euskaraespañol

Itziar Rekalde eta Julieta Barrenechea

Ocean i3, ozeanoarekin konprometituta dagoen mugaz gaindiko komunitate bat

UPV/EHUko Ocean i3 proiektuaren koordinatzaile akademikoa eta Euskampus Bordeaux Campuseko Ocean i3 proiektuaren arduraduna, hurrenez hurren

  • Cathedra

Lehenengo argitaratze data: 2021/06/17

Julieta Barrenechea eta Itziar Rekalde
Julieta Barrenechea eta Itziar Rekalde. Argazkia: Nagore Iraola. UPV/EHU.

Egunero, itsaso eta ozeanoak plastikoz kutsatuta daudela entzuten dugu. Inor ez dute epel uzten itsasoan barrena noraezean dabiltzan plastiko-uharteen irudiek, eta are gutxiago animaliak plastikozko botilez eta beste hondakin batzuez inguratuta erakusten dituztenek. Irudi horiek ikusitakoan sentitzen dugun ingurumenarekiko eta planetaren osasunarekiko erantzukizunak unibertsitate-komunitatearen konpromisoa, inplikazioa eta jarduna bultzatzeko balio du, zalantzarik gabe.

Ocean i3 (Oi3) proiektua hezkuntza-berrikuntzarako ekimen bat da. Euskampus Bordeaux Mugaz Gaindiko Nazioarteko Bikaintasun Campusaren aliantza estrategikoaren esparruan garatzen da, eta UPV/EHUko unibertsitate-komunitateak eta Bordeleko Unibertsitatea(UB)  biltzen ditu. 2018-2019ko ikasturtean hasi zen, esperientzia pilotu gisa eta, 2020tik, Eskualde Garapeneko Europako Funtsak (FEDER) finantzatzen du.

Oi3 ekimenak IKD i3 izeneko UPV/EHUren hezkuntza-eredu propioaren gakoak hartzen ditu barnean. Eredu horretan, ikaskuntza, ikerketa eta iraunkortasuna konbinatzen dira, eta Nazio Batuen Garapen Jasangarrirako Agendaren balioak integratzen, zeinak 2030 EHUagenda dokumentuan eta Bordeleko Unibertsitateak 2030erako (U30) duen plan estrategikoaren parte den trantsizioen orrian (ingurumenekoak eta sozialak) jasota baitaude. Horrela, unibertsitate horien lana planetaren eta pertsonen erronka handiekin lerrokatzen da.

Bi unibertsitateetako ikasleek, irakasleek lagunduta, jasangarritasunerako hezkuntza-esperientzia bat bizitzen dute. Esperientzia hori, nagusiki, prestakuntza intentsiboko unibertsitate arteko ibilbide bat da, diziplinartekoa, eleaniztuna eta kulturaniztuna, eta, haren harira, jasangarritasunerako zeharkako gaitasunak garatzen dira, Euskal Herriko eta Akitaniako mugaz gaindiko itsasertzeko eragile sozialek proposatutako eta itsasoko plastikoen arazoarekin lotutako benetako erronketan inplikatzen baitira.

Ikasleen lana bost tailerretan antolatzen da. Tailer horietan, unibertsitate arteko taldetan banatzen dira ikasleak, zenbait eragile sozialek proposatutako erronka baten inguruan (esaterako, Surfrider, Kutxa Ekogunea, Rivages ProTECH, GAIA, UNSS64 eta CAPB).

Oi3 prestakuntza-ibilbideak ikasteko partaidetza-dinamikak erabiltzen ditu. Horrela, ikasleek, taldetan banatuta, hainbat ekintzak egiten dituzte: a) proposatu zaien erronka/arazoa zenbaterainokoa den elkarrekin zehaztu; b) kolektiboki eta diziplinartean proposamen egingarriak, zehatzak eta neurgarriak diseinatu; eta c) erronka horietan eragina duten lurralde-eragileekin adostutako emaitzak eskaini (ekintza-planak, azterlanak, prototipoak, esku-hartze zehatzak, etab.), Euskal Herriko eta Akitaniako mugaz gaindiko itsasertzean plastikoak murrizten laguntzeko.

