHUko zortzi irakasle pandemian bizi izandako esperientziaz mintzatu zaizkigu, eta nola bueltatuko garen «normaltasun berrira» sumatu dute.

  • Erreportajeak

Lehenengo argitaratze data: 2020/07/02

Irudia

Koronabirusa zer den azaltzen eman dituzte azken hilabeteak, pandemiaren arriskuei buruz ohartaraziz eta nola aurre egin adieraziz. Baina... nola igaro dute haiek pandemia? Zer-nolako oporraldia aurreikusten dute? Edo nola bueltatuko dira normaltasunera? Komunikabideekin parte hartzen duten zenbait aditurekin hitz egin dugu, COVID-19aren fenomenoa ulertzen laguntzeko.

Hiru familiatik bi ez dira oporretan joango aurten; joaten direnen % 90 ez dira atzerrira irtengo, eta % 85ek autoz bidaiatuko dute. Halaber, etxebizitzek izango dute lehentasunik handiena (% 62), hotelen edo aparthotelen aldeko hautua egiten dutenen aldean (% 26).

Horiexek dira Ikerketa Soziologikoen Zentroak (CIS) ekainean argitaratutako barometroan bildutakoak. Ondorio horiek izendatzaile komun bat dute: herritarrek COVID-19aren ondorioei dieten beldurra.

Campusa aldizkarian, The New York Times egunkariak berriki egindako azterlana hartu dugu erreferentzia gisa. Epidemiologiako eta gaixotasun infekziosoen alorreko bostehun adituk baino gehiagok parte hartu dute azterlan horretan, eta galdetu zitzaien noiz espero zuten berriro ere heltzea eguneroko bizimoduko jarduerarik ohikoenei. Eredu hura harturik, COVID-19ak sorturiko pandemiari buruz komunikabideetan zalantzak argitzen jardun duten UPV/EHUko zenbait zientzialariri egin diegu kontsulta.

Orotara zortzi aditu eta dibulgatzaile zientifikok azaldu digute zer-nola igaro duten pandemia; zortziek ere mikrobiologia, epidemiologia, osasun publikoa, farmakologia eta pandemia biriko eta bakterianoak dituzte espezializazio-ardatz. Galdetu diegu haien ustez zer-nolakoak izango diren datozen hilabeteak, zer eratako oporrak egingo dituzten, baita eguneroko bizitzako beste hainbat egoera ere. Finean, etxean egin izan ditugun galderak eta erreferentzia gisa balioko diguten erantzunak.

 

Esperientzia berriak, ohitura berriak

«Bat-batean sortzen diren besarkaden falta sumatzen dut... Erreprimitu beharrik ez izatea kalean kutuna dudan baten bat topatzen dudanean, lehen bezala agurtu ezin izanaren ondorioz», kexatu da Itziar Alkorta, Zientzia eta Teknologia Fakultateko antibiotikoekiko bakterio multierresistenteetan aditua.

Alkortak bezalaxe, kontsultatu ditugun gehienek «mugarik gabe harremanak izateko askatasun-sentsazioaren hutsunea» sumatzen dute. Hitz horiekin definitu du Begoña Díez mikrobiologoak konfinamendu hau bizi izan dugun gehienok sentitu dugun egoera.

Izan ere, pandemiak, ohiturak ez ezik, errutinei heltzeko modua ere aldatu du. Bestalde, Guillermo Quindós mikrobiologoak hauxe azaldu du: «Lehen ere eskuak sarri-sarri garbitzen nituen, bai nire prestakuntza medikoagatik, bai laborategian lan egiten dudalako. Baina orain are sarriago garbitzen ditut». «Halere, lehen ez nituen garbitzen lixiba disolbatuarekin elikagaien ontziak, fruta eta barazkiak, erosketa-poltsak edo etxera iristen ziren paketeak», gaineratu du. Eta orain aldatu egin dira ohitura horiek.

Jendearekin kontaktua saihestea eta, halakorik denean, segurtasun-neurriekin egitea da beste ohitura bitxi horietako bat. COVID-19ak behartu egin ditu guk galdetutako aditu gehienak halako neurriak barneratzera.

Gorka Orive Farmazia Fakultateko ikertzaileak aitortu duenez, «arreta berezia» ipintzen dio «distantzia sozialari; oro har, maskara erabiltzeari, edo toki itxietako jarduerak saihesteari edo murrizteari». Gainerakoek ere gauza bera diote. Begoña Díezek, konparazio batera, adierazi du saihestu egiten duela inguruko pertsonekin kontaktua izatea ahal duen neurrian, eta toki irekietan bakarrik elkartzen dela. Hori horrela, mikrobiologoak aitortu du aldatu egin duela erosketak egiteko ohitura ere, eta orain gehiago jotzen duela online egitera.

 

Oporraldia, hemen bertan: kito atzerrirako bidaiak, hegazkinak, hotelak eta udalekuak

Hain zuzen, galde-erantzunetan parte hartu duten gehienak bat datoz oporraldiak zer-nola igaroko dituzten moduan. Luis Carlos Abecia osasun publikoko adituak izan ezik, gainerakoek bertako turismoa edo Euskaditik hurbilekoa hautatu dute.

Kasu batzuetan, pandemiaren aurretik antolatutako planei eutsiko diete, eta barnealdeko turismoaz gozatuko dute, espazio irekietan, naturarekin harremanetan eta familia-etxeetan, apartamentuetan edo landetxeetan. Hori azaldu digute Javier Garaizarrek eta Joseba Bikandik, Farmazia Fakultateko mikrobiologoak biak, eta Juan Ignacio Pérez Iglesiasek, Kultura Zientifikoko katedraren arduradunak. Guztiek ere joan-etorri luzerik gabeko oporraldia aurreikusten dute, autoz; nolanahi ere, ahalik eta kontu handienez jokatuko dute, eta mugikortasuna gutxituko dute aurtengo udan.

