euskaraespañol

Antonio Altarriba

Komikiaren hastapenak eta ahaidetasunak

Frantziar literaturako katedraduna

  • Cathedra

Lehenengo argitaratze data: 2020/01/13

Antonio Altarriba
Antonio Altarriba. Argazkia: Nuria González. UPV/EHU.
Artikulu hau jatorriz The Conversation argitalpenean aurki daiteke.

Komikia fenomeno kultural berezi bat da: orain dela oso gutxi arte, ez zuen ia interes akademikorik pizten. XIX. mendean izan zuen tonu satirikoa eta karikaturazko joera dela eta; edo XX. mendean izan zuen haur izaera, maiz moralizatzailea, dela eta; edo 1930 eta 1960 artean lortu zuen ospea –arrunkeria ahaztu gabe– dela eta, zokoratu egin dute diziplina guztiek, nahiz eta askorekin antzekotasunik izan; izan ere, erlazioa du literaturarekin, marrazketarekin, pinturarekin, grabatuarekin, kazetaritzarekin eta zinemarekin. Are antzerkiarekin, diseinuarekin eta arkitekturarekin ere.

Halako familia prestigiotsuak ez du zurztasun kontzeptual luzetik libratu; aitzitik, hori ekarri dio. Joan den mendeko 60ko hamarkadan, orduantxe hasi zen Europan ondare hori berreskuratzeko eta lehen aldiz katalogatzeko mugimendua, eta ikusi zen izugarri handia zela. Eta, izugarri handia ez ezik, eragin handikoa ere, zenbait belaunaldiren iruditeria osatzen baitu.

Noizbehinkako tradizio teorikoko berrogeita hamar urteotan aurrera egin da, aztergaia bere gorabehera ospetsuek iradokitzen dutena baino konplexuagoa dela egiaztatzeko adina. Gakoetako batzuk ez ezagutzeak eztabaida sutsuak eta desadostasunak eragiten ditu –batzuetan, are sektarismoa ere–, eta analisi ereduak ezartzea zailtzen du.

 

Komikia, komunikazio bide

«Espezialista» askok oraindik ere ez dakigu zer den eta nola funtzionatzen duen, ezta non hasten eta non amaitzen den ere. Hain zuzen ere, hamarkadak daramatzagu bere hastapenei buruz eztabaidatzen, eta nabariak dira desadostasunak. Kronologia desakordioaren iturrietako bat da, baina ez bakarra. Askok uste dute komikia literatura «genero» bat dela, are «azpigenero» bat ere, polizia nobelaren, zientzia fikzioaren eta kontsumo handiko beste edozein narrazio formaren artekoa.

Bikain bereizitako komunikazio bide baten aurrean gaude, zinema, pintura edo literatura bezala. Haren barruan, generoak, azpigeneroak, tonuak, estiloak, eta abar daude. Hori horrela, askotariko komikiak ditugu: umorezkoak, erotikoak, sentimentalak, abenturakoak, beldurrezkoak, fantasiakoak... Baina baita poetikoak, historikoak, filosofikoak, kazetaritzakoak, biografikoak, autobiografikoak, esperimentalak eta, besterik gabe, sailkaezinak ere.

Kode bati, gramatika piktografiko bati, erretorika eskriptoikoniko bati, nahasketa lexikografiko bati jarraikiz daude kontatuta denak, eta horrek guztiak originaltasuna ematen die, baita irakurgarri egin ere. Antza denez bere jatorrian duen hitz eta irudi nahasketa askotariko proportzioetan konbinatzen da, bakoitza ñabarduraz betea dago eta, gainera, deklinagarria da obren edo egileen arabera. Komikiaren «sistema» ez dago inondik inora kartografiatuta.

 

Zerk osatzen du komiki bat?

Zehaztugabetasun teorikoak historikoa dakar. Ez badakigu zer den, nekez zehaztu ahal izango dugu noiz hasi den edo nola eboluzionatu duen. Eta, zalantzarik gabe, bere funtsa ezagutzetik edo bere mugen zurruntasuna edo malgutasuna zehaztetik oso urrun gaude oraindik. Izan ere, komikia «irudi marraztuen bidezko kontakizun» gisa besterik gabe definitzeak ere badu objekziorik. Eta irudiak ez badaude marraztuta, baizik eta harrian landuta, egurrean grabatuta, oihalean brodatuta, zeramikan inskribatuta, burdinan forjatuta, beiran moztuta, mihisean margotuta...?

