euskaraespañol

In memoriam: Julián Aguirre

  • Kronika

Lehenengo argitaratze data: 2019/06/03

in memoriam: Julián Aguirre

Julian Aguirreren heriotza ustekabekoak eta goiztiarrak, 65 urte bete baino hilabete batzuk lehenago, tristura eta hutsune handi bat utzi digu guztioi, betiko galera baten sentsazioa eta bihozmina.  

Jose Angel Valentek honela hasten zuen bere poema hunkigarrietako bat: Cruzo un desierto y su secreta desolación sin nombre. Horrela ikusten dugu geure burua: basamortu bat eta haren izengabeko atsekabe sekretua zeharkatzen.

Ezer baino lehen esango dut joan den egunean, haren seme Mikel Aguirrerekin Zientzia eta Teknologia Fakultatean egingo zaion agur ekitaldiari buruz hizketan ari nintzela, aipatu niola berak erabaki behar zituela xehetasunak:  ordua, eguna, etab. Mikelen erantzunak asko hunkitu ninduen. Halaxe esan zidan: “Juan Carlos, kontuan hartu behar duzu nire aita zuena ere bazela”. Eskerrik asko, Mikel. Horrelakotzat dugu.

Familia maitea, Mikel maitea, sentitzen dudan tristura hainbestekoa izanik, nire hitzek nekez transmitituko dute kontsolamendurik une latz hauetan, baina, labur bada ere, Julianen ibilbidearen mugarri batzuk aipatuko ditut.

Harekin hizketan hasi orduko, bagenekien pertsona argi bat genuela aurrean, iritzi zuzenak ematen zituena, bai matematikari buruz bai edozein gairi buruz. Julian hitz gutxiko gizon bat zen, baina ideia sakonak eta interesgarriak zituen.

Haren ibilbide akademikoa UPV/EHUn hasi zen, ikasketak egiten; han, irakasleek eta ikaskideek ikasgela hauetatik igaro den ikasle onenetako bat izan zela gogoratzen dute.

Ondoren, etapa amerikarrari ekin zion, eta doktorego ikasketak egin zituen Washington Universityn (St. Louis), garai hartako izen handienetako baten zuzendaritzapean: Ronald R. Coifman. 1981ean, “Pseudodifferential Operators and Paraproducts” izeneko bere tesia defendatu zuen, eta kalifikazio gorenak eta aipamen bikainak lortu zituen. Unibertsitate horretan, doktorego aurreko era guztietako proba eta azterketetan ere nabarmendu zen. Bitxikeria bat aipatzearren: Ives Meyer izan zen tesiaren epaimahaikideetako bat, eta iritzi ezin hobea izan du beti Juliani buruz –“El vasco”, haren hitzetan–. Meyerren iritzia ez da edonorena: duela gutxi, Abel saria jaso du, aitorpen gorenetako bat Matematikan. 

St. Louisen, funtsezko zerbait gertatu zen Julianen bizitzan: Mikel semearen jaiotza. Sarritan hitz egiten genuen gure semeez, adin beretsukoak direnak eta sektore berean lan egiten dutenak.

AEBko etapa amaituta, Madrilgo Unibertsitate Autonomora joan zen, eta ondoren etorri zen berriro UPV/EHUra, non erretiroa hartu arte –duela bi urte baino gutxiago– aritu baitzen.  Unibertsitate honetan lortu zuen Analisi Matematikoko Katedra, ni neu epaimahaikide izanik, ohore handiz.

Urte hauetan guztietan, Julian eredu izan da gutako askorentzat. Julian pertsona aproposena zen Matematikaz norbaitekin hitz egin nahi zuen edonorentzat, gai eta alor asko menderatzen zituelako. Matematika atalean egiten den Analisi Matematikoa eta Aplikazioak asteroko mintegiko chairman ia betikoa izan zen.  

