euskaraespañol

Ocean Sampling Day 2019

Euskadiko itsasoko uraren bi lagin mundurako

  • Albisteak

Lehenengo argitaratze data: 2019/06/21

Irudia
Ocean sampling day. Argazkia: Mikel Mtz. de Trespuentes. UPV/EHU.

Ostiralean, ekainak 21, udako solstizioarekin bat eginez, itsasoa ikertzen duten mundu osoko hainbat erakundek planeta osoko itsasoetako 200 laginketa estaziotako baino gehiagotan lagin biologikoak bildu dituzte aldi berean.

UPV/EHUren Plentziako Itsas Estazioak (PiE-UPV/EHU) hirugarrenez hartu du parte ekitaldian. Aurten, bi lagin hartu ditu, Plentziako Itsas Estazioaren parean bata, eta Getxoko Kirol Portuaren ondoan bestea.

“Ekimen honen helburua planeta osoko itsasoetako mikrobio bioaniztasuna aztertzea da, estandarizatutako laginketa teknikak eta bioaniztasuna aztertzeko sekuentziazio geniko eta genomikoko metodoak erabiliz. Egun bakarrean mikroorganismoak ezaugarritzeko egindako ahaleginik handienaren beste edizio bat da. 2014. eta 2015. urteetan egin zen lehen aldiz”, azaldu du Ibon Canciok, Plentziako Itsas Estazioko eta UPV/EHUko Zientzia eta Teknologia Fakultateko ikertzaileak.

Jardueraz itsasoa ikertzeko Europako azpiegitura EMBRC-ERIC arduratu da –Plentziako Itsas Estazioa erakunde horretako kide da–.

“Azpiegitura batek koordinatuz gero, jarduerak urte luzez iraungo duela bermatu ahal izango da, itsasoko ekosistemen bilakaera hobeto ezaugarritzeko eta jarraitzeko. Aurtengo kanpainak itsasoko dibertsitatearen behatoki genomikoak ezartzen lagunduko du, mundu osoko itsasoetako datuak eta biodibertsitatearen eta mikrobio funtzioak ozeanoetan duen eraginari buruzko ikerketa uztartuz”, azaldu du Canciok.

Argibide gehiago, web orri honetan: http://www.assembleplus.eu/research/ocean-sampling-day-2019

2014ko kanpainaren emaitzak, Armintzan egindako laginketari dagozkionak: https://www.ebi.ac.uk/metagenomics/studies/ERP009703