euskaraespañol

Nola mugitzen da unibertsitatea?

Arabako Campusean oinez eta bizikletaz ibiltzea ohikoagoa da Gipuzkoan eta Bizkaian baino, Garazi López de Oñate ingeniariak egindako analisiaren arabera

  • Ikerketa

Lehenengo argitaratze data: 2018/09/20

Irudia
Mugikortasunaren diagnostikoan, Garazi López de Oñate ingeniaria aztertu du jendea nola iristen den unibertsitate campusetara. (Argazkia: Mitxi. UPV/EHU)

UPV/EHUko mugikortasuna campusen kokaleku desberdinek baldintzatuta dago. Arabako Campusaren hiri inguruneak modua ematen du ikastegira oinez edo bizikletaz ailegatzeko; Bizkaiko eta Gipuzkoako campusetan, berriz, ohikoagoak dira garraio publikoa eta ibilgailu pribatua. Besteak beste ondorio horiek atera ditu Garazi López de Oñatek, Ingurumen Ingeniaritzako Unibertsitate Masterra amaitzean egin duen lanean.

Diagnóstico de la situación de movilidad en el conjunto de la UPV/EHU y su impacto sobre el cambio climático (Mugikortasunak UPV/EHU osoan duen egoerari eta klima aldaketan duen eraginari buruzko diagnostikoa) lanean, Garazi López de Oñate Ingeniaritza Zibileko graduatuak aztertu du jendea nola iristen den unibertsitate campusetara. Unibertsitate guneen ezaugarriak eta kokalekua direla eta, azterlanak campusen arabera bereizten du Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan mugitzeko modua.

Arabako Campuseko ikastegiak Gasteizen daude, unibertsitateko eraikinetara oinez edo bizikletaz joateko aukera ematen duen hirigune batean. Hiriak bidegorrien sare bat du, eta campusean aparkaleku ugari daude. Gainera, unibertsitatea hirian bertan dagoenez, ez da hain beharrezkoa ibilgailu pribatua erabiltzea, eta jendea gehiago ibiltzen da garraiobide publikoz (% 45,31), oinez (% 20,71) eta bizikletaz (% 15,37).

Bizkaiko Campusak bestelako egoera bat du. Fakultateak eta eskolak Bilbon (Sarriko, Elkano eta San Mames), Leioa-Erandion, Barakaldo-Gurutzetan eta Portugaleten daude. Leioa-Erandioko campusa hiriguneetatik oso urrun dago; horrek oztopatu egiten du ikastegietara iristeko bizikleta erabiltzea, eta oinez joatea ere ez da bideragarria. Bestalde, Bizkaian nabarmentzekoa da garraio publikoaren erabilera (% 74,03), askoz ere handiagoa baita Arabako eta Gipuzkoako campusetakoa baino. Gainera, beste gune guztietan erraza da garraiobideak konbinatzea unibertsitatera iristeko.

Azkenik, Gipuzkoako Campusak ere egoera berezia du. Garraio publikoan jende asko ibiltzen den arren (% 45,31), campus horretan erruz ibiltzen da ibilgailu pribatua (% 21,33). Kontuan izan behar da campus horretan bi hirigune bereizten direla: Donostia eta Eibar. Eibarrera iristeko, pertsonen % 17,50ek ibilgailu pribatua erabiltzen dute. Donostian, bestalde, bidegorrien sare bat dago hirigune osoan; alabaina, oraindik hobetu daiteke garraiobide horren erabilera (% 4,42). Datu horretan eragina du Donostia Unibertsitate Ospitalea erdigunetik oso urrun egoteak.

Oro har, ibilgailu pribatuan ibiltzen diren pertsonak (% 84,48 autoz eta % 45,13 motoz) prest egongo lirateke mugitzeko ohiturak aldatzeko baldin eta garraiobide publikoaren prezioa, kalitatea, ordutegia eta iraupena hobetuko balira; % 9,11k, berriz, autoa bizikletarekin aldatuko lukete ziklistentzako instalazioak hobetuko balira.

UPV/EHUren Mugikortasunaren Diagnostikoaren oinarria master amaierako lana izan da. Gaur aurkeztutako diagnostikoa unibertsitateko Iraunkortasunaren Zuzendaritzak bultzatu du.

Beste informazio batzuk: UPV/EHUko Mugikortasunaren Astea