Nola ikasten duzu unibertsitatean?
- Kronika
Lehenengo argitaratze data: 2024/05/29
Euskal Herriko Unibertsitateko Carlos Santamaría Zentroko Txillardegi aretoan, Donostian, ‘Nola ikasten duzu Unibertsitatean?’ erakusketa egon zen ikusgai. Jarduera Elkarrikertuz ikerketa-talde finkatuak antolatu zuen, EHUkultura Gipuzkoarekin elkarlanean. “Erakusketa, elkarrizketa-guneak irekitzeko beharretik sortu da. Ikasleekin elkartu eta haiei entzuteko aukera emango digun elkarrizketa, zerk kezkatzen dien eta nola ulertzen duten unibertsitate barruan ikastea, elkarrekin eztabaidatzeko. Graduko ikasleen ikaskuntza-ibilbideei buruzko ikerketak (horren ondorio da erakusketa) unibertsitatean ikasteak ikasleentzat zer zentzu duen pentsatzeko eta ikasleekin ulertzen saiatzeko aukera eman digu”, dio Estitxu Aberasturi UPV/EHUko Hezkuntza, Filosofia eta Antropologia Fakultateko irakasle zein Elkarrikertuz ikerketa-taldeko kide eta arduradunak.
Erakusketak hainbat bisita eta elkarrizketa izan zituen. Batetik, graduko ikasleekin topaketa bat izan zen, eta Miriam Peña, Alaitz Sasiain eta Regina Guerra ikerlari eta artistek sortutako performance bat oinarri hartuta, kezka eragiten diguten gaiak partekatu ziren, hala nola ‘ikastea ez al da beti zerbait biografikoa eta emozionala?’. “Utilitarismoa eta errendimendua gure eguneroko lanaren parte diren gizarte batean gaude, arteek eta elkarrizketek zentzua galdu duten garaiak azkartuz. Garai hauek, Unibertsitateari eta ikaskuntza-prozesuei eragin die entzute lasai eta aktibo baterako lekuak geroz eta gehiago murriztuaz. Bestearekin topatzea-elkartzea norbanakoaren konpromiso-ekintza bihurtu da, zentzuz ikasteko beharrezkoa den zerbait baino gehiago. Pertsonek ikas dezakete erlazioan egiten ez badugu? Unibertsitatea ez al da, bada, diskurtso bat egiteko eta bizi garen munduari zentzua emateko leku hori?”. Halaber, eskoletako irakasleekin hitz egindako beste bisita bat izan zen. Bertan, interes berezia erakutsi zuten ikerketaren emaitzengatik, bai eta erakusketa-formatuagatik ere. Azken bisita elkarrizketatua izan zen estrategia artistikoetatik ikertutakoa transferitzeko beste modu batzuk jorratzeko interesa duten ikertzaileekin.