Olatu-energiaren bihurgailuak ez daude doituta azken mendean gertatutako energia-igoerara

Irlandako itsas energiak XX. mendean izandako bilakaera aztertu dute UPV/EHUn, bihurgailuak nola doitu beharko liratekeen zehazteko asmoz

  • Ikerketa

Lehenengo argitaratze data: 2018/07/19

Olatu-energiaren bihurgailuak diseinatuta daude egongo diren kokapenean ahalik eta energia gehien ateratzeko, eta urte tipikoak hartu ohi dira erreferentziatzat olatu-energiak zehazteko. UPV/EHUko Eibarko, Bilboko, Leioako eta Plentziako ikastegi eta zentroetako ikertzaile-talde batek, ordea, energia-iturri horrek azkeneko mendean Irlandan izandako bilakaera aztertu du, Irlandako Itsas Energia Ikertzeko Zentroarekin elkarlanean. Emaitzen arabera, % 40 ere egin du gora itsas energiak. Eta horrek eragin zuzena du bihurgailuen eraginkortasunean.

Olatu-energiaren bihurgailuak ez daude doituta azken mendean gertatutako energia-igoerara
Alain Ulazia UPV/EHUko Eibarko Gipuzkoako Ingeniaritza Eskolako irakaslea. Argazkia: UPV/EHU

Olatu-energiaren bihurgailuak berariaz diseinatzen dira izango duten kokapenean ahalik eta errendimendu handiena izateko, hau da, ahalik eta elektrizitate gehien sortzeko inguruan duten olatuen mugimendutik. Diseinu eta doiketa hori egiteko, iraganeko datu historikoei erreparatzen diete, olatuek orduan izandako altuera eta periodoa ezagutzeko. “Kontuan hartzen den urte-tartea, ordea, nahiko motza izan ohi da, eta, gainera, aldi horretako urte tipikoa hartzen da aintzat, hau da, urte tipiko horretan bihurgailuak izango lukeen portaeraren arabera doitzen dira”, azaldu du Alain Ulazia UPV/EHUko Eibarko Gipuzkoako Ingeniaritza Eskolako irakasleak.

Klima-aldaketaren eraginez tenperatura eta beste aldagai meteorologiko asko aldatu diren heinean, epe luzeko azterketa egiteari ekin zioten Ulaziak eta UPV/EHUko beste bi ikertzaile, IN eta Jariakinen Mekanika eta Fisika Aplikatua II sailekoak eta Plentziako Itsas Estaziokoak, Irlandako Itsas Energia Ikertzeko Zentroarekin elkarlanean. “Aurretik Bizkaiko Golkoan eginda genuen ikerketa Irlandan egin genuen oraingoan. Irlanda bereziki energetikoa da olatu-energiaren ikuspuntutik, eta energia hori baliabide gisa aztertu nahi izan genuen. Simulazio bidez kalkulatu genuen nola erantzungo ziokeen bihurgailu batek azkeneko mendeko energia-mailari, 20 urteko tarteetan banatuta, 20 urteko balio-bizitza baitute bihurgailuek, batez beste”, zehaztu du.

Horretarako, Europako Klima eta Eguraldi Agentziaren (ECMWF) bi datu-base izan dituzte informazio-iturri: ERA-Interim eta ERA20. Biak ala biak erreanalisiak dira, hau da, behaketa eta neurketa asko iturri dituzten datu-baseak, sare espazialak, eta serie tenporal luzeak ematen dituzte sare horretako sare-begi bakoitzerako, kokapen bakoitzerako, alegia. ERA-Interim da ezagunena, izugarrizko datu-iturri piloa duelako, sateliteen datuak barne, baina haren muga da “azkeneko 40 urteetako datuak baino ez dituela —argitu du Ulaziak—. ERA20k, berriz, askoz datu gutxiago ditu iturri, eta irregularragoa da toki-kopuruari eta denborari dagokionez, baina XX. mende osoko datuak ditu jasota”.

Beren ikerketan, bata bestearekin kalibratu dituzte datu-baseak, biek dituzten garai bereko datuak baliatuz. Ondoren Atlantikoko buien neurketekin baliozkotu dituzte, eta, Ulaziak  esan bezala, “ondorioztatu dugu datuak onargarriak direla, ontzat jo daitezkeela. Horrenbestez, bihurgailuek zer energia-mailatan jardun beharko zuketen simulatu ahal izan dugu”.

% 40 gora olatuen energiak

Olatu-energiaren bihurgailuen 20 urteko batez besteko balio-bizitza erreferentziatzat hartuz, 20 urteko bost tartetan banatu zuten aurreko mendea, eta bihurgailuen doiketa epealdi horietako bakoitzari zegokion energia-mailaren arabera egin zuten. “Lehenengo denbora-tartetik azkenekora % 40  baino gehiago egin du gora itsasoko olatu-energiak, eta, azkeneko 20 urteetan egin du gora gehien (% 18) —nabarmendu du ikertzaileak—. Ez gara sartu igoera hori zerk eragin duen aztertzera, baina hipotesi nagusiena litzateke klima-aldaketa dagoela atzean.”

Olatuen energian halako gorabehera handiak egoteak eragin zuzena du bihurgailuen errendimenduan, eta ikerketan ikusi dute “bihurgailuek ez dutela bihurtu eskura zuten energia guztia, eta, gainera, itsasoko muturreko gertaerak, zazpi metrorik gorako olatuak edo El Niño bezalako fenomenoak, adibidez, maizago izan direnez mendeak aurrera egin ahala, bihurgailuek ere gehiagotan sartu behar izan dute segurtasun-egoeran, eta energia produzitzeari utzi itsasaldi horrek iraun bitartean”, dio.

Lortutako informazio hori guztia bihurgailuen diseinua optimizatzeko balio beharko lukeela deritzo Ulaziak: “Horrelako gailuak olatuen altuera eta periodoaren arabera optimizatzen direnez, doitu egin beharko litzateke haien diseinua gero eta energetikoagoak diren kondizioetan ahalik eta errendimendu handiena izan dezaten”.

Informazio osagarria

UPV/EHUko hiru ikertzaile aritu dira ikerketa honetan: IN eta Jariakinen Mekanika saileko Alain Ulazia eta Gabriel Ibarra (lehenengoa Eibarren eta bigarrena, Bilbon) eta Fisika Aplikatua II saileko Jon Sáenz. Ibarra eta Sáenz, gainera Plentziako Itsas Estazioko ikertzaile ere badira. Irlandako Itsas Energia Ikertzeko Zentroarekin elkarlanean egindako ikerketa bat izan da, makinak simulatzeko duten esperientzia dela-eta, besteak beste. Bertako Markel Peñalba euskalduna izan da lankideetako bat.

Erreferentzia bibliografikoa