euskaraespañol

Gasteizko Udalak eta UPV/EHUk kirolarekin lotutako beste lankidetza-hitzarmen bat sinatu dute

Horren helburua da Arabako campuseko ikasleen jarduera fisikoarekin lotutako garapena, prestakuntza eta irakaskuntza bultzatzea

  • Kronika

Lehenengo argitaratze data: 2022/10/04

Irudia

Gasteizko alkateak, Gorka Urtaranek, Udalaren izenean, eta Arabako campuseko errektoreordeak, Manoli Igartuak, Euskal Herriko Unibertsitatearen ordezkari gisa, gaur goizean sinatu dute lankidetza-hitzarmen berria Arabako campuseko ikasleen artean kirol arloko jarduera fisikoarekin lotutako prestakuntza, irakaskuntza eta garapena bultzatzeko.

UPV/EHU eta Kirol Zerbitzua 1990etik ari dira kirol arloan elkarlanean eta, sinatu berri duten hitzarmen honi esker, lankidetza hori beste bi urtez mantenduko dute. Izan ere, 2024ko irailaren 30era arte egongo da indarrean eta beste bi urtez luzatzeko aukera egongo da urtero.

Gorka Urtaranek, Gasteizko alkateak, akordioaren inguruko balorazio positiboa egin du: “30 urte baino gehiago daramatzagu Euskal Herriko Unibertsitatearekin harremanetan; elkar atzeraelikatzen emandako 30 urte hauetan, lankidetza honi esker, bi erakundeok izan gara garaile. Hitzarmen hau sinatzea beti da albiste ona eta gaurko argazkia gehiagotan errepikatzea espero dut. Izan ere, horrek esan nahiko du elkarrekin egindako lanak denboran aurrera egin duela”.

Bestalde, Manoli Igartuak, Arabako campuseko erretoreordeak, hitzarmen honek bi erakundeek esparru askotan garatzen duten lankidetza indartu eta areagotuko duela nabarmendu du: “Akordio berri honetan, lankidetza esparrua zabaldu dugu, UPV/EHUko Hezkuntza eta Kirol Fakultateko ikerketa-taldeek udal-kirolarekin lotutako ikerketa-proiektuak eta azterlanak egiteko aukera jasota. Gainera, hitzarmenean jasota dago gradu-amaierako lanak, master-amaierako lanak edo doktoretza-tesiak Kirolen Udal Zerbitzuarekin elkarlanean egiteko aukera”.

Horrez gain, hori guztia “gure ikerlariek Hezkuntza eta Kirol Fakultatean zein Mendizorrotzako Jarduera Fisikoa Ikertzeko Espazioan egiten duten lan emankorra areagotzeko lagungarria izango” dela gehitu du. Hain zuzen ere, “Udalak gune horren erabilera laga digu jarduera fisikoak herritarren osasunean dituen ondorioak ikertzeko”.

Gaur jasotako dokumentuak bi erakundeen betebeharrak biltzen ditu. Udalaren betebeharren artean, nabarmendu beharrekoa da kirol arloko instalazioak eta materialak utziko dizkiola Arabako campuseko Errektoreordetzari eta, bereziki, Hezkuntza eta Kirol Fakultateari prestakuntzako eta irakaskuntzako jarduera, eta ikasleen jarduera fisikoa eta kirol arlokoa gara ditzan.

Ezagutza sortzeari dagokionez, unibertsitateak Udal Kirol Zerbitzuko langileei Hezkuntza eta Kirol Fakultateak antolatutako prestakuntza-jardueretan parte hartu ahal izatea eta Euskal Herriko Unibertsitateko ikerketa-taldeekin izan beharreko harremana erraztu beharko dizkie haien lana zerbitzuak garatzen dituen jarduerekin lotuta dagoenean. Era berean, Udalak antolatutako prestakuntza-saioetan aholkularitza eta lankidetza eskaini beharko die.