null

O-S-A-S-U-N = Orekatu + Sentitu + Adi egon + Saretu + Umorea + Natura

COVID-19ak eragindako berrogeialdirako orientabide psikologiko batzuk eskaintzen dizkigu Goretti Soroa irakasleak

  • Erreportajeak

Lehenengo argitaratze data: 2020/03/25

Argazkia: Fernando Casabella. UPV/EHU

COVID-19ak ezustekoan harrapatu gaitu denok eta, ezinbestean, gure bizi-kalitatea kolokan jar daiteke. Estresore berri eta ezezagun hau etxe barrura sartu zaigu gurekin berrogeialdia igarotzera. “Hobe dugu gure etsai ordez, gure bidelagun bilakatu”, gomendatzen digu Euskal Herriko Unibertsitateko Psikologia Fakultateko irakasle Goretti Soroak. Horretarako, lagungarri izango zaigu eguneroko gure bizitza-estiloa arretaz behatu eta zaintzea. Hona hemen Nortasuna, Balioespena eta Psikologia Tratamendua Saileko irakasleak prestatu dizkigun gomendioak:

Orekatu!

Antolatu eguna bizitza-estilo berriekin (arlo fisiologikoa eta konduktuala).

  • Ez da oporraldia, ez da deskantsualdia, errutina kaletik etxera egokitzeko garaia baizik. Hipo-aktibitatea frenatu.
  • Etenaldi sentsazioa ekiditeko, eguneko zikloak antolatu, etxe bakoitzeko erralitatearen arabera.
  • Esnatzerakoan pijama edo etxeko arropa, kalekoagatik ordezkatzea komeni (dutxatu, orraztu, apaindu, egun berrirako prestatu).
  • Elikadura osasuntsua mantendu, inmuno-sistema indartuta egon dadin.
  • Hidratatu, ura 15 minuturo edan, ahoa eta eztarria ez daitezen lehortu.
  • Eguzkiaren argitasuna jaso (ahal den neurrian).
  • Ariketa fisikoen errutina berriak sustatu etxean, betiere, baldintza berrietara egokituta.
  • Lotarako patroiak mantendu, hobe eguzkiaren zikloak errespetatzea.

Sentitu!

Zure emozioen jabe egin (arlo emozionala).

  • Urduri edo etorkizunarekiko antsietatea baduzu, meditazioak, arnasketa ariketek edo musika lasaiak orainean kokatzen lagundu zaitzakete. Saiatu azukrea, kafeina, tabakoa edo bestelako sustantzia adiktiboak ekiditen. “Pasa blokeotik desblokeora!”.
  • Tristura, asperdura edo bakardade sentimendua nagusi badira, egin negar edo deskantsatu denbora-tartea batez… Baina gero, irten ohetik, altxa sofatik eta “pasa burutik ekintzara!”. Idatzi, deitu norbaiti, margotu, sukaldatu…
  • Aldiz, haserre edo frustratuta bazaude, partekatu norbaitekin injustizia sentimendua, idatzi erreklamazio mezua, ekin aldarrikapen konstruktibo bati. “Pasa energia suntsitzailetik, eraikitzailera!”.

Adi!

Hiper-alerta egoera neurtu (arlo kognitiboa).

  • Informazio-iturri fidagarriak kontsultatu.
  • Informazioa egunean bitan jaso, ez gehiago (eguerdi eta gaueko albistegietan, esaterako).
  • Etxean daudenei mezu eraikitzaileak bidali, adinera egokituak.
  • Ekidin gezurrezko mezuak.
  • Ekidin gain-informazioa.

Saretu!

Harremanak zaindu, elkar-konektatu, zaintzak erdigunera eraman (arlo soziala).

  • Adiskide zein lankideekin harremana mantendu, eguneroko martxa jarraitzeko ezinbestekoa da bilera birtualak edo email bidezko komunikazioa mantentzea.
  • Irakasle bagara, ikasleak zaindu. Emailari edo Egelari arreta ipini, euren etorkizunarekiko beldurra izan baitezakete. Erabili bideo bidezko deiak posible bada, gertutasuna adierazi.
  • Familiaren kasuan, zaintzak erdigunean kokatu. Antolatu eta banatu zaintza-zereginak denon artean.
  • Bakarrik edo isolatuta daudenei laguntza emateko entzute aktiboa eta euskarri emozionala eskaintzen saiatu.
  • Une hauetan gehien behar dutenak babesteko, zure bizilekutik gertu antolatutako mugimenduetan parte hartu, edo gertutik jarraipena egin (erosketaren bat, kuku txiki bat tarteka, dei bat…).

Umorea erabili!

Jolasa, sormena, musika, baikortasuna.

  • Inprobisatzeko garaia da, errutina berriak ezartzeko unea, malgutasunez eta umorez.
  • Elkarrekin egoteko unea, lan egiteaz gain, aisialdirako tarteak aprobetxatu. Gure seme-alabekin, bikotearekin, gure buruarekin, gure etxeko animaliarekin… Sare-sozialetan partekatu diren filmoteka, liburuteka eta jolas-sortak ezagutzeko unea.
  • Zurekin etxea partekatzen duenaren konplizitatea bilatzen saiatu.
  • Sukaldaritza, ipuin-kontaketak, txontxongiloak, magia saioak, argazki collage-ak, etxeko birrantolaketa, bir-dekorazioa, artelanak…
  • Interneteko ikastaro batean  izen-eman, musika-tresna bat jotzen ikasi…

Naturaren tenpoak  errespetatu.

  • Natura behatzeko unea da. Amalurra zaintzeko unea.
  • Naturagunerik edo elementurik gertu badugu, arreta eskaintzeko une aproposa (sutondoa, landareak, animaliak, mendia, erreka, itsasoa, baratza, haziak, barazkiak, fruituak, dutxako ura…).
  • Izan dezagun pazientzia, birusak bere erritmoa darama.

 

Elkarlanean, elkarzaintzan, guztiok indartuta aterako gara!!