euskaraespañol

Omenaldia Iñaki Reguera eta José Ángel Lema irakasleei

  • Kronika

Lehenengo argitaratze data: 2022/11/18

José Antonio Munita, María Rosario Porres, Belén Bengoetxea, María Isabel Muguruza eta Ander Salinas
Ezkerretik eskuinera, José Antonio Munita, María Rosario Porres, Belén Bengoetxea, María Isabel Muguruza eta Ander Salinas | Argazkia: Nuria González. UPV/EHU.

Letren Fakultateko Areto Nagusian omenaldi sentibera egin zitzaien zendu berri diren bi irakasleri, Iñaki Reguera eta José Ángel Lemari. Lankideak eta ikastegiko langileak bildu ziren ekitaldian, eta bertan izan ziren, besteak beste, Belén Bengoetxea, UPV/EHUko Letren Fakultateko dekanoa; María Isabel Muguruza Roca, UPV/EHUko Filologia eta Historia Saileko zuzendaria; María Rosario Porres Marijuán, UPV/EHUko irakasle erretiratua eta Iñaki Reguera irakaslearen lankide eta laguna; Andrea Grande, UPV/EHUn Reguera irakaslearen ikaslea (era birtualean); José Antonio Munita Loinaz, UPV/EHUko irakasle erretiratua eta José Ángel Lema irakaslearen lankide eta laguna; eta Ander Salinas, doktoregaia eta Lemaren ikaslea.

María Rosario Porresek Iñaki Reguerarekin izandako harremanetik bildutako oroitzapenak partekatu zituen, eta zera nabarmendu zuen: “Historialari ona izatetik harago, gizaki bikaina ere bazen.  Eta, azkenean, gizaki onenek uzten dute arrastorik handiena, hutsune sentsazioa eta malenkonia. Finean, uste dut hazteak, bizitzeak dezepzioak pilatzea ere badakarrela berekin; baina, batez ere, ordeztu ezin daitezkeen hutsuneak pilatzen ditugu denboraren poderioz. Eta ziur nago Iñaki ezagutu genuen guztiek (lankideek, ikasleek, doktoregaiek, artxibozainek, liburuzainek…) gauza bera pentsatuko dugula: hutsune handia utzi digu, eta zorionekoak izan gara ibilbide profesional zein pertsonalean tarte bat bada ere berarekin partekatzeko aukera izan dugulako”.

Antonio Munita ere antzera mintzo zen José Ángel Lema lankidearekin urte luzez izandako harremanari buruz. “Lankide eta lagun on izan nuen José Ángel. Lankideon aburuz, ikertzaile bikaina izan zen, baina, batez ere, pertsona zoragarria. Ikasleek irakasle berezi eta ezohiko gisa oroituko dute beti. Azken batean, bizitzak ematen dizkigun lezio gogor horietako bat izan da José Ángelen bat-bateko heriotza. Izan ere, hurbilekoak desagertuz doazen neurrian, konturatzen gara zein ahula den gure existentzia, eta ohartzen gara ez dagoela munduko ezbehar hutsalekin denbora galtzerik”.

Omenaldia amaitzeko, musika emanaldi atsegina eskaini zuten Agustí Coma Alabert (biolina), Edurne Suso Nadador (biolina), Edurne Suso Nadador (biolina) eta Estitxu Oraá Martínez (biolontxeloa) musikariek.