Beste batzuek, berriz, planak aldatu dituzte pandemiaren ondorioz. Modu batera edo bestera, galdetutako gehien-gehienek uste dute aurten behintzat zuhurragoa dela atzerrirako bidaiak saihestea, eta gertuagoko tokiak hautatu dituzte, arrisku gutxiagokoa delakoan. Hori horrela, beste baterako utzi dituzte atzerriko hiri handietara egin ohi dituzten bidaiak, Kanarietako edo Mediterraneo aldeko eguzkia, edo gobernuz kanpoko erakunde batekin Kongoko Errepublika aldean izan ohi duten lankidetza tradizionala. Eta gertukoago oporraldia hautatu dute: aukeran, familia-etxeak edo landetxeak nahiago, hotelak baino.

Gehienek turismo lokalagoa edo Euskaditik hurbilagoa aukeratu dute, autoz, hegazkinik eta hotelik gabe bidaiatuz.

Osasun publikoko aditu Luis Carlos Abecia da salbuespena: inguruko herrialde batera joango da oporretan, hegazkinez egingo du bidaia eta hotel batean hartuko du ostatu, pandemiaren aurretik pentsatuta zeukan moduan.

Hotel eta hegazkinen errezelo hori da ardura nagusietako bat gehienen artean, guztietan ez bada ere. Hala, Itziar Alkorta bakterio-erresistentzietan aditua ere Abeciaren iritzi berekoa da, eta hotel batean hartuko du ostatu: «Konfiantza dezentea dut hotelen kalitatean; kontu handiz hautatu ohi ditut».

Gainerakoek Juan Ignacio Pérez Iglesiasek bezalaxe egingo dute: «Apartamentu batera joango gara; oraingoan, aztertu ere ez dugu egin hotelaren aukera».

Joan-etorriari dagokionez, gehien-gehienek beren autoa dute nahiago. Quindósek eta Alkortak adierazi dutenez, garraio publikoan eta autoz ibili izan dira, eta pandemiak ez du ekarriko aldaketarik horri dagokionez. «Hegazkina lan-kontuetarako edo oporretara goazenean erabiltzen dut, baina aurten bidaia profesionaletarako bakarrik baliatuko dut; dena den, nahiko segurutzat jotzen dut».

Iritzi-aukera zabalagoa da seme-alabak udalekuetara joango diren galdetu diegunean. Haietako askok ez dute hautatu beharrik; halere, etxean edo inguruan adingabeak dituzten gehienek nahiago dute udalekuak saihestu, eta gutxiago dira haurrak udalekuetara bidaliko lituzketenak –hori bai, segurtasun-baldintzak bermaturik–.

 

«Normaltasun berriari» ekitea

Adituei galdetu diegu beren ustez noiz arte izango den maskara beharrezko osagaia eguneroko jantzietan. Gehienen ustez, kontua ez da aldatuko datozen hilabeteetan.

Osasun Publikoko masterraren arduradun Luis Carlos Abecia da baikorrena. Haren aburuz, zenbait faktoreren mende dago: «Batetik, ikusi behar da zer bilakaera duen epidemiak, eta, bestetik, zer arau ematen dituzten erakundeek. Nolanahi ere –gaineratu du–, baikorra naiz, eta uste dut irailean normaltasun handia izango dugula, ezpada erabatekoa».

Inork ez du espero maskara desagertuko denik datozen hilabeteetan

Gainerakoek, ordea, epe luzeagorako ikusten dute, eta uste dute maskararen amaiera txertoa azaltzen denean baino ez dela etorriko. Bien bitartean, uste dute erabilera murriztu egingo dela, «segurtasun-baldintzen arabera». Hau da, gutxiago erabiliko da toki irekietan, eta berdin-berdin toki itxietan.

Bada beste zalantza bat ere unibertsitate-giroan: noiz bueltatu laborategira eta ikasgelara. Orain artean, unibertsitateko gainerako kideek bezalaxe, telelan bidez egin da irakaskuntza- eta ikerkuntza-jarduna, eta, apurka-apurka, bueltan dira laborategietan. Edonola ere, Javier Garaizar mikrobiologoaren arabera, «txertoarekin izango dugu normaltasuna». Iritzi orokorra da hori, eta «egoera epidemiologikoaren bilakaeraren mende» uzten dute.

Alkortak eta beste batzuek, ordea, adierazi dute gogotsu daudela irailean ikasgelara bueltatzeko; izan ere, «onlineko irakaskuntza baliagarria da, baina askoz ere komunikazio joriagoa izaten dugu ikasleekin aurrez aurre».

Komunikabideen aurrean UPV/EHU ordezkatzen duten aditu hauek ere gizarteko gainerako kideen desio eta frustrazio berberak sentitzen dituzte, eta, guztion ildo beretik, amorratzen daude «adiskideekin kafetxo bat hartzeko», Bikandik adierazi duen moduan. Edo «kontzertu batera joateko, lagun guztiak estu-estu elkarren ondoan egonik», Orivek esan duenez, baita «futbol-partida bat zuzenean ikusteko» ere, Abeciaren hitzetan, nahiz eta onartzen duen ez dela «ezinbestekoa» ere. Pérez Iglesiasek eta beste zenbaitek ez dute onartzen datorkigun egoera hau; izan ere, kexu da ez duela nahi «normaltasun berririk, lehengoa baizik».