euskaraespañol

Teresa Zamalloa Echevarría eta Ainara Achurra Ahumada

Nola jakin zientzialari izango den norbait dugun etxean?

Zientzia Esperimentalen Didaktikako irakasleak

  • Cathedra

Lehenengo argitaratze data: 2023/01/25

Irudia

Artikulu hau jatorriz The Conversation argitalpenean aurki daiteke.

Haurrak zientzialari izateko jaioak dira. Naturarekiko jakin-mina dute eta jaiotzen diren unetik zientzia egiteari ekiten diote. Inguruan duten oro behatzen dute eta harekin jolasten dira: beren esku nahiz oinekin, mantekin, jostailuekin… Begiratu egiten dute, gauzak manipulatzen eta leku batetik bestera mugitzen dituzte, jaurti egiten dituzte eta edozer gauzari jarraitzen diote.

Dena den, ikusi da, lehen hezkuntzatik bigarren hezkuntzara igarotzen diren heinean, ikasleek zientziarekiko interesa galtzen dutela, bereziki neskek.

Hezkuntzaren testuinguruan, zientziarako gaitasuna honela ulertu daiteke: mundu naturalari buruzko galderak egiteko, hipotesiak sortzeko, estrategiak planifikatzeko eta datuak bildu eta aztertzeko prozesua, hasierako galderari erantzun ahal izateko.

Zientzialari izango den norbaiten aurrean al gaude?

Haur zientzialari bat deskribatu beharko bagenu, honako ezaugarri hauek aipatuko genituzke, besteak beste:

  1. Bere ingurua deskubritzeko eta ezagutzeko jakin-mina eta interesa ditu.
  2. Behatzailea da.
  3. Jolasten ari denean, kolorearen, formaren, tamainaren eta antzeko irizpideen arabera sailkatzen eta ordenatzen ibiltzen da.
  4. Inguruan gertatzen denaren arrazoiak bilatzen saiatzen da.
  5. Dinosauroen tamainari edo hegazkinen abiadurari buruzko datu zientifikoak interesatzen zaizkio.
  6. Manipulazioa eta esperimentazioa interesatzen zaizkio.
  7. Datu batzuetatik patroiak ateratzeko gai da.
  8. Gizartearen erronkek kezkatu egiten dute.
  9. Bere azalpenak arrazoitzen ditu.
  10. Sormena dauka eta berrikuntzak egiteko gai da.

Helduen eginkizuna

Richard Feynman XX. mendeko fisikaririk garrantzitsuenetako bat izan zen. Hark zioen bere aitarekin solasaldi eta eztabaida interesgarriak izaten zituela, hala nola txorien jokabideen inguruan, jostailuzko bagoien inertziaren inguruan, dinosauroen garaieraren inguruan, etab.

Hark zioenez: “Garai hartan uste nuen aita guztiak halakoak zirela. Bizitza osorako motibatu ninduen. Gaur egun ere, ume baten antzera, zientzian aurkituko ditudan mirarien bila jarraitzen dut”.

Isidor Rabik Fisikako Nobel saria irabazi zuen, eta, behin, zientzialari izaten zerk lagundu zion galdetu ziotenean, honako hau erantzun zuen:

Eskolatik irtetean, Brooklyngo beste ama judu guztiek beren haurrei egun horretan zer ikasi zuten galdetzen zieten. Aldiz, nire amak honakoa galdetzen zidan: “Izzy, egin diozu zeure buruari galdera onik gaur?”.