Errekonozimendu artistikoaren bila dagoen bide batentzako paradoxa badirudi ere, komikiaren adituek irizpide murriztaileekin mugatu dute bere eremua, eta kanpo utzi dituzte bidea aberastuko luketen obrak, ekar lezaketen prestigioa gorabehera. Edo ulertzen lagunduko luketenak, behinik behin.

Irizpideok murriztaileak direlako frogarik onena komikiei oraindik ere gehienbat eman ohi zaien jatorriak ematen du. Irudi marraztuen bidezko kontakizun bat izatea ez da nahikoa. Modu inprimatuan sortu behar dira, gainera. Sekuentzialki antolatu behar da bata bestearen ondoko espazio figuratiboetan, espazio orokor baten barruan (orrialde bateko binetak). Testua «autografo» estiloan sartuta egon behar da. Elkarrizketak bunbuilotan aurkeztu behar dira, narrazioak nahikoa izan behar du, bineten arteko raccordak kausaltasun erlazio ulergarriak eskaini behar ditu...

Gainera, bada baldintza osagarriak gehitzen dituenik; esaterako, hedapen masiboa edo entregen protagonista finkoa.

Eskakizun horiek guztiek hipotesi –injustua, absurdua baino gehiago– batera garamatzate; hots, komikia 1896ko urriaren 25ean jaio zela Richard Felton Outcault marrazkilariak Yellow Kid bere pertsonaia bunbuilotan hitz egiten jarri zuenean New York Journal egunkari estatubatuarreko orrialdeetan. Eta hori –ikusi adibidea, «The Yellow Kid and his New Phonograph»–, benetan eta amaierako gag gisa, loro bat ezkutatzen zuen fonografo bat imitatuz.

 

Hainbat aditu, hainbat hastapen

Azken urteetan, komikiaren ildo historiografikoak erlatibizatuz joan dira, bere jaioteguna izan daitekeena atzeratuz.

1994an, Thierry Groensteenek eta Benoît Peetersek, ‘L’invention de la bande dessinée’ liburuan, funtsezko rola ematen diote Rodolphe Töpffer suitzarraren irudiari, eta 1830aren bueltan kokatzen dute asmakizuna.

2009an, Thierry Smolderenek ‘Naissances de la bande dessinée’ liburuan –«jaiotzak» pluralean–, William Hogarth hartzen du abiapuntu, komikian zeharreko ibilbidea egiteko, 1732an hasten dena.

Eta hastapenen berrikuspena ez da hor geratzen. Azken urteetan, David Kunzle aditu iparamerikarraren obra gero eta gehiago onartzen ari da erreferentziatzat. Eta 1973an argitaratu zuen ‘The History of the Comic Strip’ liburuaren lehen bolumenak 1450 zehazten du narratiba grafikoaren abiapuntutzat.

 

Bere garaiko emaitza

Hastapenok bereizten dituzten ezberdintasun kronologikoak eta kontzeptualak gorabehera, harritzekoak dira zenbait berdintasun argumentatibo. Hipotesi guztiek dute funtsean testuinguru sozial, kultural edo, besterik gabe, tekniko bat. Komikiak bere eboluzio bidea izango ez balu bezala, bere adierazpenak azalduko lukeen dinamika propioa izango ez balu bezala, aipatutako teorialariek garrantzi historiko handiagoko gertakizunetatik abiatuta azaltzen dute komikiaren hastapena.

Hori horrela, 1896a melting potaren une gorenari dagokio, XX. mendeko potentzia gailenaren sorburu izan zen arragoa kulturalari. Ikuspegi horretatik, dimentsio bereziki estatubatuarra hartzen du komikiak, eta, bere istorio soil eta ikusizkoekin, jatorri eta hizkuntza askotariko biztanleria bat kohesionatzen laguntzen du.

Töpfferrek eta 1830ak argazkilaritzaren sorrerarekin batera kokatzen dute asmakizuna, pinturako irudikapen figuratiboaren krisian eta, modu orokorragoan, industria iraultzaren babespean.

Hogarth, 1732an, gorantz doan klase burgesaren bultzadaren eta Ilustrazioaren espiritu oso kritikoaren pean dago.

Eta zer esan 1450az, Kunzlek proposatutako dataz? Orduan hasi zen modernitatea Europan, baita inprenta ere.

 

Labar pinturetatik Asterixera

Gérard Blanchard-ek ‘Histoire de la bande dessinée’  (1969) liburuan irekitako ildoa are anbiziotsuagoa da. Azpitituluak iradokitzen duenez («une histoire des histoires en images de la préhistoire à nos jours»), aintzat hartutako aldi kronologikoa nabarmen handitzen da. Garai bakoitzaren berezko ezberdintasun tematiko eta materialekin, Blanchardek hari etengabe bati jarraitzen dio, labar pinturetatik gaur eguneraino.