Berrikuntzarako proiektuaren ikuspegiari esker, bi unibertsitateetako graduko eta graduondoko ikasleek har dezakete parte, hainbat bidetatik (gradu- eta master-amaierako lanak, borondatezko praktikak, irakasgaiko proiektuak, doktorego-tesiak, etab.). Gradu ugaritako ikasleek hartzen dute parte (Zuzenbidea, Publizitatea, Psikologia, Enpresen Administrazio eta Zuzendaritza, Erizaintza, Pedagogia, Biologia, Ingeniaritza Kimikoa, Frantses Filologia, Kirolaren Zientziak, Kriminologia, etab.), baita masterretakoek ere (hala nola UPV/EHUren Eleaniztasuna eta Hezkuntza, eta Gizarte eta Hezkuntzako Eremuen Ikerketa) eta UBren Ekotoxikologia doktoregokoek.

Horrela, jasangarritasunak berekin dakartzan erronkei aurre egiteko beharrezkoak diren gaitasunak baliatzeko aukera ematen dio Oi3 ekimeneko komunitate osoari (ikasleak, irakasleak eta gizarte-eragileak); besteak beste, erronka hauei: arazo konplexuak ulertzea eta konpontzea, arazoei aurre egiteko sormena eta ikuspegi orokor eta integratzailea aplikatzea, eta testuinguru eleaniztun eta kulturartekoetan komunikatzen jakitea.

Oi3 ekimeneko ikasle, irakasle, gizarte-eragile eta gainerakoentzat onuragarria da ezagutza handiko eta esku hartzeko komunitate zabal batean parte hartzea. Komunitate horretan, hainbat arlotako adituek elkarlanean dihardute, eta beren jakintza eta esperientzia eskaintzen dituzte, UPV/EHUko eta UBko ikasleen ekintzak eta ekoizpenak zuzenduz.

Orain arte lortutako emaitzak

Hiru ikasturteetan (2018-2019, 2019-2020 eta 2020-2021) 98 ikaslek hartu dute parte, eta 90 produktu akademiko indibidual sortu dituzte (gradu-amaierako lanak, master-amaierako lanak…). Halaber, mugaren bi aldeetako 34 lurralde-eragilek elkarlan estuan jardun dute proposatutako erronkak elikatu dituzten diziplinarteko 14 lan kolektibo eta eleaniztunetan. Gainera, borondatezko praktikak egiteko sinatu diren 27 kontratuek eragina izan dute ekonomia urdinari lotutako mugaz gaindiko erakundeetan, eta ikasleen enplegagarritasunerako aukerak areagotu dituzte.

Bestalde, 2019-2020ko ikasturtean, hezkuntza-berrikuntzarako nazioarteko unibertsitate arteko irakasle talde bat eratu zen, 30 bat irakaslez osatua eta urtero berritzen dena. Hezkuntza Berrikuntzarako Oi3 Campusa proiektua du izena; UPV/EHUko Hezkuntza Aholkularitza Zerbitzuaren bermea du, eta proiektuan garatutako ekintzak irakasleek eurek ikertzea du helburu, baita eurek hausnartzea eta erabakiak hartzea ere proiektua bideratzeko.

Azkenik, nabarmendu behar da Dream (eleaniztasuna eta kulturartekotasuna) eta IkasGura (goi-mailako hezkuntza) ikerketa-talde egonkorrek hizkuntzen erabilera eta zeharkako gaitasunak garatzeko prozesuak monitorizatzen dituztela, eta haien aurkikuntzek Oi3 ekimenean aldaketa bideratzeko eta hura etengabe hobetzeko laguntza jasotzen dutela.

Oi3 benetan eta modu esanguratsuan ikasteko ingurune bat da ikasleentzat, bertan dakitena, egiten dakitena eta izaten dakitena uztartu behar baitute eta haien erabakiek eta ekintzek aztarna uzten baitute itsasoaren ongizatean.

Proiektuari buruzko informazio gehiago jasotzeko:

- https://www.oceani3.com

- https://oceani3.wixsite.com/oceani3/materiales

- https://www.sudouest.fr/lachainetv7/emissions/cap-sur-leuroregion/videos/2021/04/22/q0mzxlk

- https://www.sudouest.fr/2019/03/18/le-fil-bleu-de-l-ocean-5906925-6527.php?nic

- https://www.sudouest.fr/politique/education/pays-basque-l-ocean-franchit-les-frontieres-malgre-le-covid-19-1929203.php