Laguntzeko eta animoak emateko aholkuak

  1. Jakin-mina sustatu. Inguruan ditugun gauzak zerez eginak dauden eta nola funtzionatzen duten ezagutzen uztea, zenbait material desberdin erabiliz.
  2. Galderak formulatu. Inguratzen dituen munduko xehetasunetan arreta jartzeko eta azalpenak aurki ditzaten animatzea. Batzuetan uste da nahikoa dela ikasleei esperientzia harrigarriak erakustea, eta haiekin jakin-mina piztuko zaiela, baina ez da nahikoa sakontzen; izan ere, beren gaitasun kognitiboak ez die jazotakoa ulertzen uzten. Gauzak ez direla horrela onartzen dugunean, eta hasiera puntu bat besterik ez dela ulertzean, ikusiko dugu haurrek naturarekiko sekulako interesa dutela.
  3. Utzi saiatzen. Arazoei konponbideak bilatzeko beren autonomia indartzea ez da lan erraza, eta pazientzia handia eskatzen du. Dena den, funtsezkoa da beren ezagutza eraikitzeko aukera emateko, eta hala mundu erreala ulertu eta ondo moldatzeko. Helduek eginiko galdera konstruktiboak lagungarriak izan daitezke haurrentzat, eta aldamio gisa funtzionatu dezakete beren ezagutza propioaren eraikuntza prozesuan. Ez da beharrezkoa erantzun zuzenak ematea, haurrek ez dituzte espero.
  4. Ez ahalegindu kontzeptu eta teoria zientifikoak buruz ikas ditzaten. Barneratzea baino gehiago, egitea da kontua. Behatzea, hipotesiak sortzea, gertaeren, ideien edo kausa eta ondorioen arteko loturak aurkitzea, arrazoitzea… Hau da, ulertzea buruz ikastea baino askoz ere interesgarriagoa da.
  5. Jolasa eta sormena baliatu. Egunerokotasuneko erronkak eta arazoak proposatzea aukera ona da, konponbidea ematen saia daitezen lortzeko.
  6. Zientzia museoak bisitatu. Duela urte batzuetatik, zientzia museoek instalazioak, jarduerak eta baliabide interaktibo berriak gehitu dituzte, eta, horrela, haurrak esploratzera eta edukia hobeto ulertzera animatzen dituzte.
  7. Naturaguneak bisitatu. Naturan eta naturarekin jolastea, elementu naturalak manipulatzea, fenomeno naturalak behatzea, eta horrekin guztiarekin esperimentatzea.
  8. Etxean zientziarekin zerikusia duten testuinguruak sortu. Hazi bat landatzea, landarea nola hazten den behatzea eta zer behar duen jakitea. Paperezko helikoptero bat sortzea eta urrunago hegan egin dezan lortzeko diseinua birmoldatzea. Lorategira gerturatzen diren txoriak behatzea eta haien eguneroko jokabidea aztertzea. Bizkotxo bat egitea eta barrualdean burbuilak zergatik ateratzen diren pentsatzea…

Eskolaz kanpoko eskolak?

Erakunde mailan, STEAM estrategia eta antzeko ekimen interesgarriak daude, hezkuntza eta prestakuntza zientifiko-teknikoa sustatzeko. Horrek, gainera, neskei arreta berezia jartzen die, alor horretan existitzen den genero arrakala murrizteko asmotan.

Zientziaren Astean –azaroan egin ohi da Europa mailan– hainbat formatutako jarduera zientifikoen eskaintza handia egoten da hiri gehienetan, guztien eskura.

Eskolaz kanpoko ekintzei dagokienez, zientzien alorrean arrakasta gehien duten aukerak robotika eta programazioa dira, zeinak teknologiarekin eta ingeniaritzarekin lotuta dauden. Hala ere, nahiz eta arrakasta gutxiago izan, esperimentazioari, ikerketari eta behaketari lotutako ariketa praktikoak eskatzen dituzten gero eta zientzia tailer gehiago daude.

Gainera, badira Eskandinaviako baso eskolaren metodologiaren alde egiten duten zenbait eskola ere. Horietan, aire librean ikasten dute, naturako baliabideak erabiliz. Metodologia horretan oinarritutako eskolaz kanpoko ekintzen eskaintza egotea nahi genuke.

Naturaz disfrutatu

Espiritu zientifikoa ez dute hari zuzendutako eskolek edo ekintzek soilik elikatzen. Naturan egiten direnek, praktika zientifikora bideratuta egon ez arren, zientziarekiko interesa eta jakin-mina pizten laguntzen dute.

Denbora libreko edo kontaktuko kirolen irteerez ari gara, hala nola surfa, snorkela, mendizaletasuna, xendazaletasuna, zaldi ibilaldiak, eskalada…

Erakusten duten jakin-minari edo interesari arreta pixka bat jartzen badiegu, beharbada jakingo dugu jokabide horiek bizitza osorako bokazio bihur daitezkeen.

The Conversation