Arte plastikoen zati handi bat komikiaren esparruari anexionatzeak –ez dirudi hain zentzugabea «narrazio figuratiboari», «piktograma narratiboari», «kontakizun ikonografikoei» buruz hitz egiten badugu– arazo asko dakartza. Obren eta analisi moduen arteko «estatus» talka dakar –Trajanoren zutabea / Asterix, Bayeuxko tapiza / Prince Valiant, Boticelli / Hergé, Goya / Milton Caniff…–, baina baita eremu ezin zabalago bat zorroztasunez aztertzeko behar diren eskumenak eskuratzea ere.

 

Tokirik ez UNESCOren kategorietan

Gaur egungo ezagutza arloen eraketan, UNESCOk sailkatzen dituen moduan, ez dago tokirik «irudien bidezko kontakizuna» aniztasun osoan aztertuko duen diziplina batentzat. Ugaritasuna eta historian zehar iraun izana gorabehera, edozein hurbilketa partziala da, zatikatua, nolabait mutilatua eta, jakina, ez du tokirik ikuspegi orokor batean.

Nolanahi ere, diziplinartekotasun eta ikasketa horizontearen etengabeko zabalkuntza ez dira beste adierazpen modu batzuetarako oztopo izan.

Literaturak maitekor eta harmoniaz besarkatzen du epika, lirika, narratiba eta dramaturgia, baina, horiez gainera edo horien barruan, libeloa, polizia intriga, amodio poesia, saiakera, eta abar ere bai. Bai eta satira, ironia, esperpentoa, eta abar ere. Ez da garrantzitsua «testu» aniztasun hori idatziz edo ahoz, eskuz idatzita edo inprimatuta, pergaminoan edo paperean, biribilkian, liburuan edo pantailan aurkezten den, masiboki saltzen den edo modu konfidentzialean banatzen den... Euskarria, formatua, birsortzeko teknika, tirada, eta abar bigarren mailako gaiak dira literaturaren teorialariarentzat. Bere aztergaia hitza da, sormenezko erabilera guztietan, eta, azken batean, argitaratuta egoteak edo ez egoteak ia ez du garrantzirik.

Bada, ia komikigile batek ere ez du zalantza egingo original argitaragabe batzuk komikiak ez direla baieztatzeko orduan. Ez, ez badaude argitaratuta eta behar bezala hedatuta. Erreprodukzioaren gorabeherek ekoizpenekoek baino garrantzi handiagoa dute hemen. Hain zuzen ere, komikiaren historialari gehienek aldagai inprimatuak hartzen dituzte kontuan jaiotze ziurtagiria emateko edo ukatzeko. Inprenta Kunzleren kasuan, grabatu sorta Hogarthen kasuan, albuma Töpfferren kasuan, eguneko prentsa Outcaulten kasuan...

 

Inprimatuak eta argitaratuak

Estanpazio prozesua garrantzitsuagoa da irudien bidezko kontakizun bat izatea –agerikoa eta, printzipioz, definigarriagoa– baino. Erreproduzitzeko mekanikari buruzko ideia finko horrek komikiaren kritikaren kontraesan sakona azaleratzen du. Izaera artistikoa aldarrikatzen du eta, aldi berean, bere izaera industriala behar du –erreproduzigarritasunaren gorabehera teknikoak– aintzatesteko.

Original bat –paperean, pantailan edo beste gainazal batean– marraztutako binetetan zatikatuta komiki bat da jada. Irakurlearen begiek zentzua emango diote, hartzearen zirkunstantzien arabera, baina bere komiki funtsa sortzearen unetik bertatik dago inskribatuta. Izan ere, askok aldarrikatzen badute ere, hemen bitartekoa –are gutxiago inprimatzeko teknika– ez da mezua. Eta ez badu ikusleria masiborik behar –titulu gehienak tirada murriztuetan mantentzen dira–, ezta are inprimatuta erreproduzitzea ere, azterketa esparrua modu aberasgarrian irekitzen da.

Azken batean, «aditu» nahasi eta, gutxienez, zatikatuek hartuko dugun erabakiaren mende dago dena. Alde batera utzita materialak, euskarriak eta hedatzeko kopurua, irudien bidezko kontakizun bat bere nortasunean eta adierazkortasunean antzeman daitekeen figurazio batek eraikiko du beti, eta horrek eboluzionatu egingo du espazio bateko edo zenbaitetako bigarren mailako prozesu baten arabera. Horra hor bere funtsa. Hori besterik ez du behar narrazioak trazu, forma eta koloreetan zehar zabaltzeko The Conversation