Bestalde, izugarri maite zuen programazioa. Berez, nire ordenagailuan martxan dut oraindik Mathematica programarekin idatzi zuen kode bat. Haren programarekin lan egiten jarraitzen dut, eta kosta ahala kosta saiatuko naiz lortu nahi genuen konstante baten balioa lortzen (Julian 1.7920 dut eskura, lortzea espero dut, eta orduan, dagokion eskaintzarekin argitaratzea. 1.79196an noa…edo hobe esanda, goaz… Gutxi falta da).

Julian irakurle konpultsiboa zen. Hain zuen gustuko Julio Cortázar, bere ordenagailuari Cronopio jarri ziola. Zientzia fikzioaren zale amorratua izaki, gure fakultateak duela 30 urte antolatzen dituen genero horretako kontakizunen lehiaketaren sustatzaileetako bat izan zen. Urtero-urtero herrialdeko eta nazioarteko egile ugari erakartzen dituen zientzia fikziozko kontakizunen Alberto Magno lehiaketaz ari naiz. 

Julianen ibilbidea oso oparoa izan da urte hauetan, eta hainbat arlo jorratu ditu; besteak beste, irakaskuntza, ikerketa eta kudeaketa. Judith Rivas Ulloa eta Martín Blas Pérez Pinillaren tesiak zuzendu zituen. Portugaleteko UNEDen ikastetxe elkartuko tutore izan zen. Ikerketaren esparruan, hainbat gai landu zituen: Fourierren Analisia, deribatu partzialen ekuazioak, sistema dinamikoak eta  Zenbakien Teoria, besteak beste.

Kudeaketaren esparruan, hainbat arlotan egin zuen lan. Matematika Saileko zuzendari izan zen, baita Zientzia eta Teknologia Fakultateko dekanorde eta idazkari ere, eta hainbat batzordetan parte hartu zuen: fakultateko batzarrean eta gobernuko batzarrean, esaterako. Hau da, eskuzabala izan zen bere denborarekin eta guztion intereseko gaiei eskaini zien haren zati bat. 2007 eta 2017 artean UPV/EHUko Unibertsitate Sarbiderako Bulegoa zuzendu zuen.

Hainbat zaletasun zituen, askotarikoak gainera: arku tiroa, xakea, nabigazioa, zientzia fikzioa, edo bidaiak. Santi Fernández, Eduardo Sainz, Lucio Fernández eta beste pertsona asko izan zituen lagun, zaletasun horiez gozatzen zuenean. Erretiroa hartu zuenetik hainbat bidaia egin zituen: Filipinak, Kaledonia Berria, Hegoafrika, etab. Eta ekaina hasieran Ipar Koreara joateko asmoa zuen.

Hain zuzen ere, aurretiko erretiroa hartzeko arrazoietako bat izan zen urte osoan zehar bidaiatu ahal izatea. Baina bidaiatu ez ezik, fakultatera bisitak ere egiten zituen tarteka, bertan zituen lagunekin hitz egiteko edo bazkaltzeko.

Pribilegio eta zorte handia izan da urteok Julianekin partekatzea. Oso zaila eta arraroa da Juliani buruz iraganean hitz egitea, pertsona aparta eta oso maitatua baitzen. Testu hau amaitzeko, bi aipamen egingo ditut. 

Lehenengoa Cesar Vallejoren olerki bat da, zeinean aipatzen den zer nolako hutsa eragiten duen horrelako pertsona baten heriotzak. Eta, Cesar Vallejoren hitzak hartuta, sakon sakonean sentitzen dut amaierarik ez duen hutsune bat utzi digula jada Julian Aguirrek. 

Bigarrena, berriz, Jorge Luis Borgesen “Límites” olerki ospetsua da, honela dioena:

De estas calles que ahondan el poniente,
una habrá (no sé cual) que he recorrido
ya por última vez, indiferente
y sin adivinarlo, sometido
(…)
Hay en el Sur más de un portón gastado,
(…)
que a mi paso está vedado…

Gogoan zaitugu, Julian. Beti maite izango zaitugu.


Juan Carlos Peral
UPV/EHUko Analisi Matematikoko katedraduna eta Julianen laguna