null

Milaka kumulu globular berri sortu dira azken mila milioi urteetan

Nature Astronomy aldizkarian argitaratu duten lan batean kolaboratu du UPV/EHUko Ikerbasque Research Professor Thomas Broadhurst-ek

  • Ikerketa

Lehenengo argitaratze data: 2019/10/29

Thomas Broadhurst
Thomas Broadhurst. Argazkia: UPV/EHU.

Nature Astronomy aldizkariak berriki argitaratu duen aurkikuntza berri batean hartu du parte UPV/EHUko Fisika Teorikoa eta Zientziaren Historia Saileko irakasle Thomas Broadhurstek, izen handiko beste ikertzaile batzuekin lankidetzan. Aurkitu dute Perseus kumuluaren erdigunean dagoen galaxia erraldoiaren inguruan badirela hainbat kumulu globular azken mila milioi urteetan sortuz joan direnak.

Kumulu globularrek funtsean aldi berean sortutako ehunka mila izar izan ditzakete, edota hamar milioi izarretik gora izatera ere irits daitezke. Unibertsoan ikusgai diren objekturik antzinakoenak dira. Gure galaxiaren diametroa baino ehunka aldiz diametro txikiagoko bolumen esferiko dentsoetan biltzen dira kumulu globularrak. Esne Bidea 150 bat kumulu globularrez inguratuta dago, eta haietako batzuk begi hutsez ikus daitezke gaueko iluntasunean. Nolanahi ere, galaxia-kumuluen erdigunean kokatzen diren galaxia erraldoien inguruan hamar edo hogei mila kumulu globular inguru aurkitu daitezke. Galaxia-kumuluek ehunka edo milaka galaxia dituzte elkarri grabitatez lotuta eta gas berotan sartuta (Eguzkiaren erdigunean dagoen beroa halako hamar baino gehiago).

Uste da kumulu globularrak unibertsoa sortu eta gutxira sortu zirela, duela 13.800 milioi urte inguru, lehenengo galaxiak sortu ziren unean edota, agian, haiek baino lehenago. Harrezkeroztik, aldatu gabe iraun dute neurri handi batean, kumuluak osatzen dituzten izarrak zahartuz eta gainerako izar gehienak hiltzen joan diren arren.

 

Nature Astronomy

Thomas Broadhurst UPV/EHUko Fisika Teorikoa eta Zientziaren Historia Saileko Ikerbasque irakasleak azaldu duenez, “ez da ondo ulertzen zergatik sortzen diren galaxiarik distiratsuenak galaxia-kumuluen erdigunean. Uste dugu milaka kumulu globular zahar edukitzeak zerikusia izan dezakeela”. Hong Kongeko Unibertsitateko Lim doktorea buru izan duen ikerketa batean, zeina Nature Astronomy aldizkari entzutetsuan argitaratu baita eta zeinean Broadhurst kolaboratzaile izan baita, ustekabeko erantzunak aurkitu dituzte galaxia-kumuluen erdiguneko galaxia erraldoien inguruan kokatutako kumulu globular batzuen jatorriaz: “Ikusi dugu milaka kumulu globular berri sortuz joan direla azken mila milioi urteetan gas hotz batetik abiatuta, Perseus galaxia-kumuluaren erdigunean dagoen galaxia erraldoian”, azaldu du Broadhurstek.

Kumulu globular gazteenak oso lotuta daude galaxia erraldoiaren kanpoalderantz hedatzen den gas hotzeko sare konplexu batekin —ondorioz, esan daiteke hortaz osatuta daudela—. Gas hotzeko sare hori Perseus galaxia-kumulua murgilduta dagoen gas berotik prezipitatzen da; izan ere, gasa erdigunean kontzentratzen da, horrek azkarrago hotzarazten du, eta horrek kumulu globularrak sortzen laguntzen du. Sortu ondoren, kumulu globular jaioberriak ez dira gas hotzeko sarean geratzen, eta galaxia erraldoiaren barnerantz erortzen dira, hodeietatik erortzen diren euri-tantak balira bezala. “Beraz —azaldu du Broadhurstek—, espero izatekoa da kumulu horietako erdiko galaxiak gero eta distiratsuagoak izatea denbora kosmikoan aurrera egin ahala, inguruan daukaten gasetik erortzen den kumulu globularrezko euriaren ondorioz”.

 

Informazio osagarria

Hong Kongeko Unibertsitateko Fisika Saileko Lim doktorea eta Emily Wong izan dira ikerketa honetan buru, eta lankide izan dituzte UPV/EHUko Ikerbasque Research Professor Thomas Broadhurst, Taiwaneko Astronomia eta Astrofisika Institutuko Youichi Ohyama doktorea eta Princeton Unibertsitateko Elinor Medezinski doktorea. Ikerketan, Hubble teleskopio espazialaren datuak erabili dituzte.

Erreferentzia bibliografikoa